Euskararen Nazioarteko Eguna ospatu dugu. Gipuzkoarrok gure egutegian azpimarratuta daukagun data da; jakin badakigu, gure hizkuntzaren normalizaziorako pauso garrantzitsuak eman arren, euskarak oraindik behar duela aldarrikatzeko egun bat. Eta nola ez, Gipuzkoako Foru Aldundiak bat egiten du ospakizun horrekin.
Gure lurraldearen kasuan euskarak osasun ona erakusten du. Bai hiztun kopuruaren aldetik, baita gure hizkuntzaren erabileraren aldetik ere. Oro har, eta zorionez, gipuzkoar gizarteak euskararekiko duen sentsibilitatea handia da. Nahiz eta erabilera sustatzea gure erronkarik nagusiena izan. Eta erronka horri aurre egiteko, euskararen ahozkotasuna Mintzola Fundazioaren moduko ekimenen bidez eragin behar dugu.
Baina ezin dugu atsedenik hartu. Ez, lortu arte benetako gizarte euskaldun bat, non herritar bakoitzak euskaraz edo gaztelaniaz aritzeko aukera berdinak izango dituen. Ildo horretan, erronka berri bat sortu zaigu: asko dira azken urteetan munduko txoko askotatik Gipuzkoara bizitza hobe baten bila etorri direnak. Euskarara hurbildu behar ditugu. Azpimarratzekoa da hori dela-eta Gipuzkoako hainbat talde eta udal ildo horretatik egiten ari diren lana Foru Aldundiaren babesarekin.
Azken hamabost urteotan gizartearen beharrak asko aldatu dira. Mundu digitalean murgilduta gaude, Internetek hizkuntza guztiei erronka berriak sortu dizkie. Guztion artean lortu genuen euskara lan egiteko, ikasteko eta ikertzeko tresna izatea. Euskarak ez zuen babeserako legealdia soilik behar, ez zen aski euskal hiztunen kopurua handitzea. Ospea, prestigio soziala behar zuen euskarak, eta argi dago asko aurreratu dugula bide horretan. Baina bizitza digitalak pauso berriak ematea eskatzen du. Euskaldunok eta euskarak berak mundu digitalean beharrezkoak diren programak eta tresnak behar ditugu. Horregatik, Foru Aldunditik behar horri erantzuteko egiten ari diren ahaleginak bultzatu eta babesten ditugu. Argi baitugu, adibidez, euskaldunok gure hizkuntza erabiltzeko gai diren sare sozialak behar ditugula. Gaur egun, gure hizkuntzaren normaltasuna bultzatzeko ez da nahikoa euskaraz liburuak argitaratzea. Interneten duen presentzia hizkuntza baten osasunaren erakusgarria da. Gero eta gehiago dira euskaraz eginiko webguneak, gero eta gehiago beren posta elektronikoan eta Facebook eta Twitter sare sozial ezagunetan euskara erabiltzen dutenak.
Horretarako, Aldunditik Gipuzkoa 2.0. programa bultzatzen ari gara. Internetek euskarazko edukiak zabaltzeko eskaintzen dizkigun aukerak aprobetxatzeko.
Euskararen ospearen beste erakusleiho bat hizkuntza honetan bizi diren arlo ezberdinetako pertsona ospetsuak dira. Gizartean eragina duten hainbeste pertsona eta liderrak euskaraz bizi direla jakinarazteak euskarari mesedea egiten dio.
Gizarteak ekonomia, sukaldaritza, zientzia, kultura eta kirol alorretako hainbat pertsona eredutzat ditu. Gipuzkoan euskaraz bizi diren liderren adibide asko ditugu. Ez ditugu izendatuko, asko direlako eta beti norbait ahazteko arriskua baitago. Pertsona horien bizitzan euskarak duen garrantzia gizarteari jakitera ematea lagungarria da. Bide horretatik Foru Aldundiak, Kutxa eta Soziolinguistika Klusterraren laguntzarekin, Eralan ekimena martxan jarri du euskara arloan lidergoa ikertzeko eta indartzeko.
Euskara, azken finean, hizkuntzen lehen mailan egotea lortu nahi dugu guztion artean. Ez dugu bakarrik esaten Errealeko jokalariek kamisetan Gipuzkoako Foru Aldundiak babestutako Gipuzkoa euskararekin bat leloa daramatelako. Gipuzkoan bizi garenok ondo dakigu lehen mailan jarraitzeak asko eskatzen duela. Aldunditik horren aldeko apustua berresten dugu. Euskara eta euskalgintzaren osasuna bermatzen duten tresnen eraginkortasuna areagotu behar dugu. Eta bide horretan sakontzeko eta gure konpromisoak indartzeko hautua egin dugu. Elkarlanean arituz. Primeran jokatzen jarrai dezagun.
Euskara lehenengo mailan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu