Erasoan datoz berriz, are bortitzago oraingoan

Txelui Moreno Sabino Cuadra Ezker abertzaleko kideak
2010eko urriaren 27a
00:00
Entzun
Iazko abenduan, aurrekontu murriztaile eta antisozialak onartu zituen Nafarroako Gobernuak (UPN) 2010. urterako. Murrizpen horiekin aski ez, nonbait, eta Gobernu zentralak (PSOE) egin zituen urratsei jarraiki, are gehiago soildu zituen gerora, motozerrak egiten duen era berean, eta hainbat diru atal izoztu eta urritu zituen. Eta datorren urte honetarako ere, lehengo lepotik burua!: murrizpenekin jarraituko dute, eta aurrekoa baino are antisozialagoak izango dira 2011. urteko aurrekontuak.

Irailaren 29ko greba iragan eta handik bi egunetara, Nafarroako Parlamentuaren ateetan abegi egin zieten CEN Nafarroako patronalaren lehendakariak eta Miguel Sanzek CCOO eta UGT sindikatuetako idazkariei, losintxa eta besarkada artean egin ere. Moderna Plana aurkeztekoak ziren Parlamentuan, eta arrazoi horrek bildu zituen guztiak elkarrekin. Gerora, planari onespena eman zioten UPNk, PSNk, CDNk eta IUNk. Plan horri esker -halaxe kontatu digute-, hurrengo 20 urteetan, Europako buru izango gara garapen ekonomikoaren alorrean, per capita errentan, ingurumen alorreko iraunkortasunean eta giza garapenean. «Ezagutzaren Nafarroa», hori izango omen da apustu estrategiko globala, eta luze gabe, horrek bihurtuko omen du gure erkidegoa paradisu liluragarri: 77.000 lanpostu berri sortuko dira, produktibitatea %40 handituko da, gazteen %90 ingelesez egoki mintzatuko dira -euskaraz ez dakigu-...

Etorkizunari buruzko ameskeria horiek, tamalez, gaur egungo amesgaiztoak estaltzeko baino ez dira. Azken bi urteetan, bikoiztu egin da langabezia, erruz ugaritu da pobreziak eta gizarte bazterkeriak erasandako pertsona eta familia kopurua, eraikuntzaren eta porlanaren erraldoiak ezin dio bere buruari eutsi buztinezko oinen gainean, egunero onartzen dute ERE berriren bat eta gai sozialetarako aurrekontuak murriztu eta murriztu ari zaizkigu etenik gabe. Ekoizpen eta garapen eredu jakin baten porrotak ekarri digu egoera hori, baina zenbaitek ez du eredua zalantzan jartzeko asmorik; bankuen eta finantza erakundeen botere neurrigabeak ekarri gaitu hona, ezkutuko eta ageriko hariak mugitzen dituzten horien botere goseak, baina inor ez da ausartzen horiei kontuak eskatzera, badaezpada ere... Eta, hara orain paradoxaren handia!: lehengo gauza berberak eginez eta sustatuz atera nahi gaituzte krisitik. Behin eta berriz famatuko dute «Ezagutzaren Nafarroa», lelo hori entzunaraziko digute gaur bai eta bihar ere bai, baina Gobernuaren aurrekontuak oso bestelako bidetik doaz. Ikus dezagun.

Hasteko, %5 murriztuko dute aurrekontua bere osoan, eta atalez atal, %21,74 kenduko diote Kulturari, %6,19 Hezkuntzari, %5,97 Etxebizitzari eta %5,81 Landa eta Ingurumen Garapenari. Nola ulertu behar da «ezagutzaren» aldeko apustua egin nahi izatea, eta Kulturako eta Hezkuntzako aurrekontuari halako bakandua egitea?-beste guztiak baino gehiago murriztuko dituzte, alajaina!-.

Ikus dezagun beste adibide bat. Nafarroa Planak inbertsioetara bideratuko dituen 700 milioi euroetatik, agroindustriak eta ureztatzeek/Nafarroako Ubideak eramango ditu 139,9 milioi, errepideek/autobiek 136,6 milioi eta AHTak 88,4 milioi. Hiru atal horiek bezala, Hezkuntzak eta Osasunak ere jasoko dute berea; baina zenbat? Bada, bietarako izango diren kopuruak batuta, 88,9 milioi ateratzen dira. Hau da, AHTak berak bakarrik eramango du Hezkuntzako eta Osasuneko inbertsio guztiek adina, eta porlanak, berriz -ai porlanak- (autobiak + AHTa + Nafarroako Ubidea), Hezkuntzak eta Osasunak halako hiru. Zenbaki horietan, non eta nola egiten da apustu «Ezagutzaren Nafarroaren» alde, ekologiaren alde, giza garapenaren alde?

Zoritxarrez, ez dira hor bukatzen arazoak. UPNren gobernua eta PSOErena kupoaren -burujabetza fiskala galdu izanaren isla- auzia negoziatzen ari dira, eta Madrilgo irizpideak gailenduz gero, 200 milioi euro ordaindu beharko dizkiogu nafarrok, eta orduan, are gehiago murriztuko dizkigute aurrekontuak: %7 edo 8 ingurukoa ere izan daiteke murrizpena. Eta agintariek zer joera erakutsi duten ikusita, argi dago zer atal zamatuko duten.

Madrilen eta Nafarroan, tratularien gisara ari dira aurrekontuak onartzeko negoziaketetan. Hor ez dute lekurik herritarren beharrek, alderdienak baino ez dira ageri, UPN eta PSN-PSOErenak, eta helburua argi dute biek ala biek: botereari helduta jarraitu, ahalik eta puska handiena biltzeko. UPNk abstentzioa emango dio Madrilen PSOEren aurrekontu proiektuari, eta PSNk harenak babestuko ditu Nafarroan, eta era horretan, tratu hobea egiten saiatuko dira kupoaren 200 milioiak negoziatzerakoan. Horra harri batez hiru kolpe! Gutxi axola die horiei PSOEren aurrekontuak guztiz antisozialak izatea, UPNrenak edozeini ilea lazteko modukoak izatea eta kupoaren eskakizun globala ez hanka eta ez buru duen inposizioa izatea. Beste zerbaiten atzetik dabiltza horiek.

UPNren gobernuak prestatu dituen aurrekontuei aurre egiteko, ez da aski protesta oharrak kaleratzea, iritzi artikuluak argitaratzea -honen gisakoak, adibidez- eta Parlamentuan zuzenketak aurkeztea. Harago joan beharra dago, dezente harago. Guztiz beharrezkoa da, ezkerretik, harresi politiko eta soziala eraikitzea, Nafarroako bazter guztiak mugiaraziko dituen harresia, jendea ohar dadin zer-nolako izaera erreakzionarioa duten aurrekontuek, eta matxinatu dadin egiaz eta horien aurrez aurre jarri. Asmo horrekin ari da lanean ezker abertzalea, eta aurki jarriko da harremanetan era guztietako eragile politiko, sindikal eta sozialekin, elkarrekin azter dezagun zer egin dezakegun hainbeste gehiegikeriari erantzuteko, ahalik eta modurik bateratuenean, duintasunak eta justiziak eskatzen duten neurrian. Behar-beharrean gaude eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.