Nazio Batuek egun hau aukeratu dute arrazakeriaren kontra borrokatu behar dela gogorarazteko. Berdinak gara, ezberdinak gara goiburuak hamaika ekintzatarako balio izan du 1995. urteaz geroztik. Urte horretakoa da Gazteek arrazakeriaren, xenofobiaren, antisemitismoaren, homofobiaren eta tolerantziarik ezaren kontra egindako Europako Kanpaina, Europako Kontseiluak abiarazitakoa. Goiburu horrek legerian aitortutako zenbait printzipio eta eskubide biltzen ditu, eta argi azaltzen du gure ezberdintasunean berdintasunez tratatuak izateko eskubidea dugula. Horren kontrakoa, bereizkeria da. Horregatik, onartezina da pertsona batzuei, beren jatorriagatik, jendearentzat zabalik dauden establezimenduetara —esaterako, kopak hartzeko tabernetara— sartzen ez uztea; dirudienez, hori oso ohikoa da, Bizkaiko SOS Arrazakeriak egiaztatu ahal izan duenez, EGAM arrazakeriaren kontrako Europako sarearekin batera, oraintsu 15 herrialdetan burutu duen aldi bereko ekintzan. Bereizkeriaz jokatzea da, halaber, etxebizitza bat errentan hartzerik ez lortzea edo tratu ezberdina jasotzea herri-administrazioaren aldetik, epaitegietan, polizia-etxeetan… Erabiltzen diren motibazioek, ekonomikoak nahiz herritarren segurtasunezkoak besteak beste, aurreiritziak ezkutatzen dituzte. Aurreiritzi horiek eragotzi egiten diete pertsona eta talde jakin batzuei benetako berdintasuna lortzea, eta aurrera egitea oztopatzen diete.
Egiaz, hainbat pertsonak, beren jatorriaren edo kulturaren arabera, aukera gutxiago izaten dituzte lan egokia edo etxebizitza duina aurkitzeko, bizi-itxaropen laburragoa dute, eta osasun-kalitate gutxiago. Arrazoi sozial, politiko eta historikoengatik gertatzen da hori; horregatik, garrantzitsua da erakundeek eta gizarteak beren konpromisoa berritzea, bereizkeria eta intolerantzia modu guztiak desagerrarazteko. Denok duintasun berarekin eta eskubide berekin jaiotzen gara. Bereizkeriak indarkeria eta pobrezia sortzen ditu, eta pertsonen gaitasunak garatzea eragozten du. Denek lagun dezakegu eta lagundu behar dugu gure gizartea garatzen eta eraikitzen. Horrela lortuko ditugu gizarte zuzenagoak, bidezkoagoak, demokratikoagoak. Aitzitik, tolerantziarik ezak eta bereizkeriak desberdintasuna sortzen dute, segurtasunik eza, konfiantza falta eta gehiegikeriazko portaerak.
Erronka, beraz, hauxe da: beharrezko baldintzak sortzea pertsona guztiek, beren jatorria edo kultura edozein izanda ere, garatzeko eta egoera duinean lan egiteko aukera berberak izan ditzaten. Ahaleginak batu behar dira, kultura guztiek dituzten gauza komunak, balio komunak nabarmendu; izan ere, kulturak pertsonek ere osatzen dituzte, eta pertsonok justizia lortu nahi dugu, bakean eta askatasunean bizi, eta berdintasuna erdietsi.
Iritzia hauek sinatu dute:Iñigo Lamarca arartekoak,Julia Hernandezarartekoaren ondokoak eta Itziar Barrenkua etorkinen eta kultura-gutxiengoen arloetako arduradunak
Arrazagatiko diskriminazioa deuseztatzeko nazioarteko eguna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu