Lehengo batean idatzi genuen nazio ukatuetako ezkerrak ez duela behar bezala hautematen eta balioesten nazio askatasunaren zer-nolakoa. Nazio askatasuna, hau da, nazio burujabe batean bizitzeko aukera gutxietsi egiten duela, eta gutxiespen horren arrazoia bere nazioak jasan duen desnazionalizazioak eragindakoa izan ohi dela gehienetan. Esaten genuen halaber horrelakorik ez zaiola gertatzen bere nazio identitatearekin bat datozen hizkuntzan, kulturan, historian eta lurraldean bizi den ezkerrari, ezker hori estatu independente batekoa denean. Nazio askatasuna gutxietsi egin du Katalunian bertako ezkerreko sektore batek; hala ere, zorionez, azken unean askapen nazionalari ateak ireki dizkiote. Eskuinaz hitz egitea, berriz, soberan dago, estatu etnozidaren konplize zuzena izan baita gehienetan. Alde horretatik, Katalunian eskuineko sektore batean gertatu den aldaketa biziki pozgarria da.
Nazio askatasunak ez du nonbait berezko eduki, zentzu, balio eta dohainik nazio alienazioa jasan duen ezkerrarentzat. Hizkuntzaz, kulturaz, historiaz eta lurraldez bere buruaren jabe den nazioan bizitzeari darion askatasuna eta duintasuna ez da nahikoa nonbait ezkerreko militante askorentzat. Hiru mendetako espainoltzearen ondorioz gaur alde batetik bestera hizkuntza katalana aditu gabe oinez zeharka omen daitekeen Bartzelonako hirian bihar-etzi katalanez bizitzea ez da dirudienez aintzat hartzeko aldaketa. Bilbo, Gasteiz, Iruñea eta Donostia euskaldunean bizitzearekin ez ginen gu gaztetan konformatzen, txanponaren bigarren aldea ere lortu nahi genuen bidenabar, nazio askatasuna eta justizia soziala uztarri bereko kideak genituen. Banaezinak. Horretan sinesten genuen koitaduok, aipatu ditudan euskal hiriburuak euskalduntzea iraultza txikiegia zelakoan edo. Dena nahi genuen, dena zen posible, eta azkenean ez genuen ezer lortu. Zergatik? Ez ginelako gai izan nazio askatasunak berez eta besterik gabe dakarren aldaketaren irismena behar bezala baloratzeko.
Hiru mendetako menderakuntzak eragin duen desnazionalizazioaren kontzientziarik ez daukanak ez du beraz Kataluniaren beregaintasun nazionala behar bezala estimatuko. Justiziaz hitz egiten duenean justizia soziala izango du buruan soilik, edo sistema sozialaren arazoak lehenetsiko ditu. Justizia nazionala ahotan hartzea bitxia egingo zaio halakoari seguru asko. Nazio katalan burujabearen araberako eskubide linguistiko, kultural, historiko eta territorialak hautemateko orduan justiziaren ideia arrotza egingo zaio. Euskal Herrian, adibidez,zenbatek lotzen du justizia kontzeptua justizia nazionalarekin? Zenbati entzun diogu justizia sozioekonomikoaz mintzo garen naturaltasunezjustizia nazionalaz hitz egiten? Ongizate eta bizi kalitatearen kontzeptua zenbatek lotzen du nazio askatasunarekin? Hara hor, besteak beste, nazio menderatzailearen hizkuntzan eta kulturan naturaltasunez bizitzeak dakartzan ondorio ideologikoak.
Justizia, etika, morala, zuzentasuna, eskubideak, duintasuna, askatasuna, demokrazia... eta gainerako balio gehienak ez dirudi nazio sistemarekin hartu eman zuzenean daudenik. «Sistema» kritikatzen dugu erreferente ideologiko horiek ahotan hartzerakoan, baina sistema horrek ez du normalean nazioaren egoerarekin zerikusirik izaten. Jokabide hori, jakina, guztiz ulergarria da espainol edo frantsesen kasuan, ez dute sistema nazionalaren bidegabekeriarik jasaten. Baina Katalunian edo Euskal Herrian ez ote genuke gure diskurtsoa zorroztu behar aspektu horietan?
Nazio askatasunak berez eta besterik gabe berebiziko balio eta dohain demokratiko, etiko eta politikoak ditu bere burua naziotzat daukan gizatalde baten bizimoldea duinki antolatzerakoan. Will Kymlickak dioenez tradizio sozialistaren barruan eztabaida gutxi egon da auzi horren inguruan: hau da, zeintzuk dira nazio kultura bateko kide izateak asetzen edo zapuzten dituen giza beharrak? Zeintzuk dira kultur pertenentzia mota horrek ahalbidetzen eta galarazten dituen gizatasun premiak? Ezkerraren tradizio makur horrek sekulako hondamena eragin du nazio menderatuen historian. Sozialismoaren aldeko ideologiak gutxietsi eta are arbuiatu izan ditu hizkuntza eta kultura nazional zapalduen aldeko borrokak. Hori jakiteko noski ez zegoen Kymlicka aipatu beharrik. Katalunian eta Hego Euskal Herrian ezkerreko espainolismoak ez du beste gauzarik egin. Beren nazio identitatea estatuaren erakundeetan instituzionalizaturik eta naturalizaturik daukanak zer egingo du ba? Sistema sozioekonomikoaren bidegabekeriak salatuko dizkizu hitzetik hortzera erraietan daraman sozialinperialismoa katalanen eta euskaldunen artean sinesgarri bihurrarazteko. Eta sinesgarritasun hori lortu ere ederki lortu dute hemen, abertzaletasun nagusiarekin eskuz esku jarduteko. Herritartasunaren argudioa darabilte nazionalistak ez direla arrazoitzeko, herritartasunaren ideologiak jendea nazio politikoetako mugen arabera banandu, baztertu, umiliatu eta eratuko ez balu bezala.
CUPekoi gertatu zaiena gertatzea ez da batere harritzekoa beraz. Zuk nazio askatasunaren kontua bigarren mailako auzia dela uste baduzu, edo nahitaez beste auzi batzuekin batera lortu behar dela irizten badiozu, ez da harritzekoa izango askapen nazionalaren balio askatzaileak gutxiestea. Euskal Herria ez da laborategi txarra alde horretatik: izan ere, ez gara gai nazio arazoaren berariazko ezaugarriak begiz jotzeko, berariazko nazio korapiloak zeintzuk diren askatzeko, eta, ondorioz, nazio arazoarekin uztarri berean lotuko ditugu askatasun nazionalari berez ez dagozkion kontraesan sozialak. Nazioaren kontzeptua zenbateraino lausotu zaigun ikusteko, oso argigarria da euskal independentismoaz eta estatuaz nagusitu zaigun diskurtsoaz jabetzea. Gurean arazoaren muina nazio euskaldunaren hondamendia baldin bada ere, nazioaren zer-nolakoak dauden-daudenean utzi eta abertzale asko prest daude balizko euskal estatuaren alde jarduteko. Lehengoan feminista ezagun bati entzuna: «nazioa badaukagu, goazen estatuaren bila».
Espainolak edo frantsesak bere eguneroko bizitza egiten duen bitartean ez dauka arduratu beharrik nazio ukatuko kide izateak dituen askatasun arazoez. Desnazionalizazioaren alienazioa tarteko, ordea, batez besteko euskaldunaren bizimoldea bat dator espainolak egiten duenarekin. Horrela doakigu eskuineko eta ezkerreko euskaldunoi gure bizitza beste gauza batzuk egiten ari garen bitartean, euskalduntasunak bizitzaren kalitate, ongizate eta askatasunarekin lotura zuzenik ez balu bezala.

Ezkerra eta nazio askapena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu