Badirudi aro politiko berri bat iritsi zaigula neguz antzaldaturik dabilen udazken eder honetan. Hala diote hedabideen uhin-orrietan zabaldu diren mezuek, indarkeria (gurearen) zikloa amaitu dela, musika polita entzuten dela, bide politikoen aldeko apustua saihestezina dela; indar metaketaz mintzo dira, herria aktibatu beharraz...
Ezker abertzalea egiten ari den ahalegina miresgarria da benetan, ausarta eta txalogarria, ETAren zikloak sortu duen sufrimenduari, azken hamarkadetan bueltan-bueltan geuregana anplifikaturik iritsi den horri bukaera eman diezaiokeelako, baina ez dut uste egiten ari den mugimenduok gatazka konpontzeko balioko dutenik, independentzia lortzeko estrategia bat ez dudalako ikusi inon.
Esan gabe doa denentzako eskubide zibil eta politikoen alde nagoela, baina aspaldi honetan neure buruari galdetzen diot ea zer pintatzen dugun Espainiako sistema politikoaren barruan. Gero eta ankerragoa egiten zait Espainia nazio gisan, gero eta gogaikarriagoak bertako kulturgileek dauzkaten jarrerak, mas-medien produktuak, orohar bere psique sozialean ezberdinenganako ageri den erdeinua eta faxismoa.
Horregatik, sentimendu txarrak ere sortzen dizkit ezker abertzalearen ahaleginak Espainiako sistema politikoan leku hartzeko, exijitzen dieten guztia eta gehiago eginez. Biszeralki niri oso gogorra egiten zait maite ez nauten lekuan onar nazaten erregutzea, beti iruditu izan zait ihes egitea hobe dela; nik ez dut egon nahi maite ez nautenen artean. Baina politikari omen dagokion hoztasunaz begiratuta ere, ezker abertzaleak dituen helburuak lortzeko esparrurik ez dago Espainiako legedian.
Ahazten zaigu, baina hor dago Espainiaren egungo totem nagusi eta ukiezina: Konstituzioa. Hemen askotan oso modu xaloan antolatzen ditugu gauzak, Espainiako Konstituzioa existitzen dela ahaztuta, eta horrek gure politikagintzan dakarren heldutasun gabezia eta estrategia falta benetan larriak egiten zaizkit. Benito Lertxundik Argia aldizkarian esan du: «Diskurtso falta ikaragarria dugu, hizketan hasi eta totelka hasten gara. Ez dut ikusten diskurtso egoki bat garatzeko gaitasunik, gure kontra datorren diskurtso hori zalantzan jarriko duenik. (...) Irudipena daukat joan deneko 40 urtean gure herri honi ahaztu egin zaiola klabe politikoan pentsatzen eta hitz egiten».
Joseba Ariznabarreta ildo beretik mintzatu zen egunkari honetan: «Euskal sistema politikorik ez dago, Espainiakoaren apendizea da. Gure arazorik handiena estrategia eraginkor baten gabezia da. Klase politiko baliogarririk ez dugu izan. Euskal Herriak ez du izan bere kontzientzia mailaren pareko klase politikorik. Herriaren mailara ez dira heldu, eta ez dute jakin herriaren indar guztia baliatzen helburuak lortzeko».
Zerbaitek porrot egin baldin badu nabarmen Euskal Herrian azken 30 urteotan, politika izan da, arazo organikoak hausnartzen, erabakitzen eta konpontzen dituen politika hori. Joseba Ariznabarretaren aburuz, «klase politiko honek ez du gaitasunik bere burua aldatzeko, edo beste zer edo zer bihurtzeko. Uztea lukete hoberena, baina horretarako ahalmenik ere ez dute. (...) Lagundu egin dute herriaren indarra ahultzen. Erantzukizun handia dute horretan».
Nire zalantza da politikoek propio landu duten herriaren des-heziketa politikoa, ala ezintasunetik sortua den suntsipenaren balantzea, zeren pasa den astean Joseba Egibarrek Errenterian esan duena zinismotik edo ezjakintasunetik soilik esan liteke: «Bakea eta erabakitzeko eskubidea oraindik ez daude estatu espainolaren agendan. Herria mobilizatuz lortuko da bertan sartzea». Ez al da PNV hainbat aldiz bildu, azkenaldian, Zapatero presidentearekin? Sar ezazue zuek estatuaren agendan!
Politiko batek herriaren mobilizazioari dei egiten dionean, akabo: edo ez da gauza ezer lortzeko, edo okerrago, ez du lortzerik nahi. Bide batez karta bat gordeko du mahukan: herriari botako dio errua, mobilizatu ez zelako. Gainera, PNV bera saiatu da herria desmobilizatzen, AHT-ren kasuan, arrakasta handiz. Beraz, orain mobilizaziora deitzen dionerako porrota ziurtatua dauka.
Erabat kontraesankorrak diren mezuz inguratuta bizi gara, eta hori da estrategia bat ez dagoen seinalerik argiena. Juan Jose Ibarretxek esan zuen bere oroimen liburuaren aurkezpenean: «Beste Lehendakari bat etorriko da, eta gauza bera esango du Madrilen, Euskal Herria existitzen dela eta eskubidea duela bere etorkizuna erabakitzeko». Esaldiaren bigarren zatia ahaztu zitzaion: «Eta ni bezala, burua makurturik itzuliko da etxera». Ez ote du inork esango, hemen, estrategia propiorik gabe, Madrilen ez dagoela ezer guretzat?
Izan ere, «Madril» da euskal politikan gehien agertzen den hitza. Oso «madrileñoa» da gure bizitza, gero eta gehiago. Madrili begira daude gure ekimen guztiak, han onartuko edo ez. Eta tristeena da zerbait onartzen digutenean irabazi egin dugula pentsatzea.
Aste honetan Olasok Garan salatu du estatuaren faltsukeria eta inpunitatea legeak bere nahiera manipulatzeko orduan. «Independentismoari galga jarri nahi dio». Eta hala ere legedi horretan parte hartu nahi duzu, Olaso?
Estatu espainolak irabazi egiten digu gaur egun; guk bozkatzea nahi du, bere sisteman parte hartzea, guri kontrakoa sinetsaraziz.
Ezker abertzalearen haize-berritze prozesuarekin oso itxaropentsu nago, batez ere presoentzat onurarik ekarri dezakeelako, eta errepresioaren desaktibatze hain beharrezkoa. Baina ezkor abertzaleen desitxaropenean bat nator: independentzia lortzea ezinezkoa da Espainiaren sistema politikoaren barrutik. Eta hau norbaitek esan beharko du noizbait, jendea itxaropen faltsuetan endredatu ez dadin.
Ezkor abertzale baten gogoetak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu