Gure selekzioa ez da selekzio normal bat, ez dabil berdegunearen gainean, biraka, munduan, eta biba-ka, herri bat. Bere berriak gehiago iristen dira ezin adostuetatik, jotako zutoin edo huts egindako penaltietatik baino, partidu bati buelta eman diola inon ez da komentatzen. Titular gehienak izenaren gorabeheratik edo pankarta batetik sortzen dira, inork ez du eztabaidatzen 4-4-2, edo 4-3-3, zein den joko sistemarik onena. Gure selekzioa ez da selekzio normal bat, ez ditu pena eta ezina besteek bezala bizi. Gure selekzioaren penak, eta ezinak, besteenak baino askoz ere larriagoak dira, izan edo ez izan, eta horrek kezka handia sortzen digu.
Orain dela bi urte, eta iaz, tristuraz ikusi genuen zer gertatzen ari zen. Ulertzen genuen jokatu ezinaren arrazoi sakona, jokatzearen eta jolastearen arteko aldea. Jokalariek jokatu egin nahi, eta federazioa konforme jolastearekin. Ulertu genuen jokalarien mina. Eta haserrea. Oraindik ere desagertu ez den haserrea. Ez dira selekzioaren elastikoa gau bakarrean luzitzeko hamaika maniki. Sentimenduaren bulkada bat badute beren baitan, nazio baten ordezkariak dira; ez dira portzelanazkoak. Kirolari profesionalak dira, eta beren nahimenak baditu gailurrak, gailur horietarako bide sentimenduak ere bai, erronka bakoitzaren atzean arima bat, bihotza, pasio bat... Futbolari profesional orok bezala beren selekzioarekin lehiatzea dute amets, eta gu ere amets berak esnatzen gaitu goizero, zale moduan, futbolaren munduko biztanle moduan. Guk ere badugu herri baten forma duen sentimendu hori, eta gure selekzioa egun batean ofiziala izango den ametsa. Gure selekzioak munduan leku egin diezagun nahi dugu.
Bide horretan, gustatu zaigu, aurten jokalariek izan duten argitasuna, eta erakutsi duten ardura. Beste urte bete jokoz kanpo pasatzeko arriskuaren aurrean, beren baitarik, partidu baten erdian eurek erabakita bezala, estrategia aldatu dute. Euren beharra sentitzen genuela ulertu, eta haserreari bide berria ireki diote; federazioa bere interes tristeetan preso ikusirik ere, jokatzea erabaki dute. Inori mesederik egingo ez liokeen korapiloa beren baitarik askatu dute. Horregatik, gure babes guztia jaso dute haserrearen eta ilusioaren aldarria, Euskal Herri osora zabaltzeko.
Gogo horrekin hitz berriak idatzi zituzten azken agirian, haserre hitzak, eta mugarri hitzak, bide berri baterako abiaburuak. Baina abiatzeko laguntza eskatzen zuten eta eskakizun hori bidezkoa dela uste dugu ofizialtasunaren bidean inor ez dagoelako soberan adierazteko. Alde horretatik, gure futbolariekin batera bide berriak nondik asma litezkeen pentsatzeko prest egon behar dugu. Ez dugu beste munduko ezer eskatzen: selekzio normal bat baino ez, edo munduko jokalari bakoitza berdegune gainera berak sentitzen duen kolorea jantzita ateratzeko eskubidea. Bakoitza bere hautuan libre izan dadila, inork inora eta ezertara behartu gabe. Eta denen arduratzat dugu eskubide horri hitzaren bigarren zati hori aurkitzea, bidea, pertsona ororen eskuetan egon dadin, izan euskaldun, frantses, espainol, edo nahi den lekukoa izan, norbere aukera erabakitzeko askatasuna. Horretarako, korapilo hau benetako askabideetan jartzeko itxaropenez, elkarrekin bide berri bat marrazten hasteko prest gaude. Bide bat marraztu nahi dugu,ez harrizkoa noski, lur etabelarrezkoa baizik, futbol selekzio bati dagokion bezala, eta gure herriari dagokion bezalaxe. Alde horretatik, aurreko asteazkenean, abenduaren 29an Bilbon, futbol partida baino zerbait gehiago egon zen jokoan eta lagun arteko izan bazen ere, nabarmen, ofizialtasunaren garaipena izan zen.
Horregatik, bide hau erabiliaz, euskal jendarteari oro har eta zaleei bati bat, gure zorionak ematearekin batera gure esker ona ere erakutsi nahi diogu, finean, 29an Bilbon gertatutakoarekin erakutsi dutelako, kementsu eta gogotsu daudela, guztion artean,etorkizunean ikusi nahi dugun selekzio normal horri, nazioartera begira bere bidea irekitzen laguntzeko.
Eta hain zuzen, hori da orain guztion betebeharra, euskal selekzioa, euskal herriko selekzio normala izateaz gain, nazioartean ofiziala izatea ere. Eta zeregin horretan, ekarpen gisa, gure esperientzia elkartrukatzeko prest gaudela adierazten dugu, guztion artean ( federazioa,klubak, jokalariek,… ) errazago aurkituko dugulako orain arte lortu ez dugun ofizialtasunaren bidea.
Iritzi hau futbol munduarekin harreman estua izan dutenhonako hauek ere izenpetu dute:Iñaki Alkiza, Jose Maria Arrate, Jose Artetxe, Ramon Aznar, Leo Barañano, IñaxioKortabarria, Juan Mari Lasa, Angel Segurola
Euskal selekzio ofiziala nahi dugu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu