Gero eta ageriagoan geratzen ari da Gipuzkoan bi gobernu ditugula. Bata ofiziala, herritarrek bozen bidez erabakitakoa. Bestea, indarrean dagoen gobernuaren eskutik atzeko atetik sartu dena: Gipuzkoa Aurrera, Gipuzkoako Lobby ekonomikoa, Kutxa, MCC, Adegi, Merkataritza Ganbera eta Donostiako Udalak osatua, Foru Aldundiarekin batera. Hori guztia, entitate publiko eta pribatuaren arteko Lidergo Konpartituaren izenean. Balioen izenean, eta, nola ez?, lehiakortasunaren izenean.
Orain arte hipotesia besterik ez zen bi buruko gobernuen kontua, baina badirudi errealitate bilakatuko dela. Izan ere, forma juridiko bat aztertzen ari dira Gipuzkoa Aurrerari entitate izaera emateko eta hura instituzionalizatzeko. Gainera, aurrekontu propioa izango luke; besteak beste, diru publikoarekin; denon diruarekinhornitua, alegia. Hori guztiori, Gipuzkoarentzat estrategikoak omen diren proiektuak errealitate bilakatzeko, eraginkorrak izateko eta Gipuzkoan, zenbait arduradun politikoren hitzetan, hain gogoko dugun eztabaida oztopatzaileetan ez korapilatzeko.
Bien bitartean, gipuzkoarren diruaren noranzkoa interes pribatuak defendatzen ari diren entitateak ari dira bideratzen; hori bai, erabaki formala, azkena, Foru Aldundiak hartuko luke, nola ez?
Baina dena ere ez da txarra; eskertzekoa ere bada orain arte hainbat urtetan gobernuen atzeko aldean egon diren lobby ekonomikoak azaleratzea eta ezagutzera ematea. Aurrez ezagutzea zertan dabiltzan eta zeintzuk diren haien asmoak.
Inoiz baino beharrezkoagoa da bitartekoen optimizazioa, eraginkortasuna eta austeritatea. Egoki ikusten dugu berrikuntzan, ikerketan... sakontzea eta horretan inbertitzea, gure enpresa txikiei enplegua, kalitatezko enplegua, sortzen laguntzeko.
Beharrezkoa da, eta izan beharko luke, Foru Aldundiak herritarren onurarako bere eskumenek ematen dizkioten aukera guztiak ahalik eta gehien eta hobekien garatzea. Eta ez, balio erantsiaren izenean, bere eskumenekoak ez diren hainbat kontu murrizten edota albo batera uzten ari denean, bestelako konpetentzietan eskua sartzen hastea. Egoera bestelakoa balitz eta Foru Gobernuak momentu honetan hain beharrezkoak diren zerbitzuak mantendu eta estaldura handiagotzeko inolako arazorik izango ez balu... bada, agian, tira! Baina inolaz ere ez da onargarria, aurrekontuak murriztu dituztenean, udalen finantziazioari guraizeak pasa eta gero, eta zerbitzuen pribatizazioa gero eta nabarmenagoa denean, zerbitzuen izatea arriskuan dagoenean, gure gobernua bere lagunekin jolasean jardutea.
Zeren ez dugu ahaztu behar, Gipuzkoa Aurrera lurraldeko gizarteko sektore batek soilik osatzen duela, bertan gizartearen beste atal garrantzitsu bat falta dela.
Baina larriena da hau guztiau kontrol parlamentariotik at, inongo kontrolik gabe garatu dela. Eta lortu nahi dutena da, edozein delarik etorkizuneko lurraldeko gobernua, Gipuzkoa Aurrera eta bere proiektuak finkatu eta gauzatzea, nahiz eta lurraldeko gehiengoak bat ez egin proiektu estrategiko horiekin. Bestalde, nola da posible, beraien esanetan lurraldeko gehiengoa ados baldin badago beraientzat estrategiko diren proiektuokin (Pasaiako kanpoko portua, Hondarribiko aireportuaren zabaltzea...), egitasmo horiek aurrera eramateko gai ez izatea?
Garbi dagoena zera da: erakunde publiko batentzat, gobernu batentzat, lobby-a bere herritarrek, herritar guztiek behar dutela izan, eta haien alde jardun behar duela erakunde horrek. Herritarrek izan behar dute Gipuzkoa Aurreraren ardatz.
Bi gobernu Gipuzkoan?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu