Balio

Amatiño › Argia
2010eko urriaren 10a
00:00
Entzun
Balio erantsi bila, alegia. Krisialdia dela-eta, enpresa pribatuen mozkin-murrizketaz hitz egin ohi da erruz, baina ez garai onei zerizkien dirulaguntzei esker jardun izan duten kultura-ekintzen egoera larriaz. Laguntza publikoen murrizketa publikoa da; enpresen esponsorizazio-mozketa, aldiz, pribatua. Makina bat kultura-ekimen mortalak jasaten ari da, isil-isilik.

Baina kultura-mundua oraindik jabetu ez den arren, egoera ekonomikoa lehenera itzuliko balitz ere, orain arteko patrozinio-moldeak nekez jarraituko luke lehengo lepotik. Bere arlo zuzenaz baino arduratzen ez zen enpresa itxia eta urruna amaitzear dago. Baita nolabaiteko gizarte-erantzukizuna erakusteko inoren ekimenez jantzi behar zuen lantegi-mota ere. Etorkizuneko enpresa berez arduratuko da giza-lorpenez, baloreez, ingurumenaz zein iraunkortasunaz.

Orain arte kultura-munduak esaten zion enpresari: «Zu zikina eta iluna zara, nire ekimenetan partaide izanik nik garbitu eta argituko zaitut». Baina aurrerantzean enpresak erantzungo dio kultura-munduari: «Ni zu gabe naiz ona, zein da zure balio erantsia ni hobea izan nadin?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.