Elkartasuna ez da kabitzen ziega batean

Alfonso Cantera Herran Kale hezitzailea
2010eko urriaren 7a
00:00
Entzun
Askotan entzun izan dugu eskola eragile erabakigarria dela haur eta gaztetxoentzako jendartzeratze prozesuan,eta hori ez dut nik zalantzan jarriko. Hala ere, eskoletan pentsatzen jarrita, beti egiten dugu atzera ikasketa formalak eskaini dizkiguten eskoletako garaietara (gogokoen genuen irakaslea, ikasgai jasangaitza, gelakideekin batera egindako bihurrikeriak...). Askotan ahaztu egiten zaigu bestelako eskola batzuetatik ere ikaskuntzak jaso izan ditugula. Kalearen eskolatik bizirik irauteko baliabideak eskuratu ahal ditugu, ogibide asko ere eskola baliagarriak izan daitezke. Baina badira, geure Euskal Herrian, harro egoteko moduko bestelako eskola batzuk; elkartasunaren eskolak, hain zuzuen ere. Elkartasun brigada batean parte hartu duen orok jakingo du zeri buruz ari naizen.

Zaila da zenbait kontu irakastea... Nola irakatsi amodioa zer den, amodioa sentitu barik? Nire iritziz, antzeko zerbait gertatzen da elkartasunarekin. Ez gaude ohituta egungo jendartean elkartasun keinuak sumatzen, ez horixe! Gainera, errotzen ari den sistema honen iraupenerako kaltegarria da elkartasuna. Horregatik, askotan, benetako elkartasun keinuak, eraldaketa bilatzen duten elkartasun keinuak, kriminalizazio gordinaren helburu bilakatzen dira: presoekiko maitasun erakustaldiak edota justizia sozialarekiko lan politikoa, besteak beste.

Askapenaren kontrako polizia operazioa izan dugu egunotan. Udalerrietara armaz hornituta etorri zaizkigu espainiar poliziak, eta herrien arteko elkartasuna jorratzen duten zazpi lagun indarrez eraman dituzte, ETAko kide izatea egotzita. Atxiloketa hauen guztien atzean, prosezu politiko baten kontrako sabotajea dago, behin eta berriz errepikatu den moduan, baina badago bestelako helbururik. Atxiloketa bidegabe hauen bitartez herrien arteko elkartasuna kriminalizatu nahi izan dute. Inperialismoarentzat, mingarria da oso munduan zehar urteetan zehar taxutu izan den elkartasun sarea. Internazionalismoa borroka indartsu bilakatu da geure herrian, eta hori deserosoa suerta dakikoke sistemari, izan ere internazionalismoaren bitartez gainerako herrialdeetan gertatzen diren bidegabekeriak geurera ekartzeaz gain bertako errealitate soziopolitikoaren berri zabaltzen baita lau haizeetara.

Elkartasun eskola aipatu dut hasieran. Horrelaxe definituko nuke nik Askapenari esker izan nuen bizipena. Duela zenbait urte elkartasun brigada batean hartu nuen parte. Argentinara eta Uruguaira joan nintzen hilabete batez euskal brigadista batzuekin batera, eta hantxe ezagutu nuen letra larriz idatzitako Elkartasuna hitzaren esanahia. Izugarria izan zen Argentinako herritarrek pobrezia eta politika ekonomiko krudelei aurre egiteko erakutsitako antolakuntza eta erresistentzia gaitasuna... Ezin ahaztu herritar xumeen begirada sakonak Euskal Herriaren gaineko azalpenak ematen genituenean, ezta El Filtron (Uruguain) urtero antolatzen den manifestazioan parte hartzean herrialde horretako herritarrekiko sentitutako gertutasuna ere, Maiatzeko Plazako amekin izandako bilkura, langileriaren antolakuntzaz berpiztutako lantoki herritarrak, txirotasunari aurre egiteko antolaturiko elkartasun sareak... Eta, nola ez, brigadiston artean sorturiko harreman bereziak... Benetan ahaztezina! Hori guztia kriminalizatu nahi dute. Baina jakin beharko lukete indarra ez dela nahikoa elkartasuna amaiarazteko. Are gehiago, esango nuke horrelako ekimen bidegabeek min handia eragiten dutela baina elkartasun sarea sendotu egiten dutela... Internazionalismoa ezinbestekoa zaigu eraiki nahi dugun Euskal Herri berrian. Datorren ostiralean Internazionalismoa ez da delitua. Askapena aurrera izenburupean Iruñean egingo den manifestazioan parte har dezagun, Argentinako piketeroen grina gogoan izanik, elkarta-sunaren aldeko oihuak espainiar kartzeletaraino irits daitezen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.