Energia nuklearra, «egiak» eta «mitoak»

Joxe Ramon Etxebarria Aitor Bezares
2011ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Kontua zer den. Mundu osoan zehar energia nuklearra sustatzeko propagandazko ekimen indartsua abiatzen ari ziren unean, Japoniako lurrikara gertatu, tsunamia sortu eta izua zabaldu da gizartean.

Dirutza izugarriak inbertitzeko (eta irabazteko) prozesua abiatzekoa zen, globalizaturik, energia nuklearra krisi ekonomiko-energetikoa gainditzeko ihesbidea izango zelakoan, eta Naturak astindu latza eman digu, gai horren inguruan esandako «egiak» eta eraikitako «mitoak» kolokan jarriz. Esan nahi baita, zentral nuklearrak seguruak zirela, istripuei aurre egiteko gai zirela, energiaren hornidura ziurtatuko zigutela... Usteak erdi ustel, ezustekoa gertatu baita. Eta horrekin batera, hausnarketarako garaia.

Hasteko, ekonomiaren eta gizartearen antolakuntzari buruzko «egiak» zalantzan jarri beharra dago. Azken urteotan etengabeko hazkundearen aldeko jarrerak proposatu dira nonahi, globalizazioaren aitzakiaz, mundua kontrolatzen duten boteredunengandik, eta gobernariek lelo berari jarraitu diote. Irabaziak urtero hazi behar omen direnez, portzentaje positiboetan neurtzen da ekonomia. Hazi egin behar omen da, lana egon dadin, eta horretarako pribatizazioaren bidetik jo behar omen dugu; bestela, langabezia haziko da, eta gastu publikoa murriztu egin beharko da are gehiago. Hazi egin behar da, hazi betiere, kontuan hartu gabe Lurra sistema mugatua dela, eta hainbat baliabide agortuz doazela, alegia, betiko gastatzen ari garela. Baina, bide horretatik, Lurra ez da sistema iraunkorra, eta metodoa ez da jasangarria.

Hala ere, benetako kontua erabakitzean datza; hau da, nork erabakitzen duen gizarteko sistema nolakoa izan behar duen; izan ere, arazoaren funtsa gizartearen eta garapenaren ereduan dago. Muinera jo behar dugu, eta barra-barra onartzen diren zenbait «mito» biluzi behar ditugu.

Japonian biluzi den lehenengo mitoa segurtasunera izan da. Dena omen zegoen kalkulaturik, lurrikaren erasoa barne; hortaz, zentralak guztiz ziurrak ziren, lurrikarei eusteko gai. Baina ezustekoa lurrikararen ondoko tsunami modura etorri da lehenik, eta hornidura elektrikoaren banaketaren porrotaren forman ondoren. Domino-efektua jarri da martxan, eta zentraleko hozte-sistema hondatu da gero; eta erreaktorean sorturiko bero-energiaren jarioa kanporatu ezinik, barneko tenperaturak gorantz egin du eta horrek nukleoa urtzea ekarri du. Gutxienean ere, betiko hondatu da erreaktorea, eta hortik askotariko hondamendiak sortu dira: ekonomikoa batetik, hemendik aurrera zentrala erabili ezingo delako; ekologikoa bestetik, ihes erradioaktiboen arriskua gauzatu delako; soziala azkenik, hamarna milaka biztanle ebakuatu beharra egon delako... Gainera, domino-efektuak aurrera segitu du, inguruan beste zenbait erreaktore ere bazeudelako, eta arazoa horietara ere hedatu delako. Energiaren sorkuntza kontzentratzeaz bat, arriskua ere kontzentraturik zeukaten... Segurtasun erabatekorik ez dagoela jakinik, segurtasunari buruz hitz egingo al dugu?

Biluzitako bigarren mitoa istripuen inguruan zabaltzen diren erakunde ofizialek emandako informazioen fidagarritasunarena da. Egia da gai delikatua dela, eta kontuz ibili behar dela, errazegi sor baitaiteke alarma soziala. Baina lurrikara gertatu ondoko astean zehar izandako eboluzioa ikusi besterik ez dago. Informazioen larritasuna modelaturik agertu zaigu, egunetik egunera gero eta datu larriagoak emanez, istripuaren arrisku-maila etengabe goratuz. Benetako larritasunaz jabetzeko, harturiko neurriak interpretatzen ibili behar izan dugu.

Biluzik geratu den hirugarren mitoa zentral horiek sortutako energiaren kostuaren merketasunarena izan da. Izan ere, galdera sinple bat dator harira. Ehun mila pertsona baino gehiago beren etxe eta herrietatik atera behar izan dituztenean, Tokio bezalako megahiri bat itzalpean eduki beharra dagoenean, eta hori zentralotan izandako istripuaren ondorioz gertatu denean, esan ote daiteke energia hori «merkea» dela? Gizarteak jasandako kaltea kontabilizatzen ote da? Edo hori herritar guztiok ordaindu beharrekoa dela kontsideratzen al da? Doan?

Bestelako hausnarketak ere egin daitezke, energia nuklearraren erabileraren aurka dugun jarrera oinarritzeko. Ezker abertzalean koherenteki izan dugu jarrera hori, euskal kostalde ez-nuklearraren aldeko mugimendu herritarra sortu zenetik, eta horretan mantentzen gara egoera larri honetan. Uste dugu bestelako planteamendu orokor bat egin behar dela energiaren erabilerari dagokionez, bestelako bultzada bat eman behar zaiela energia berriztagarriei, bestelako planteamendua egin behar dela hazkunde ekonomikoari dagokionez eta bestelako planteamenduak egin behar direla kontsumismoaren inguruan. Halaber uste dugu, bestelako planteamenduak egin behar direla aberastasunen banaketari eta gizarte-ereduari buruz, eta horretan herritarren partaidetza bultzatu behar dela. Dena den, oraingoan besterik ez zaigu gelditzen, japoniar herritarrekiko elkartasuna adieraztea baino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.