Aurtenbetetzendira 25 urte itzultzaile-egokitzaileak lanean hasi zirela gure artean. Euskara lantzeko bide oparoa da itzulpen-egokitzapena, artisau lana nolabait. Eta langaia hizkuntza bera da.
Honela zehaztu dute Beatriz Zabalondo eta Josu Baranbones irakasleek Ikus-entzunezko itzulpena liburuan artisau lan hori: «esaldi bat idatzi, probatu egokia den, eta ez bada, beste bat idatzi eta berriz probatu, harik eta esaldi egokiarekin asmatu arte». Begiak itxi eta gogoeta egin; alegia, nola esango nuke edo esaten dut euskaraz horixe bera, egoera horretantxe.
Hona adibide batzuk: ¡Oh no! (O, ez!): Ez, ba! Kontrakoa: ¡Oh sí! (O, bai!): Bai, ba! Azken horrek balio du bati zerbait bururatu zaiola adierazteko ere. ¡Ya sé! ¡Eso es! (Badakit! Hori da!): Bai, ba! Amari esango diot eta berak konponduko du arazoa. Hizkuntza guztiek dauzkate makulutzat horrelako formula labur eta adierazkorrak. «A propósito... Por cierto...» (Horretaz ari garela... Kontu horri dagokionez... Zeuk hori aipatu duzula): Izan ere... Horiek horrela... Izan ere, non bizi da hire lagun hori? Izan erek badu, jakina, beste erabilera bat ere, kausa adieraztekoa, alegia: izan ere berak ez zekien ezer, horregatik esan zion hori.
Analogia eta sinonimoetan adituak ditugu egokitzaileak, baita onomatopeia eta interjekzioetan ere halabeharrez: oro har, hizkuntzaren baliabide guztiak erabili beharrean aurkitzen dira. Ez da artisau lana bakarrik, sortze lana ere bada: hitz jokoak-eta asmatu behar direla, jatorrizko kultura geureganatu behar dela(...)
Hitz eta adierazpide aukera zabalaz baliatu behar dute, eta nolabaiteko oreka bilatu, kontuan harturik Euskal Herri osoarentzat ari direla. Aurki/laster. Jarraitu/segitu. Azkar/bizkor/laster. Lasterka/korrika. Orduan/hortaz/beraz. Jarri/ipini. Hurbildu/hurreratu. Eta hizkuntza baten berezko baliabideak inoiz ere ez atzendu. Gaur egungo super, mega, erraldoi eta horrelakoen ordain paregabea dugu hor: handi-handia, gozo-gozoa, poz-pozik, ordu-orduan, bete-betean, baso-basoan (basoaren erdian, basoaren bihotzean), txora-txora eginda naukazu.
Hitzen ordena ere, nola ez, oso kontuan hartu behar da. Atzera kargak moteldu egiten du esateko erritmoa. Filmetan eta marrazki bizidunetan hizketa bizia izaten da, berehalako komunikazioa, gertaeren harian doana. Primeran! Maisua gure etxean hartzeko irrika biziaz nago: Primeran, irrikaz nago maisua etxean hartzeko!
Honezkero jabetuko zineten egokitzapenak hizkuntzaren garapenari dakarkion onuraz. Sarri idatzi eta hitz egin dut, han eta hemen, bikoizketaren garrantziaz euskara biziberritzeko. Baita kultura sailekoentzat ere beraiek eskatuta. Hauxe izan da beti nire aldarrikapena: euskara biziberritzeko eta erabilera sustatzeko, komunikabideak dira autobidea. Komunikabideek dute lehentasuna.
Eta komunikabideetan leku garrantzitsua du bikoizketak. 1983 eta1993 urteen artean, 1.500 ordu inguru bikoizten ziren urteko ETB 1erako. 1994tik murrizten hasi eta azken urteetan ez da 500 ordura iristen urteko. Garai batean 150 filmetik gora bikoizten ziren urtean; gaur egun ez da 25era iritsiko. Eta zinema areto, DVD eta bideoetarako bikoizten dena ez da 40 ordura iritsiko urteko. Horrek guztiak eragin zuzena izan du egokitzaileengan: ehun baino gehiago izatetik hogei pasatxora murriztu da kopurua. Eta arrisku latza dago jarraitzen duten langile trebeak joan daitezen, ez baitzaie behar bezala ordaintzen .
Asko erabiltzen da gaur egun kalitate hitza, baina ez da biderik zabaltzen: beste sailetako itzultzaileen aldean soldata urria dute egokitzaileek. Zein da garrantzitsuagoa, zein eraginkorragoa, diputazio-udaletxeetako apaletan gordeko den itzulpena ala milaka laguni iritsiko zaiena ? 500 irakurlerentzako liburua ala milaka laguni egunero iritsiko zaien testu bikoiztua?
Hezkuntzan eginiko aurrerabidea kontuan harturik, kezkatzekoa da ikus-entzunezkoaren martxa motela. Astean 200 bat film ikusteko aukera dugu telebistetan (ETB 2k asko laguntzen du kopuru horretan); euskaraz bakarra edo batere ez asteotan. Zinema aretoetan are murritza da proportzioa. Badugu zinemaldi bat ere, famatua mundu zabalean: euskaraz zer?
Autobus eta tren linea berriak huts samarrik ibiltzen dira jendeak ohitura hartu arte: zinema aretoetan ez dago halako pazientziarik. Gaur 10 joaten badira, datorren urtean 100 joango dira, hurrengoan 1000, astero aukera emanda. ETB 1en, astean bi edo hiru film emanda, igoko da pixkanaka kopurua: aurten 10.000, datorrenean 12.000 eta aurrera! Okerrena da aurrera egin ordez atzera egin dugula, eta egingo dugula martxa honetan. Noizko utzi behar dute agintariek euskararentzako leku zabalagoa eta duinagoa eskatzea?
ETB 1 dela eta, egokia ote da film bakarra ematea eta gazte ta helduentzako telesail bakar bat ere ez? Oso ondo dago haurrena zaintzea, baina haurrak hazi egiten dira. Hamaika-hamabi urte bete arte ETB 1 pizten dutenek, marrazki bizidunak ikusteko, gero ere jarraituko lukete pizten, beren gogoko telesailak eta filmak ikusteko. Garai batean eman zituzten arrakasta handiko telesailak, baina bospasei aldiz errepikatu eta akabo: bidea moztu zuten, berriak eta egokiak eman ordez. Filmekin gauza bera egin zuten: bazen plan bat orain hamabi urte, astean hiru edo lau film ondo hautatuak emateko, baina plana abiarazi baino lehen alde batera utzi eta agur Ben-Hur!
Tamalez, leku eskasa du gaur egun gure artean itzulpengintzak ikus-entzunezkoetan; hutsaren hurrengoa, egia esan. Hor dauzkagu ehunka profesional ongi trebatuak etxean mutu, euskara biziberritzeko antzu. Noiz jabetu behar dugu bikoizketaren garrantziaz, euskarak Lizardiren Amets-Bideetan barna aurrera egin dezan, mundura zabaldurik, gure kultura aberasten?
Atzen baina ez hutsen, hasierakora itzulita: aurten beteko dira 25 urte itzultzaile-egokitzaileak lanean hasi zirela. Ez ote da garaia Eusko Jaurlaritzaren Euskadi Sariak eurentzat ere zabaltzeko? 25 urtean isilean jardunda gero, ez ote da ordua gure gizarteak esker ona azal diezaien?
Gure esker ona hemen itzultzaile-egokitzaileei. 100 izenetik gora aipatu beharko nituzke, baina dozena bat aipatuko dut, hori bai, denen izenean: Maria Jose Kerejeta, Jose Ramon Zubimendi, Idoia Gillenea, Joan Mari Irigoien, Nieves Odriozola, Jesus Mari Lasa, Gema Lizarralde, Antton Garikano, Beatriz Zabalondo, Txomin Arratibel, Txaro Idiakez, Aitor Lete...
Asko zor diegu. Asko ikasi dugu. Eragin handia izan dute 25 urteotan haurrengan, gazteengan, hiztun guztiengan... Eskerrik asko!
Bikoizketa euskara biziberritzen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu