Euskal bakea, euskal herritarrek eta euskal herritarrentzako egindako euskal bakea, 200 urtetan izan ez dugun aukera historikoaren mamitzea da. Euskal Herriarentzako, euskal nazioarentzako, euskal eragileek adostu beharreko bakea.
Azken 200 urteetan, nazio-estatuen eraketa prozesuetatik at geratu da Euskal Herria. Haien prozesuen menpe, hain zuzen ere, eta haien proiektuek eragindako baldintzatze eta erasotze horren pean.
Espainiar eta frantses estatuek, baita -noski- haien artean borrokatuz eta haien arteko «muga naturalak» zehaztuz, Euskal Herria subjektu politiko gisa ukatu dute, eta jazarri egin zaizkigu.
Prozesu estatu-sortzaile horiek garaiko baldintza sozio-ekonomiko, politiko-burokratiko eta militarren arabera gauzatu dira. Eskema horietan, eta euren estatu liberal-burgesak eratzeko borrokatu diren bi klase gidari horien aurrean, oinarrizko antolakuntza politikoaren gabezian objektu politiko bihurtu da Euskal Herria. Objektu politiko izateak mundu ustel honetan erabakitzeko gaitasun eza, izate politiko eza eta bestelakoak erakartzen ditu. Dimentsio eta koordenada propioetan antolatzeko ezintasuna ere bai.
Egoera historiko jakin honetan, zazpi herrialdetan historikoki, kulturalki eta sozio-politikoki hedatzen den Euskal Herriak galtzeko aukera ugari ditu. Izan ere, ez ditugu erabakigune politiko bateratuak Euskal Herriko zazpi herrialdeentzako erabakiak hartzeko.
Bide horretan, Euskal Herriaren sustantzia -hizkuntza, kultura, garapen sozioekonomikoa, soziopolitikoa eta abar- itsas olatuen danbatekoen menera geratzen da, bai mundu global bati dagokionez, bai estatuen interesei dagokienez.
Euskal bakeak, hortaz, esan nahi du guk gerok adostu behar dugula gure herriaren zer, noiz, nola eta abar eta abar. Norekin galdera da oraingoz badakigun bakarra, Euskal Herriko indar guztiak baitaratu eta bertaratzea ezinbestekoa baita bake prozesu demokratiko baten testuinguruan. Ezin da inor soberan egon.
Esfortzu hirukoitza eskatzen digu horrek. Lehenik eta behin, hauteskunde indar bat behar dugu ezker abertzaleon ordezkaritza bateratua osatzeko. Bigarrenik, hauteskundeak irabazten saiatu behar dugu, edozein indar politiko duin eta kontzientziaduni dagokion gisan. Hirugarrenik, behin errealitatea hautespotoetan manifestatuta, konbentzitu behar ditugu EAJ, PSOE eta PP euskal naziotasunaren dimentsiorik gabe, bake ahul, hauskor eta behin-behineko bat besterik ez dugula izango. Ez gara deus asmatzen ariko: XIX. mendetik datorkigun halabeharraren sorgin-gurpil zital honetatik atera nahi dugunaren kontzientzia osoa besterik ez dugu beharko.
Behin betiko bake batek, euskal bake benetako batek, demokraziaren matrizea eta ardatza proiektu guztiei ireki behar die. Beraien gauzagarritasunari. Ideien eztabaida sanoari. Herri sektoreen antolatze, espresatze eta manifestazioari. Denak zilegizkoak, denak beharrezkoak. Jazarpen politiko mota guztiak giltzapean jarri beharko ditugu.
Euskal bakeak, gure artekoak, balio beharko digu gerora espainiar eta frantses ordezkari politikoengana joan eta gure hitza errespeta dezaten. Gure hitza, erabakia, erabakitze gaitasuna, prozedurak, moduak, tresnak errespeta ditzaten. Euskal bakearen dimentsio guztiak, eskubide guztiak, pertsona guztiak, biktima guztiak, arlo guztiak. Demokrazia bat osoa, bilakabidean, atzeraezina, etengabeko eraikitze prozesuan eta batez ere demokrazia bat beldurrik gabea, Euskal Herriak etorkizunean har ditzakeen erabaki eta ibilbideen inguruan beldurrik ez duen demokrazia bat.
Paktismoarena hitz hustua eta urardotua da. Gehienetan eta gehiegi, esklabutza politikoen eskemetan erabili izan da euskal auzietaz aritzean. Nagusi den botere batekiko menpekotasun eskemetan. Historiak erakusten du hitzek guk nahi dugun balorea berreskura dezaketela. Paktismo berri bat behar dugu, zintzoa, errespetuzkoa. Euskal paktismo berri bat errealitatearen tamaina eta neurria hartua duena, denok kabitzen garen paktismo eta kultura politiko berri bat. Agian ez dira iritsiko soluzio orokorrak, azken burukoak, baina demokrazia mekanismo kontua ere bada: elkarrizketa garatzeko modu bat, elkarri errespetatzeko jarrera bat, ortzimuga politikoak zabaltzen joateko denok kabituko garen arte.
Euskal bakea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu