Joan den urriaren 25ean ETBko erredakzioan zentsura eta inposaketa saio bat gertatu zen. EITBko Zuzendaritza, bere erantzukizunari heldu ez, eta gezurretan dabil harrezkero. Aldi berean, bertako profesionalen kontrako difamazio kanpaina bati ekin dio, eta ideologia eta jarrera politiko jakin batzuekin lotu ditu, haien interesekin bat egitea leporatuta. Eusko Legebiltzarrera ere iritsi da eztabaida horren oihartzuna. Blanca Urgell, Kultura sailburu eta Euskal Irrati Telebistako arduradun politiko nagusia zaren horrek, agerraldia egin zenuen oposizioak eskatuta, azaroaren 19an. Han esan zenituenak entzun ondoren, iritzi publikora jo beharra ikusi dugu. Izan ere, gure zintzotasuna eta sinesgarritasuna zalantzan jarri zenituen «gezur potoloak» esan ditugula adierazita. Hortaz, zenbait puntu argitu nahi dizkizugu:
1. Ez zen zirriborro trukerik egon. Politika arloburuak erredaktoreak egindako lana baztertu, eta berea inposatu nahi izan zion; kutsu editorial nabarmena zuen testua, alegia.
2. Erredaktoreak ez zuen hori onartu, berea ez den testu bat ez sinatzeko daukan eskubideari helduta. Hala ere, beste aukera bat eskaini zion arloburuari: arloburuak egitea lokuzioa eta sinatzea albistea, eta ondoren erredaktoreak berak egitea irudien muntatzea, arloburua ez baitago horretan trebatuta.
3. Arloburuak ez zuen onartu aukera hori. Hortaz, erredaktoreak lanarekin aurrera egin zuen, informazioa berak antolatu bezala landuz.
4. Gauzak horrela, egun horretan editore lanetan zebilen Eguneroko Albistegietako zuzendariordeak bideoa bertan behera uzteko agindu zion erredaktoreari, betiere albistegietako zuzendaria jakitun zela. Arduradun biek hasieratik izan zuten arloburuaren eta erredaktorearen arteko tirabiraren berri.
5. Politika arloburuak idatzitako testua arratsaldeko albistegirako berreskuratu zuten. Editoreak eman zion behin-behineko kontratua daukan beste erredaktore bati. Hori ikusita eta goizean gertatutakoa jakinda, egoneza nabaria zen erredakzioan. Horren aurrean, editoreak kazetariari aukera eman zion testua aldatzeko.
6. Hortik aurrera, Politikako arloburuak ez zuen gehiago parte hartu bideoaren egikeran. Arratsaldeko erredaktoreak beste kazetarien laguntza jaso zuen azkenean emititu zen bideoa egiteko. Hori da, hain zuzen, Zuzendaritzak EITBko web orrian eskegi zuen bideoa eta ez Politikako arloburuak inposatu nahi izan zuena.
7. Berea ez zen informazioa sinatzeari uko egin zion kazetariari eta Erredakzio Kontseiluaren izenean gertatutakoa zabaldu zuen kazetariari diziplina espediente bana irekiko zietela jakinarazi zien ETBko zuzendariak. Azkenean, ohartarazpenak izan dira: batetik, leporatzen zaienak oinarririk ez daukalako eta inon ere ez dagoelako horrelakorik jasota ETBko Lan Hitzarmenean; eta, bestetik, EITBko langileek eginiko presioak bultzatuta.
Uste dugu zehaztasun horiek lagungarri izango dituzula zer gertatu zen ongi ulertzeko. Badakigu zure karguak EITBko Zuzendaritza babestera behartzen zaituela, haien gestioaren azken erantzukizuna zurea baita. Baina ezin dugu onartu bertsio guztiak aintzat ez hartzea. Are gutxiago, ETBko langileen kontrako difamazio kanpaina bultzatzea, gezurrak esatea eta zintzo ez jokatzea leporatuz. Sinesgarritasuna eta zintzotasuna dira kazetari baten ondarea, eta, hortaz, baita bere lana argitaratzen duen komunikabidearena ere. Kazetariari izen ona kentzea bere komunikabideari kentzea ere bada. ETBko profesional gehienok telebista publikoan garatu dugu gure ibilbide profesionala. Urte asko eman dizkiogu informazioari. Beste zuzendaritza batzuekin ere izan ditugu tirabirak; sakonak batzuetan, baina sekula ez gara iritsi gaur bizi dugun egoerara, horrelako inposaketa eta zigorra jasatera.
Urgell sailburua, jakin behar duzu, gainera, gertaera hau ez dela ez lehena ez salbuespena izan. Bai, ostera, nabarmenena, etxe honetako langileek euren duintasuna, denak batuta, defendatu dutelako eta tinko eutsi diotelako presioari.
Edonola ere, erredaktore guztiak ez daude egoera berean zentsurari aurre egiteko. Behin-behinekotasunak bidea errazten dio zentsurari, baita autozentsurari berari ere.
Sailburu anderea, proposatzen dizugu azter dezazula langile taldearen osaketa eta erredaktore, aurkezle, bitarteko kargudun eta editoreek zer-nolako kontratuak dituzten, baita erredaktoreen artean gaiak banatzeko irizpideak ere..., eta erantzun batzuk aurkituko dituzu.
Radio Euskadin 2009ko uztailaren 11n emandako elkarrizketa batean esan zenuen «egin dugun oinarrizko apustua da kazetariek eurek erabaki dezatela zer egin eta zelan». Azaroaren 19ko zure adierazpenek hautsi egin dute oinarrizko printzipio hori.
Urgell anderea, errealitatea ezkutatu eta desitxuratzeak arazoak enkistatu egiten ditu, eta konponbideak oztopatu. Zuk erabaki behar duzu nahiago duzun begiak itxi Euskal Telebista Publikoa jasaten ari den egoera honen aurrean edo, ostera, enpresa honen martxa onean interesik handiena dugunoi, ETBko langileoi, entzun.
Zeuk erabaki.
ETBko langileek Urgell sailburuari eskutitz irekia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu