Euskal Herrira maiz etorri den Vahan Sarkisian hizkuntzalariak, egunkari batean egindako elkarrizketa batean, esandakoa da artikulu honetarako aukeratutako izenburu hau. Armeniako Erevan-eko Unibertsitateko irakasle hau harritu egin zen hemen euskararen jatorriarekin axolagabekeria ikusita. Kaukason hizkuntza arloan dihardutenek beste ikuspegi bat omen dute eta mintzairen sorreraren garrantzia beti izan ei dute kontuan.
Egia borobila dela ezin ukatu, euskararen etorkizuna xedatzeko, atzera begiratu behar da aurretik. Hori ez da gurean behar bezala garatu. Ezin da esan etimologiak euskararen ikasketetan leku nabarmenik duenik: euskara nola sortu ei zen, oinarrizko erroak zeintzuk diren, toponimiak eskaintzen digun historiaren lekukotasunaz noraino baliatzen garen... Ez dira ikasgaietan ia agertzen.
Baina material asko dago, oso barreiatuta. Euskaltzale, ikerle, zale eta hainbatek eginda. Batzuk azken hiru mendeetan egindako proposamen etimologikoak dira, beste batzuk berriagoak. Gutxi batzuk unibertsitate esparrutik datoz, beste asko hortik kanpoko eremutatik.
Gutxi aztertu eta alderatu denez, gaur egun gure hizkuntzaren oinarrizko erroez ez dago adostasunik. Hastapenetan gaudela esan genezake. Hori baino gutxiago, orain arte sortu diren teoria guzti-guztiak ez dira leku batean elkartu eztabaidari hasiera emateko, ez dira behar bezala ezagutzen, eta are gutxiago eztabaidatzen.
Horregatik, euskararen hitzen proposamen etimologikoei buruz informazioa zabaltzeko, herritarrei horiei buruz iritziak emateko eta baita horiei buruz balorazioa emateko www.euskararenjatorria.net sortu dugu. Horren bidez, jatorriaren gaia landu nahi dugu, batik bat, hitzen eta toponimoen etimologien zein antzinako idazkunen bidez.
Webgunean etimologiaz idatzi dutenen proposamenak jaso nahi ditugu. Ez diogu inori atea itxi nahi, zoritxarrez, hitz gehienen etimologian gaur egun adostasunik ez dagoelako eta beraz, ez da ezer baztertu behar. Ez dugu aurreiritziekin jokatuko egile batzuk goresten edo beste batzuk zokoratzen.
Baina laguntza ere behar dugu, atera den materiala erabat sakabanatuta dagoelako: jadanik salgai ez dauden liburuetan, argitaratu gabe dauden lanetan? Zenbait ikerle prest azaldu dira haien proposamenak helarazteko, eta zinez eskertzen diegu euren laguntza. Hala ere, informazioa hobeto osatzeko elkarlana ezinbestekoa dugu. Horregatik, artikulu honetatik gai honetan interesa duten eta zerbait eskaintzeko prest daudenei gonbitea egiten diegu proiektu honetan parte hartzeko: [email protected].
Urrian hasiera eman diogu eta astero hitz, toponimo edo idazkun bati buruz dauden proposamen etimologikoak jaso eta horiei buruz iruzkinak edota botoa emateko aukera dago. Adibidez, urritik hasita honakoak landuko dira: euskara, haitz, ama, erdara, hats, arbaso.
Bestetik toponimoen alorrean gure herrialde eta hiriburuetako izenen etimologiaz hasiko gara: Iruñea, Bizkaia, Gasteiz, Zuberoa, Donostia... Azkenik, gure arbasoen lekukoak diren idazkunak ere aztertzeari ekingo diogu eta, horretarako, abiapuntu gisa, Arabako Iruñan agertutako zenbait idazkunen epigrafiez eta balizko esanahiez arituko gara: Miscart, Denos...
Etimologietan euskara hartu dugu abiapuntua gure hiztegiko elerik garrantzitsuena dugulako. Lau proposamen jaso dira orain arte: Irigoien-Aznar, Arana, Kapanaga, Naberan-Zubiaga. Denak ados daude bigarren osagaian: -era (modua). Hizkeran adibidez, argi eta garbi ikusten da hitz berbari era lotuta zer sortzen den. Hala ere baturako euskara hobetsi zen, euskera hartu beharrean, agian etimologiari behar bezainbeste garrantzirik eman gabe. Eta erabileraren maiztasuna eta familia bereko beste hitzak egotea agian behar bezala ez ziren baloratu (nafarrera, bizkaiera, gipuzkera, lapurtera...).
Lehenengo osagaiari dagokionez, iritziak oso desberdinak dira. Alfontso Irigoienentzat hitz egin aditzaren sinonimoaren omen zen enautsi hitzetik datorke. Galdutako aditz honen arrastoak bizkaieraren dinost, diñaust, dinotsat... ditugu. Gainera, Garibaik 1571. urtean enusquera idatzi zuen. Beraz, Alfontso Irigoien eta Eduardo Aznarrentzat hizkera-ren sinonimoa litzateke euskera hitza.
Sabino Aranarentzat eusko litzateke euskararen lehenengo osagaia (eusko+era). Eta, hitz hori, aldi berean beste bi hitzetatik letorke: euts (eus) eta go, hau da, goiko jabegoko lurraldetako hizkera. Honen kontrakoa euts + pe litzateke, beheko lurraldeetako jabegokoak,espe eman duena eta hortik esperia (Hesperia), Espainiako antzinako izena izan litekeena, alegia, goiko aldekoak eta beheko aldekoak.
Bittor Kapanaga beste bidetik doa. Bere ustez egu+hizkera lirateke gure hizkuntzaren izenaren osagaiak. Egu argiaren sinonimoa izanik, euskera hitzak hizkuntza argia adieraziko luke.
Ondoren, Josu Naberan eta Felix Zubiagaren proposamena dator. Euren ustez auzko + era lirateke osagaiak. Hau da, goikotarren hizkera edo menditarren hizkera adieraziko luke.
Azkenik Antonio Arnaizek osko eta usko hitzekin zerikusirik ote duen planteatzen du, eta balitekeela euskara hitza huts hitzarekin zerikusia izatea.
Badira beste proposamen batzuk eta behar bezala jasotzea espero dugu. Bitartean, webgune hau euskararen ikerketarako lagungarria izango dela espero dugu.
Euskara nora doan jakiteko nondik datorren jakin behar
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu