Argi mintzo `Zaizkigu botere hobietatik, ez dute su-etenik nahi, ez dute beren estrategia aldatuko, ez dute ezker abertzale legalik onartuko. Eta deklarapen horiekin bat, atxiloketak egin dituzte hedabideak bozgorailu. Ez dute ohiko galdeketa sistema aldatu. Torturatu egin dituzte hobipeko kazetarien mututze kronikoa lagun.
Izan ere, poliziak metodologia horretan heziak ditugu, eta demokraziak eskatzen duen ofizioa ez dute usaintzen ere, buztana zut eta luzatutako eskuari hozka egiten dion zakurraren antzean. Ez dakit nik ETArena negoziazioaren ondorioa den, baina nago botere hobian ez dutela aldakuntzarik nahi eta orain artekoan jarraitzeko determinazioan daudela. Ez da erraza izango betikotasuna desikasi eta inpunitatearen latza berdintsuen arteko harremana bilakatzen ikasi, gizaki orok irabazita dituen oinarrizko eskubideak errespetatuz, galdeketa inteligenteei bidea eman, torturatzailea gaizkile patologikotzat joz botere hobien lokatzak eta gorotzak betiko garbitu eta desagerraraztea. Ez da eri txarragorik bere gaixotasuna onartzen ez duena baino, eta osasungile lanjerosagorik eritasuna bertutetzat duena baino. Eta hauen esku daukagu gure osasun demokratikoa. RIP.
Argi mintzo
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu