Bereziki frankismoarenak, ETArenak eta GALenak ditut gogoan. Joan den igandean, urriak 17 -eta ondoko egunetan-, duela hirurogeita hamalau urte, ehun eta hogeita bederatzi gizaki fusilatu zituzten Hernaniko hilerrian, gorri eta separatista izatearen akusaziopean, Aitzol eta beste sei apaiz tartean. Haien omenez ekitaldi xume bezain hunkigarria egin zen igandean.
Arrasaten fusilatutako gizon baten semeak -berrogeita hiru fusilatu zituzten, hiru apaiz tartean-hunkiturik kontatu zuen nola eraman zioten preso aita orduan bizi ziren baserritik, hark eskopeta bat gorde zuelako baserriaren lur sailean. Anaiarena omen zen eskopeta, eta horregatik ez zuen entregatu nahi izan. Preso eraman eta ez zuten aita gehiago ikusi. Handik hamar bat urtera jakin zuen aita nola hil zuten hormaren aurka, eskopeta bat gordetzea beste deliturik gabe. Hala geratu da: ez da barkamenik eskatu, ez da egiarik zabaldu eta justiziarik ere ez.
Galerna barku tristeki famatuan zihoan nebaren arrebak eman zuen lekukotasuna ez zen gutxiago hunkigarria izan. Ibiltzeko tipi-tapa batez baliatu behar duen emakumeak emozioz beterik kontatu zuen nola orduko 250.000 pezetengatik saldu zituzten barkuak zeramatzan gizakiak, eta Aitzolekin batean zen bere anaia hil zuten, eta bere familia osoak zer sufrikario bizi behar izan zuen harrezkero. Ez da barkamenik eskatu, ez da egiarik zabaldu eta ez da justiziarik egin.
Ez zuen mendekurik eskatu, ez eta elkar hiltzen jarraitzekorik, gauza bat eskatu zuen era hunkigarrian: ez ahazteko, ezahazteko hura, berriro errepikatu ez dadin. Pena ematen dio tiroz zulatua eta odol-orbanez zipriztindua zegoen horma eraitsi izana: ahaztu ez, errepikatu ez!
Indusketak sustatzeko lana abiarazi zuen Mertxe Etxeberria alkate ohiak gogoratu zuen, besteak beste, frankismoaren biktimek ez dutela inoiz eskatu fusilatzaileak eta haien buruzagiak espetxeetan ustel daitezen, eta, halaber, ez direla egundo ahalegindu egungo politika baldintzatzen.
Aitzolen eta euskal elizaren izenean, Joxe Arregik barkamena eskatu zuen elizak eman zuen laguntzagatik. Era askotako euskal eliza egon da, eta dago egun ere, eta gogoratu zuen Araba, Bizkaia eta Gipuzkoak eliz probintzia bat osatzen zutela 1936an, eta lotuak zeudela Nafarroa Garaiarekin. 1949an banatu zituzten; batuta zeudenak banatzea ez zen politika egitea izan, baina Aitzolen eta haren gogaideen espirituari jarraiki, atzo batuak zeudenak eta gaur banatuak biharko egunean batzeko eskatzea bai, hori Elizak politika egitea da.
Hego Euskal Herrian bereziki Mola eta Franco jeneralen aginduz, haien espiritu kriminalaren eraginez, gizarte askotarikoa bi bando garbi bereizietan banatzea bultzatu eta sustatu zen botere militarretik, Hego Euskal Herrian Mola buru -oraindik kaleak ditu eskainiak, esaterako, Kantabrian, hiriburuan bertan-, eta jazarraldi faxistaren alde ez zeudenak kontra egotera igaro ziren brastakoan, eta erail behar ziren frontean edo atzeragoardian, mendean hartutako herri eta hirietan, eta botere militarretik sustatu eta hauspotutako terrorismoak gurean sei mila hildako eragin zituen, eta haien alargunen eta ahaideen sufrikario ezin kontatua. Eta barkamenik ez zaie eskatu, egiarik ez da zabaldu eta justiziarik ere ez da egin, 1977ko amnistia bidegabearen ondorioz.
Orain Espainia batu, zatiezin eta sakratuaren jarraitzaileek ETAk eragindako biktimak baliatu nahi dituzte euskal herritarrok zer politika nahi dugun erabakitzeko eskubidea ukatzen jarraitzeko.
Ez guk, Euskal Herria batua eta independentea nahi dugunok, daukagu eskubiderik gurea inposatzeko, Molak eta Francok eta gogaide zibil, militar eta erlijiosoek eragindako sarraski garbitu eta kitatu gabekoen eta GALen eta torturen izenean; eta, halaber, haiek ez daukate inolako eskubiderik ETAren biktimez baliatuz Espainia batu, zatiezina inposatzeko eta guri erabakitzeko eskubidea ukatzen jarraitzeko.
Bihotz-bihotzez eskertzen diet, igandean, urriak 17, Hernaniko hilerrian, gure historia hurbilaren lekukotasun zintzoa eman ziguten guztiei.
Biktima politikoek emandako irakaspenak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu