Euskaltzaindiaren auzo-eskuzabaltasuna

Pako Sudupe. Ainara Maia Urrotz. Eneko Maioz
2010eko urriaren 13a
00:00
Entzun
Bi gauza bateratu zaizkit denboran. Andima Ibinagabeitiaren gutunak argitaratzeko proiektua, eta Euskaltzaindiak oraindik orain argitaratu duen Ahotsa, hitza, hizkuntzak poema liburua, euskal ahotsa euskaraz eta gaztelaniaz oratua, mamitua eta gauzatua.

A. Ibinagabeitiak idatzi zuen gutundegi ikaragarri ugaritik mila eta zortziehun inguru daude Euskaltzaindiaren Azkue bibliotekaren eskuetan, berak eginak mila pasatxo, eta berari eginak, ia zortziehun. Hamarretik bederatzi eta erdi euskaraz eginak, oso euskara on-dotorean, eta gehienak oso interesgarriak alde askotatik.

Ahotsa, hitza, hizkuntzak liburuan bost euskal idazleren, eta gurean bizi izan ziren edo diren bost espainiar edo hispaniar idazleren poemak argitaratu dituzte lau hizkuntzatan. Nik uste baditugula kontzeptu batzuk bereziak: zuk gaztelaniaz egiten badituzu poemak, baina gurean bizi bazara, euskal poesia egiten duzu, euskal ahotsa zara. Ildo horretatik laster argitaratuko dizkigu Euskaltzaindiak Ipar Euskal Herrian nonahi bizirik, poesiak frantsesez egin dituztenen edo egun egiten ari direnen poemak lau hizkuntzatan, mundu guztiak jakin dezan frantsesez egindako poesia ere gurea dela, euskal poesia dela. Zein handiak garen: hiru edo lau hizkuntzatan egindako euskal poesia daukagu atzerritarrei harro-harro erakusteko!

Gutunak argitaratzeak poemak argitaratzeak bezala kostu batzuk ditu. Ibinagabeitiaren gutundegiari gagozkiola, gutunak eskanerrean pasatuak ditu Azkue bibliotekak, baina ordenagailuan joak ez. Eskuratzeko, ordenagailuan jotzeko eta prestatzeko kostu batzuk daude. Horiek orain arte ez ditu Euskaltzaindiak bere gain hartu.

Angela Figuera, Blas de Otero, Javier Bengoetxea, Jorge Gonzalez Aranguren eta Blanca Sarasuaren poemak kultura dira dudarik gabe, euskal kutsudun edo gabeko kultura espainola edo hispanikoa, eta nire uste apalean Espainiako Akademiari dagokio ezagutaraztea. Espainiako Akademiak zenbat gastatu du euskal poesia sustatzen?

Ibinagabeitiaren gutundegia Orixerena edo Zaitegirena bezala kultura da, oso interesgarria eta ez dut uste Espainiako Akademiak horiek argitaratzeari ekingo dionik, krisi garai honetan hainbesteko bat esleituko duenik hori egiteko; eta egungo egunean Euskaltzaindiak ere ez; Euskaltzaindiak kobratu egingo dizu eskaneatutako gutunak eskuratze hutsa.

Zer bultzatu behar du Euskaltzaindiak? Zertan gastatu behar ditu sosak? Auzo-eskuzabaltasunak zer mesede dakarkigu, eta zer kalte? Horra eztabaida.

Pako Sudupe. Idazlea.

Erantzunik gabeko maitasunezko eskutitz bat

Kaixo, zer moduz zaude?

Ni udazkendurik, malenkoniatsu, uda osoa zure deiaren zain egon naiz, uda gurea izanen zela uste nuen, zuk erran zenidan. Zure deiaren zain, aukera bat soilik eman nahi nion gure maitasun askeari uda honetan, maitasunez hasi baikenuen urtea eta zuri «maite zaitut» erranez begietara bukatu nahi nuen. Eskutitzak, liburuak, harritxoak eta postalak igorri dizkizut, gau eta egun egon baitzara nire buru-bihotzean. Eta bitartean bizi!

