Arabako Iruña argitzeko batzordearen izenean. Koldo Urrutia

Arabako Iruña eta XIX. mendeko medikuntza

2010eko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Gangeria (kolera) izurri handi batek jo zuen Araba 1855. urtean. Gasteizen hainbat neurri hartu zen. Nahiz eta gangeriaren sintomak ezagunak izan garai horretan (beheranzkoak, gonbitoak, sukarra eta min abdominalak), ez zegoen gaixotasun honi aurre egiteko tratamendu eraginkorrik, mota askotako teknikak erabiltzen zirelarik: odola ateratzea, libratzaileak, te edo belar bedeinkatuko (valeriana) infusioak, kataplasmak, baita izainak (sangijuelak) eta bentosak ere.

Gaixotasun hau pairatu zuen 8.276etatik 2.457 hil egin zen. 1884. urtean, Robert Koch-ek gaixotasun hau sortarazten zuen gaixotasuna deskubritu eta beranduago txertoa sortu zen. Horrek, higienearekin, uren potabilizazioarekin eta saneamendu sistemekin batera gaixotasuna desagerrarazten lagundu zuen.

155 urteotan medikuntzan erabiltzen diren metodoak errotik aldatu dira. Gaur egun, pazienteen sintomak aztertzeaz gain, analitikak ere egiten dira, odol, gernu eta abarren bidez. Horiei esker, glukosa nola dagoen jakin dezakegu, mineralak, etab. Adibidez, Santiagon edo Txagorritxun zirujau batek paziente bati ebakuntza egin beharko balio, pentsaezina litzateke analitikarik gabe egitea.

Arkeologian egoera ere nahiko egoera eskasean zegoen. Adibidez, Bruno Meissmer frantziarrak 1846 urtean Asiriari buruzko ikerketak argitaratu zituenean, teknika arkeologiko bakarra lurra ateratzea zen, zerbait topatu arte.

Baina arkeologian, medikuntzan bezala, aurrerapenak izugarriak izan dira. Indusketei dagokionez, Edward Harris arkeologoak, Bermuda Maritime Museumeko zuzendariak Harris matriz metodoa asmatu zuen, gaur egun gehien erabiltzen dena. Metodo horretan indusketa egitean sortzen diren estratu edo geruzak kontuan hartu behar dira. Izan ere, askotan zer aurkitzen den baino, non aurkitzen den garrantzitsuagoa delako. Edwar Harrisek txosten bat egin du Eliseo Gilen taldearen lana ontzat emanez.

Beste aldetik, azterketa analitikoak, orain dela 155 urte pentsaezinak zirenak, gaur egun arkeologiaren oinarri bihurtu dira. Eta diziplina zientifiko berri gisa gorpuztu da arkeometria izeneko diziplina berri hau, metodo fisiko eta kimikoen bidez indusketa arkeologikoetan aurkitutako objektuak datatzen dituena. Ikerketa horien barruan sedimentologia, botanika, arkeozoologia, antropologia eta materialen azterketa sakona daude. Eta, horiez gain, arkeomagnetismoari, erradiokarbonoari, termoluminiszentziari eta errehidroxilazioari ere esker, material arkeologiko bat noizkoa den jakitea erraza eta merkea da.

Munduan arkeometria laborategi gutxi dago. Baina, orain 3 urte Arabako Foru Aldundiak Arabako Iruñan aurkitutako ostrakak egiazkoak ziren ala ez jakiteko batzorde bat sortu zuenean, batzorde horrek ez zituen bidali nahi izan ostrakak laborategi hauetara,Eliseo Gilek eskatu zuen moduan.

Egindako txosten guztiak ostrakek eskaintzen zituzten «sintomen» gainean egin dira. Medikuntzan bezala, sintomak garrantzitsuak dira pazienteak zein gaixotasun duen jakiteko, baina, analitikarik gabe, erratzea erraza da. Batzordeko kidea zen Henrike Knorrek zioen moduan lehendabizi arkeologoek ostrakak datatu behar zituzten, eta gero etorriko lirateke hizkuntzalaritza, historia… Santiagon eta Txagorritxun bezala, medikuak, analitiken emaitzak ikusi eta gero, baina inoiz ez lehenago, gaixotasuna zehaztu eta behar den tratamendua erabakitzen duenean.

EHUk arkeometria laborategirik ez edukitzea, ez zen ostrakak beste unibertsitateetako laborategira ez bidaltzeko arrazoia izan behar. Eman dezagun paziente batek gaixotasun arraro bat duela eta Gasteizko medikuek, gaixotasun hori tratatzeko gai ez direnez, esan diotela ezin dela ezer egin; eta ezkutatu diotela Estatu Batuetan gaixotasun hori tratatzen dutela. Ez litzateke etikoa izango, ezta? Gainera, ostrakak datatzea oso merkea da, 15.000 euro balio du, Estatu Batuetan gaixotasun arraro horiek tratatzeko gastatu behar den dirua baino askoz gutxiago.

Batzordeko kidea zen Madariaga kimikariak zenbait analisi kimiko egin zituen, eta, horien ondorioz, ostrakak faltsuak zirela esan zuen Batzar Nagusietan, osagai kimiko moderno bat zutelako. Osagai hori, hurrengo egunean Eliseo Gilek argitu zuen moduan, apurtutako ostrakak itsasteko erabiltzen den kola zen. Gertaera hau oso larria izan zen, eta agerian utzi zuen batzordeko kide askoren maila baxua, besteak beste behin eta berriz esan dutelako datazioak ez direla egin behar.

Nahiz eta Aldundiak ez duen 15.000 euro gastatu nahi, ostrakak faltsuak ala benetakoak diren jakin dezagun, beste erakunde batzuek kontrakoa uste dute. Iruña Okako Udalak, gai honetan zuzenean inplikatuta dagoena, iazko azaroaren 9an mozio bat onartu zuen Aldundiari datazioak egin zitzala eskatzeko. Ondoren, Gasteizko Instrukzioko 1. Epaitegiak,zera eskatu zion Aldundiari «que concrete las muestras (ostracas) objeto de estudio con el fin de de que el Departamento (de Química de la Guardia Civil) realice los ensayos solicitados». Orain arte Aldundiak ez du errekerimendu hau bete, eta, beraz, Legeari muzin egin eta Epaitegiaren kontra jartzen ari da.

Nahiz eta Guardia Zibilak azterketa kimikoetan esperientzia handia izan, termoluminiszentzia eta antzeko tekniken bidezko probak egiteko tresnarik ez dutenez, beste azterketa batzuk ere egin beharko lirateke mundu mailan eskarmentu gehien duten laborategietan. 4-5 laborategi inguru daude, eta horietako bat Liejan (Belgikan) dagoen Arkeometriako Zentro Europarra izan liteke, Liejako Unibertsitatearen menpe dagoena.

Piezak lehenbailehen datatzea eta Arabako Iruñako kudeatzaile berria den Julio Nuñezen «indusketak» gelditzea eskatzen dugu. Izan ere pasa den uztailean hondeamakinak harresiaren zati garrantzitsu bat hondatu zuen, 1,50 metroraino sartu zelako. Nahiz eta Lurmenek egin zituen airetiko argazki batzuetan 30 zentimetroko sakoneratik aurrera garai erromatarraren lehenengo maila estratigrafikoak zeudela agerian utzi zuten.

Gaia argitzeko, datazioak oraintxe!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.