Badut beldurra, beste behin ere, norberaren betiko bidetik ez ote garen nabarmenduko, nahiz ustezko helburu berberak edo antzekoak bultzatu. Hori da grabea nire ustez. Herri bat omen gara, baina ETAren eraso ekintza armaturik ez burutzeko erabakia dela-eta, bakoitza bere tesian murgilduta dago jadanik.
Bide beretik doa, duela gutxi Bilbon gertatutakoa, baina ez da arrotza, ez da berria, Estatu espainiarra beti urduri eta eskas agertu izan da beraien demokraziaren oinarria zigorra dela erakutsiz, euskal gizartearen gehiengoa aurrez aurre duenean.
Nola edo hala, indar politiko «abertzaleak» multzoka eta mezu paraleloekin. Eliza kanpandorrean, ontzak kuku-leihoan eta, itxuraz, gehienei ez dio axola besteak zertan dabiltzan.
Nire ustez, Euskal Herri osoaren arazoak, horrelako Estatu boterearen gehiegikeriak, edozeini doakion printzipiozko arazo bat dira besterik gabe. Manifestazioak-berdin dio goiburuak- ezinezkoak omen «hemen eta gaur». Horrelakoen aurrean, ez dut uste Ezker Abertzaleari bakarrik dagokiola aurre egitea. Ez dut ikusten zentzu nazional askorik, ezta zentzu zibiko handirik ere. Urkullu jaunaren erretorika difuso hutsa, besterik ez.
Egunero atxiloketak, eta horiek ez dira alderdi arazoak, alderdiren bati edo besteri doazkion arazoak. Guztionak ez badira, ez gara ezer guztiok.
Lehenago, torturen arazoak-esate baterako-, herri hau bero-bero jartzen zuen, torturatuek zein alderdikoak ote ziren asko galdetu gabe. Egun, horrelakoak sektore jakin baten arazo bezala geratu dira.
«Demokraziak» zatikatu egin gaitu, alderdikatu. Euskal Herria alderdikatu egin da. Giza eskubideen defentsa taldekatu egin da. Hau da, gizona, pertsona zatikatu egin dute. Giza eskubideak, duintasuna, pertsona bera, Euskal Herria, ez dira berdin sentitzen nork bere alderdiaren eta bestearenean.
Borroka soziala eta politikoa ere banatzen ari dira, baita borroka politikoa eta kulturala ere. Orain ikusten da, orduan baino hobeto, frankismoaren pean ginela, gure «Euskadi»-ren kontzeptua. Orduan batzuek kritikatu ohi zutenaren aurka, ez zela politiko hutsa, «nazionalista» hutsa, kontzeptu formal soila eta indeterminatua, eduki sozial konkreturik gabekoa. Politiko hutsa eta formal soila, orain ari da bilakatzen.
Orain bai -nahiz ez den gaurkoa- ari da Euskadiren kontzeptua Estatutu baten interes konkretu batzuen neurri eskasak hartzen. Hauek dute gaur Euskadiren kontzeptua sostengatzen, alderantziz beharko lukeena.
Lehen, frankismoaren pean, karga demokratiko eta humanista aberatsa zuen oraindik Euskadiren kontzeptuak. EAJtik ETAraino, guztiok gai ginen espetxean, preso komun edo politikoen egoeraz, Euskadi-zale, abertzale gisa gaitzitzeko. Gizonak, pertsonak, zerbait esan nahi zuen, alderdiak eta ideologiak gabe. Eskubideak haragi eta hezurrezkoak ziren. Gaur ez.
Lehen «Euskadi» aipatzen genuenontzat, izen horrek exijentzia batzuk adierazten zituen. Exijentzia demokratiko eta humanistak. Herri eta giza eskubideen defentsa kontsekuentea. Jarrera garbi bat, ideologien gainetik. Oportunismorik gabe.
Euskadi kontzeptuaren inguruan, orduan ere, egitasmo politiko desberdinak bururatzen zirela begi bistan dago. Inork ez du inoiz pentsatu EAJk eta ETAk asmo berdinak zerabiltzatenik. Baina politika bere «inguru guztian» etikarekin mugatzen da. Politikak beti, pertsonaren eta komunitate bizitzaren kontzepzio bat suposatzen du. Eta zapalkuntzak berak eraginda ere, giza eta komunitate eskubideen kontzientzia bera, askoz biziagoa zen orain baino. Zuek uste al duzue ba, demokraziaren eta giza eskubideen erreinuan bizi garela, benetan?
Orain «Euskadi» denek aipatzen dute, PSOEk eta PPk ere bai, baina abertzale batzuk beste abertzale batzuen espetxean daude. Batzuen Euskadi, besteen espetxea da. Egun, Euskadi izenak edozer gauza esan nahi du; zuzenago, ez du ezer esan nahi.
Baina ez dezagun nekearen nekez orain amore eman, «errealitatearen» aurrean, eta terrore frankistaren urte beltzetan zein zen gure guztion xedea ahaztu. Euskadi egin nahi genuen. Gu guztion xedea zen Euskadi berregitea, gure guztiona. Baina Euskadi, gure helburuetako Euskadi, ez zen formula politiko abstraktu bat, ez zen errepublika bat soil, paper batean definitua -hala holako estatuturen bat edo-. Gure ametsetako Euskadi, lehen-lehenik, emakume eta gizon guztientzako sorterria eta aberria bezala bururatzen genuen. Herri eta pertsona bezala zor zaigun begirunearen espresio eta proiekzio bezala. Edonork bere nortasuna duintasunez burutzeko espazio bezala. Eta hori berdin zor zaigu, errepublika frantsesean zapalduta bizi direnei, edo Foru Hobekuntzari eta Estatutuari baiezkoa eman edo baztertu zutenei.
Hemen egunero ikusten ari garenak, ordea, ia izenik ere ez du. Egunak joan, egunak etorri, gaur egurra eta bihar burla, arbuioa eta zanpaketa, eguneroko ogia. Boterearen zinismoak ia marka guztiak hautsi ditu.
Baina ez dezagun baztertu Euskal Herriaren oinarrizko arazo nagusia desartikulazioa dela. Juridiko-Instituzionala, politikoa, kulturala, linguistikoa, eta abar. Baina orain, orain bertan, Euskal Herria bere barren-barrendik ari da desartikulatzen, pusketan erortzen. Eta badirudi, ez dugula nahi edo ez dakigula zer egin.
Berriro ere Euskal Herria alderdien eta interes partikularraren gainetik dagoen printzipio bihurtzekotan, hasi beharrean gaude. Printzipio horren exijentziak alde guztietara erradikalki eta berdin aplikatzen. Alderdiekiko eta haien interesei kontenplaziorik gabe. Oportunismo eta alderdikeriarik gabe. Sekula gizarte aske bat, herri aske barruan izango bagara.
Burua hotz, baina bizkarra bero
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu