Bi historikoren agurra
Lekutzeen oldeak bi fabrika historiko eramango ditu orain Euskal Herritik: Tavexek jakinarazi du Bergarako lantegia itxi egingo duela, eta Bialsak (BH ohiak) Gasteizen bizikletak ekoizteari utziko dio. Enpresa historikoak ziren biak, baina aspaldi galdu zuten garai bateko distira. Tavexek 2001ean itxi zuen Bergarako beste lantegia, eta BHk gaur egungo langileen halako hamarrekin ari zen duela urte batzuk. Aurrerantzean, atzerrian bakarrik ekoitziko dute. Itxieren lehen kaltetuak lantegietan ari ziren beharginak dira. 64 langile kalera joango dira Tavexen, eta 38 Bialsan, Eusko Jaurlaritzak erregulazio espedientea onartzen badu.
Drama pertsonal horiei industriaren etorkizunari buruzko kezka gehitu behar zaie. Salbuespenak salbuespen, Euskal Herriko enpresek -eta oro har, mendebaldeko Europa osokoek- gero eta zailtasun gehiago dituzte Asiako edo Amerikako beste batzuekin lehiatzeko. Eta sektore batzuetan lehia ezinezkoa bilakatu da dagoeneko. Nork ez ditu nahi bizikletak 125 eurotan eta jeans parea bazkari baten prezioan?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu