Erretreten kontrarreforma gelditu behar dugu! (Frantziar konfederazio sindikaletako buruei gutun irekia)

Amaia Fontang Corentin Lemonnier Jean Brignole LAB sindikatuko, Bretainiako SLB sindikatuko eta Korsikako STC sindikatuko ordezkariak
2010eko urriaren 14a
00:00
Entzun
Nicolas Sarkozyk proposatu erretreten «erreforma» Parlamentu frantsesak lehen irakurketan onartu zuen, eta 2010eko irailaren 23ko Mobilizazio Egunaren ondotik, guk, Frantses Estatuaren Menpeko Estaturik Gabeko Nazioetako sindikatuek, hau adierazi nahi dizuegu frantses konfederazio sindikal nagusietako zuzendaritzei:

Ontsaxko kokatuak zaudete erreforma hau egiazki gibelamendu sozialera garamatzan kontrarreforma bat dela jaki-teko. Izan ere, «erreforma» honek gehiago erantzuten dio nazioarteko instituzioek (NDF Nazioarteko Diru Funtsa, MME Munduko Merkataritza Erakundea, Europar Batasuna)inposatu nahi duten merkatu finantzarioen errentagarrita-sunari, demografiak eta arit-metikak omen saihestezin bilakatu lituzketen doikuntzei baino.

Ontsaxko dakizue kontrarreforma honek, Sarkozyk aitortu bezala, Erresistentziaren Kontseilu Nazionalak (CNR) 1945ean abian ezarri zuen sistema soziala suntsitzea bilatzen duela. Horretarako, sistemaren zutabeetarikoa den belaunaldien arteko elkartasunean oinarrituriko banaketazko erretretari kapitalizazioaren esku utziz erasotzen dio.

Ontsaxko dakizue sistema honek hirutan dituela «erreformak» pairatu, 1993an, 2003an eta 2007an, eta honekin saihestezinak bezala iragarriak izan diren bi «erremedio azkar» proposatu dutela:

Hogeita hamazazpi urte eta erditik berrogeira, gero berrogeita batera eta ondotik urtero hiru hilabete gehiago kotizazio denboraren luzatzea. Horretarako, Fillon legeak abian ezarri duen Erretreten Bermerako Batzordeak kotizazio denboraren eta erretretan sartu ondoko bizi itxaropenaren arteko erlazioa begiztatzeko ardura du: bizi itxaropena emendatuko den bakoitzean, kotizazio denborak ere gora eginen du...pentsioen kalkuluen oinarria aldatuz, azken hamar urte hoberenen ordez azken hogeita bost urte hoberenak kontuan hartuz.

Ondorioak? Azken hamabost urteetan erretreten mailak behera egin du lan sariarekin konparatuz, eta Barne Produktu Gordinaren etekinen partea emendatu da, baina produktibitatearen irabaziak sakela beretara doaz bitartean.

Ontsaxko kokatuak zaudete soldatapekoek eta funtzionarioek logika hori errefusatzen dutela jakiteko. Irailaren 7an, Frantziako Gobernuaren intoxikazio kanpaina gaindituz, milioika jende bazen karriketan. Irailaren 23an, gauza bera. Kondenatuak ote dira berriz ere, beste behin ere, prest direla beti mobilizatuak direla «frogatzera» ?

Nork bere ardurak. Ibilbide argi bat marrazteko tenorea heldu dela iruditzen zaigu: Sarkozyren erretreten kontrarreforma geldiarazi behar dugu !

Lege hori bazterrarazi arte mobilizazio orokor eta iraunkorra finka dezagun: publikoa informatuz, elkarrekin egin batzar eta esku-orrien bidez, mitinen bidez, manifestazioen bidez, hitzartzeen bidez, komunikatuen bidez, lanuzteen bidez, eta abar.

Horrela prestatuko dugu elkarrekin Greba Orokorra!

Artikulu hau Guadalupeko eta Martinikako UGTG eta UGTM sindikatuetako ordezkariek ere izenpetu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.