Bizitza, lehen, zuri-beltzean zen?». Halaxe bota zidan gure lehengusu batek orain dela urte mordoxka bat. Ume mokoari nonbaitetik otu zitzaion galdera.
Maiz aritu izan gara aspaldiko argazki zaharrak ikusten etxean, familiartean, eta haietako askok aspaldi xamarreko garaiak erakusten dituzte. Gaur egun, gainera, telebistak iraganeko garaietako telesailak ditu izar: anbientazioa, gehienetan, ilun antzera dute, kolore lausoak, eszena itzalak; garai zailen ziztatze subliminala dute sakonean.
Eta egiazki, joandako garaiez pentsatzen dugunean, ezin ditugu gaurko koloreen zalapartatik abiatuta irudikatu. Ezin begi berekin ulertu. Gaur mundua, bizitza, koloretakoa da. Edo itxuraz, behinik behin, hala da.
Umearen galderak gure herriaren joan-etorriei errepasoa egitera eramaten gaitu; pentsa dezagun, adibidez, frankismoan, gerra osteko gosean edo estraperloan. Edo pentsa, esaterako, argindarrik gabeko egunerokoan; denak ere zuri-beltzean oldozten ditugula eginen nuke apustu, eta ez bertzela. Poztasunerako tarte txikiko garaiak ziren lehenak, egiari zor. Eta gaur nahi ez dugun bizi-baldintza, bigarrena.
Gaurko input handiak—inguruneko informazio sail apartak— iraganeko orokoloregabetzat hautematera garamatza; oraina betiirabazle da lehian, baina, bada garai gorririk ere, zalantzarik gabe.
Nolanahi den, ezin ahaztu dugu gure joera horretan ezten ezkutu bat badela; kolorea, zirrara eta hunkipen interes batzuekin erabiltzen da egungo irudiaren merkatuan. Eta konbentzioak paper nagusia du eginkizun horretan, kodigo esanguratsuenak zedarriztatuta daude aldez aurretik —literarioki, adibidez, baliatzeko—.
Naturaren zikloei begiratzea baino ez da behar. Udaberria, lehenik, freskotasuna da, berdetasuna, loreak, kolore alaiak. Ondotik uda, argitasuna da, kolore biziak, distira. Hirugarren, udazkena, kolore gorrien urtaroa, marroi-granateak, garai malenkoniatsua, zentzuek plazer hartzen dute. Azkenik, negua, heriotzaren urte-sasoia; hotza, kolore eza, biluztasuna.
Baina, halarik ere, kolore definigarriak dira denak eta beti? Ez dira estetika, oharmena, konnotazioak, emozioa, sentsazio aldakorrak?
Nolakoak ziren umetako gure ametsak? Nolakoa, gure amatxik gaztainak danbolinean erretzen zituenekooroitzapena? Nola gordetzen du jendeak gaueko istorioen memoria? Nola mamitzen ditugu gogoan oroimentxarrak, une larriak...? Zekolore du neguko gau luzeeta hormatu bateko isiltasunak?
Imajinazioek etaoroitzapenek gure barne-gogoetetan zer forma hartzen duten azaldu nahiko bagenu, agian zaila litzaiguke koloreak definitzea, maiz gauza askoren nahastea baita: hitzak, doinuak, urduritasunaren taupadak, oinazearen kolpatze fisikoa... Gomutek, egunerokotasunak, beldurrek, ilusioek, nostalgiek eta joandako garaiek, denek ere, kolore propioa dute.Hizkuntza dira, bere horretan. Koloreek denoi sorrarazten dizkigute halako edo honelako sentsazio bat,erreakzio bat —batzuetan animoaren eraldagarri, bertzetan gozagarri baino ez—, eta joera nagusi batzuk definituta dauden arren, gizakiarenhautemate-paleta anitza eta malgua da. Garaiak garai, «batek arrosaren kolorea maite, bertzeakusaina».
Denboraren kolorea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu