Beti aurrera, Iko!

Maider Carrere Souto. Aitor Arana
2010eko urriaren 28a
00:00
Entzun
Egun gris batean ezagutu zintudan. GaztEHerria osatzeko lan horretan, hainbat eragile elkartu ginen sala horretan.

Egunak eta asteak pasatu dira. Duela bi aste, Bruselan egon ginen. Ez ziren nire egun hoberenak izan: nekatua nengoen, eta nolabait ere, gure patuaren jakinaren gainean egonik, tristezia ere sentitzen nuen. Gure patua. Hara joan ginenean jakin bagenekien beriz ere euskal gazteria kolpatua izango zela. Eta gure erantzukizuna horren inguruan genuen kezka Bruselara eramatea zen. GaztEHerriak erantzukizun hori zuen, eta hara joan ginen guztiok euskal gazteriaren boza zabaltzea.

Eta ez bakarrik kezka. Egun gutxi batzuk lehenago, Gernikako akordioaren sinatzaile moduan Gernikan egon ginen GaztEHerriko eragileak eta bozeramailea. Beste behin ere, ohi bezala, denok elkarrekin, denok pozik, jakin bagenekien Gernikako akordioaren funtsaren zati garrantzitsua gazteok hilabete hauetan egin dugun lanarengatik izan zela. Eta sinatu genuen. Banaka altxatu, eta sinatzera joan ginen. Zu, Ikoitz Arrese, Ikasle Abertzaleetako buru moduan, altxatu zinen beste behin ere sinatzeko.

Eta akordio hori besapean, aste batzuetara Bruselan Euskal Herrian bizi genuen garai berriaren notizia eman zenuen, zure ahotsarekin Flandriako eta Europako parlamentuko kideei.

Bidaia horretatik bi aste pasatu dira. Azkeneko aldiz, aurreko ostegun gauean ikusi zintudan. Gernikako akordioa gizarteratzeko sortu den taldeko bileratik atera zinen. Beti bezain alai, animoso, ezagutu zintudanetik erakutsitako lan prestasunarekin: «Carrere, hitz egingo dugu», «Bai, bilera bat egin beharko dugu hurrengo astera begira»...«Animo!», «Beti aurrera, Iko!». Horrela gelditu zen gure azkeneko agurra.

Orain, egun horretatik aurrera ia astebete pasatu da. Tsunami baten moduan, zure askatasuna zapuztu eta duela egun batzuetako oroitzapenen zatiak gelditu zaizkigu gure taldeko partaideetan. Egunez egun, inkomunikatua egon zaren egun hauetan, zure notiziak itxoiten egon gara. Zure askatasuna biziki eskatu dugu.

Tsunamiak balira bezala, notiziak datoz, pasatzen dira, jendeak bere iritziak ematen ditu, beste batzuek ez dute operazio polizial honen garrantzia antzematen... Baina emozio asko sortu dira nire barrenean; hilabete hauetan egindako bilerak, lanak ez dira ezerezean geldituko, eta edonon zaudela ere, zurekin hasitako lanak aurrera jarraituko du. Zuk honetan sinesten duzu, marko berri baten lanketan geunden, eta hamaika alditan ilusioa eta garai berri baten lanketa ezinbestekoa zela entzun genuen zure ahotik irteten.

Zor dizugu lan hau, eta horretan buru-belarri jardungo dugu. Lagun, beti aurrera egingo dugu, zu askatu arte!

Maider Carrere Souto. Gazte Abertzaleetako idazkari nagusia eta GaztEHerriko kidea.

Juan Luis Zabalari,Euskadi Sariez

Egunkari honek urriaren 26an 38-39 orrietan argitaratutako Euskadi Sariei buruzko Juan Luis Zabala kazetari fin eta lagun jatorraren artikulua atsegin handiz irakurri nuen. Zorionak egileari, idatzitako artikulu onagatik. Juan Luisi zorionak bertatik bertara eman ahal izan dizkiogunak asko gara; eta ez hari bakarrik, baita beste kazetari askori ere. Nik neuk bai, behintzat, nire idazle-bizitzan.

Harriturik geratu naiz -eta horren lekukotasun idatzia utzi nahi nuke- Juan Luisek Analisia izenburuko zutabean, Euskadi Sariak antolatzeko era dela eta, ondorioztatu duena irakurtzean. Dagokion testuinguruan ongi kokatu behar dela oharturik, hau da atentzioa eman didan baieztapena: «Orain ez dakigu zehatz zeintzuk diren Euskadi Sarietan lehiatu diren liburuak». Eta nire galdera da: Eta noiz jakin dugu hori, bada?

Juan Luisen kexa modukoaren ildotik, idazle askok han eta hemen adierazi dugu Euskadi Sarietan parte hartzeko oraingo modua atzerapauso handia dela. Hartan parte hartzeko nork bere lanak aurkeztu behar izatea literalki atzera egitea izan da, duela urte asko horrela egiten zelako. Gero, editoreak eta idazleak poztu gintuen erabakia hartu zuen Eusko Jaurlaritzak: aurreko urtean argitaraturiko liburu guztiek hartuko omen zuten parte lehiaketan, automatikoki. Badakigu, ordea, hori ez zela guztiz horrela izan; ez beti behintzat, ez galdetu niri noren erruz. Literatura Sariek beren baitan dute erabat gardenak izateko ezina. Gizakiak gizaki garenez oso zaila da «erabat zintzoa» den sariketarik antolatzea, bizpahiru ezagutzen ditudala uste dudan arren. Euskadi Sarietan inoiz ez dugu «zehatz jakin zeintzuk diren lehiatu diren liburuak». Harritzen nau orain inor horregatik harritzeak. Gaiaz pixka bat dakigunok badakigu horrenbeste.

Nik neuk, beti bezala, zorionak eman nahi dizkiet irabazle guztiei eta bereziki Patxi Zubizarretari eta Fermin Etxegoieni. Antolatzaileei eta epaimahaikideei, berriz, eskerrik zintzoenak, orain lehen bezala, gauzak ongi egiten saiatzeagatik.

Aitor Arana. Idazlea (Azpeitia).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.