Udazkendurik, anaiaren ezkontzaren bestondoarekin... Ezkontzan olerki hunkigarri bat irakurri nuen, bihotzetik hasperen, begietatik negar, ahotik irribarre; eta bikotekiderik gabe, zu gabe, joan nintzen Hendaiara, ezkontzara irailaren 25ean. Baina zure besotik imajinatu nuen neure burua eta irribarre egiteko indarra hartu nuen orduan: zoriontsu nintzela zure ondoan irudikatu nuen neure burua, eta zeru urdina atera zitzaigun! Egun polita Abadiako eremuan familia handiaren babesean eta zorionean.

Egun polita pasatu genuen jan-edanean, dantzan eta kantuan, eta kontu-kontari ere iritsi zitzaigun gaua. Beraz, besta luzatu genuen. Ez dakit ezkontza batek beste bat dakarren, baina hori erran zidaten niri, eta zugan pentsatu nuen. Ez dakit ezkontzaren oso aldekoa ote naizen, baina ezkontzekotan bertze inor baino gehiago maite dudanarekin izatea nahiko nuke, maitemindurik, eta oraintxe bertan zurea da ene bihotza.

Ez dago bi hiru gabe, eta horregatik, banoa urriaren 17an Moravia aldera berriro, hirugarren urtez: Hondarribitik Vienara. Ekainean Pragatik Hondarribira itzuli nintzen handik, eta ez nuenez zure ongietorri-besarkadarik aurkitu, beste ikasturte baterako Brnora itzultzea erabaki nuen. Eta heldu den urtean ikusiko dut zer egingo dudan, bitartean bizi!

Hirugarren urtez itzuliko naiz, zu gabe ezin baitut bizi hemen, Euskal Herrian. Hemen uzten dut familia, hemen Euri eta oroitzapenak. Ez dut gehiago bakarrik bidaiatu nahi, baina banoa... itzultzeko. Zuk segi zeure bidean, ni neurean noa, noizbait elkartu ginen bezala, noizbait banandu ginen, beharbada noizbait berriro elkartzeko. Nork daki? Ez naiz ezertaz damu, maite zaitut, inoiz baino gehiago, baina ez zaitut lotu nahi, maite zaitut, baina ez zait gustatu nola jokatu duzun nirekin. Ni zure bizitzan sartu nintzen zu nire bizitzan sartu zinelako, eta nire etxeko ateak eskuzabal ireki nizkizun. Dena barkatzen dizut, asko maite zaitudalako. Maitasunez, Olerkari ameslaria.

Ainara Maia Urrotz. Irun (Gipuzkoa).

Zulo digitala

Herri txikietan bizi zareten asko eta asko konturatuko zineten mundu digitala gure herrietara besteetara baino beranduago iristen dela. Askotan, teknologia berriekiko diferentzia hori garatu gabeko herrialdeekin konparatzen digute, baina inork ez du serioski hartzen hemengo herrien arteko ezberdintasuna. Internet denon eskubidea dela sinetsarazi nahi digute telebistan anuntzio inozoekin. Argi dago ez dela berdina Ceuta edo Paris, baina ezta Tolosa eta Orexa ere. Telefonicak linea zaharrak ditu, eta ez ditu berritu nahi banda zabala eta telebista digitala bezalako zerbitzuak irits daitezen. Euskaltelek Wimax zerbitzua eskaintzen du zerbitzu erdia emanez eta bikoitza ordainduz, eta beste konpainiek ezin dute lehiatu Telefonicako lineak mugatzen baitituzte denak.

Garatu gabeko lurraldeen eta garatutakoen arteko zulo digitalaz hitz egin ohi da sarri, baina ez dugu urrutira jo behar zulo hori ikusteko. Ez dakit zer den okerragoa, denok Interneterako eskubidea dugula sinetsaraztea, edo, teknologia aspaldi egonda, erabateko zabalkundea enpresen errentagarritasunaren menpe dagoela konturatzea.

Eneko Maioz. Orexa (Gipuzkoa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.