Inoiz ez da erraza izaten orri zuri baten aurrean lanari ekitea. Are gutxiago bere buruari «tigre» deitzen dion gutxiengo bat gizarteko sektore ahulenei inposatzen ari zaien egoera politiko-ekonomikoa aztertu nahi bada. Horrelakoetan «marxista nardagarritzat» hartzeko aukerak ugaritu egiten baitira. Dena dela, errealitate saihestezina da, nahiz batzuek eta besteek jantzi ezberdinez mozorrotzen duten, biktimak nahasteko asmoz. Eta horrek, nire iritzian, are arbuiagarriago bihurtzen ditu arduradunak.
Nahiz eta «krisi» deitzen duten horrek sekulako dimentsioak hartu dituen eta haren ondorioak ziztu bizian zabaltzen ari diren, ongi begiratuta, gizakiok historian zehar bizi ditugun hamaika kapituluetako bat baino ez da. Hala ere, agian, baliagarria suerta daiteke datozen belaunaldiak ez daitezen utz ustelkeriaz eta iruzurkeriaz elikatzen den bat-bateko botere eztiaren atzaparretan erortzen.
Atzera begiratzea inspirazio iturri zalantzagarria bada ere, bai dela beharrezko egun bizi dugun egoera aztertu ahal izateko. Denboran bildutako eskarmentuak argi erakusten baitu gizakia taldekoia dela funtsean; edonola ere, errealitatea arretaz begiratuz, ikusiko dugu denok ez garela halakoak neurri berean.
Agian Europan izandako hainbat gosete larrik agerrarazi zuten jendea bizi zen guneetan antolamendurako egitura berri eta hobeak sortzeko beharra. Garai hartako ikaskuntzak, beharrak eta gabeziak aintzat hartuta, hiru eginkizun dauzkate giza talde guztiek, ezinbesteko direnak, bizirik iraun ahal izateko; baliabideak ekoiztea, baliabide horiek elkarteko kideen artean banatzea, eta elkarte horretan kide berriak sartzea, jarraipena izateko.
Lehen bezala, orain ere beharrezkoak dira koordinazioa eta kontrola. Baita, aipatutako hiru eginkizunak nola gauzatu behar dituzten, eta betetzen ez dituztenentzat zigorrak ezarri.
Historian, bi boterek hartu izan dituzte beren gain koordinatzeko eta kontrolatzeko zereginak: botere ekonomikoak (baliabideak kontrolatzen) eta botere politikoak (arauak kontrolatu eta zigorrak ezartzen).
Egia da bi botere horiek bat eginda egon direla maiz, baina nolabaiteko independentzia izan dute batak bestearekiko. Azkenaldian, ordea, aldaketa historiko handi baten aurrean gaudela pentsarazten diguten ekintza batzuk gertatu dira.
Duela hamarkada gutxi batzuk, botere ekonomikoak kontrolatzen eta menderatzen zituen finantza botereak; gaur egun, aldiz, finantza botereak kontrolatzen eta menderatzen ditu ekintza ekonomiko gehienak. Gogorarazi nahi nuke, Marxek bere garaian, aurreikusi zuela bilakaera hori, baina ekonomia modernoaren «adituek» entzungor egin diote, beste hainbat irakaspenen kasuan egin duten bezala.
Gaur egun, finantza talde handiek ia estatu nazional guztiek baino askoz ere botere handiagoa daukate. Burtsan eta merkatuetan jardunez -duela gutxi ikusi dugun bezala-, erabateko porrota eragin lezakete estatu gehientsuenetan.
Ekografia ugari egin dizkiote egungo finantza krisiari, baina «patologia» hori, finantza boterearen eta politikoaren arteko norgehiagokaren ondorio zuzena da. Finantza botereak argi erakutsi du bere gailentasuna botere politikoari sekulako laguntzak eskatuz, nahiz eta arazoen eragilea bera izan. Eta botere politikoak, exekutiboak, men egin dio finantza botereari, lagundu egin dio -zergadunen diruarekin jakina-, aldebakarreko erabakiak hartuz, ganbera legegileetan eztabaidatu ere egin gabe. Kapitalismo liberalaren «urrezko arauetako» bat urratuz: Estatuak ekonomian parte ez hartzekoa; are gutxiago bankan.
Nik ikusten dudana da, horren guztiaren ondorioz, ustelkeria areagotu egin dela. Ekonomia dagoen tokian beti dago ustelkeria eragiteko eta egiteko prest dagoen jendea. Finantza taldeak izaten dira eragiten dutenak; politikariak egiten dutenak. Nire ustez argi dago, ustelkeria fluxu geldiezin hori dela finantza botereari botere bakar bihurtzeko bidea ematen diona, gero eta menderatuagoak baitauzka botere politikoa, mediatikoa eta ekonomikoa.
AEBetan, baita Europar Batasunean, bista-bistakoa da hori, espainiar Estatuan aldaera batzuk baditu ere. Izan ere, finantza boterearen eta politikoaren arteko borrokan ez baita oraingoz inor gailendu. Botere politikoak eremu zabalak dauzka «oraindik» bere eskuetan. Gainera, finantza botereak ez du bere gailentasuna botere politikoaren gainean gauzatzen, azken honen gehiegikeriek haren interesei kalterik egiten ez dieten bitartean, baina bai gauzatzen duela, eta gauzatuko du, bere burua kaltetuta ikusten duenean.
Hona hemen, esandakoa oinarritzen duten bi adibide garbi. Lehena: PSOE eta PP ez dira ezertan ados jartzeko gauza -Euskal Herriko hegoaldean demokrazia interpretatzeko duten modu berezian izan ezik-, baina inolako eztabaida parlamentario edo publikorik gabe erabaki dute bankuen sektoreari laguntzak ematea. Eta oraindik ez dakigu laguntza horiek nolakoak eta zenbatekoak diren. Bigarrena: Kutxen Lege berriaren akordioa, hau ere eztabaida publikorik gabe onartua. Kontuan izan, gainera, kalterik handiena jasango dutenak alderdi politikoak direla.
Nire ustez, ez dago inolako ikerketarik egin behar halako kontu garrantzitsuetan ados jarri dituena «nor» izan den jakiteko. Atera kontuak: Kutxen Legeak onura bikoitza ekarri die banketxeei, murriztu egin baitu haien lehia, eta mugatu alderdi politikoek euren burua finantzatzeko zeukaten boterea.
Beste behin ere, «tigreek» arpilatu egin dituzte diru publikoz betetako poltsak. Zure eta nire diruarekin betetakoak, irakurle. Langile eta pentsiodun guztien diruarekin. Halako ustelkeria eta akordio onartezinak sinatzeaz gain, espainiarren presidenteak, egokitzapenak eta lan erreforma atzerakoiak behar-beharrezkoak direla esatearekin aski ez, eta «koherentziaren izenean» egingo dituela dio. Ez dizue nazka ematen?
«Tigre» basati horiek, sistemaren laguntzaz, zurrupatzen dute gure izerdia, langile.
Demokrazia merkearen eredu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu