'Follow the Leader'

Rober Gutierrez. Ziurtagiriaren elkartearen izenean
2010eko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Ez dut hitz egingo, noski, orain dela urte batzuk guztiok dantzan jarri gintuen Follow the Leader kantaz, hau idazten ari nintzela berekin oroitu banaiz ere. Agian kasualitate hutsa da, baina azken egun hauetan, hizkuntzaren ezagutza eta erabileran eragiten duten faktoreez ari garela, era honetako ideiak entzuten ari naiz foro askotan: hizkuntza-biziberritze prozesuetan liderrak behar ditugu, erreferenteak diren pertsonak eta taldeak behar ditugu, ospetsuak izan daitezkeen erreferente orokorrak eta ingurune hurbilekoak, eragiteko ahalmena duen elitea behar-beharrezkoa da hizkuntzaren alorrean, profesional euskaldunak euskaraz aritu behar dira eta ikusi ere ikustarazi behar dira, gune sinbolikoa osatuko duen aitzindaritza edo abangoardia gaitua identifikatu eta antolatu behar da... Lider eraldatzaile horiek organizazioetan, administrazioan, gizartean, egoera formal eta informaletan, maila lokalean eta orokorragoan, alor guztietan ikusgarri behar ditugu.

Ez da erronka makala, jakina! Kezka daukat, ordea, euskal gizartearen erreferenteak zeintzuk diren galderaren aurrean ez baitut erantzun garbirik eta ez dakit inork duen ere. Aniztasun handiko gizartea da gurea eta ez dago eredu bat eta bakarra. Niretzat liderra izan litekeena, erdaldun batentzat ezezaguna izan liteke guztiz; euskaldunen artean ere, erreferentzien aniztasuna nabarmenduko nuke, ziur bainaiz Gasteizko edo Zeraingo euskaldunek pertsona edo talde desberdinak dituztela erreferentetzat. Telebistan ikusten ditugun horiek, hedabideetan ageri direnak, kirolariak, enpresa-gizon eta emakumeak, politikariak, zinearen pantailetan ageri direnak lidertzat hartu ahal ditugu hizkuntzaren ikuspegitik ere? Eredu egokiak al dira hizkuntzaren ikuspegitik? Zeintzuk dira erreferente horiek? Pentsa dezagun une batez eta egin dezagun ariketa...

Eusko Jaurlaritzaren Euskal Soziometroetara jo dut argi-izpi bila (Nafarroa eta Ipar Euskal Herriko daturik ez dut ezagutzen), 2004ko uztailean eta 2006ko abenduan gizartearen erreferenteen inguruko ikerketak egin baitziren. Ikerketa askorik ez dago gurean honen inguruan eta, gainera, datuak zuhurtzia handiz interpretatu behar dira, izan ere, une jakin bateko argazkia erakusten dute, pil-pilean zeuden gaiek eragindakoa. Gainera, ordutik ez da honelako beste ikerketa bat egin eta, horrenbestez, ez dakigu informazio hori denboran zehar egonkorra den.

2004ko uztailean argitara eman zen 25. Euskal Soziometroaren datuak ekarriko ditut hona (sakontzeko interesa duenak jo beza aipatutako Soziometroetara). Ikerketaren arabera, EAEko herritarrek gehien miresten zituzten pertsonaia publikoen % 86 gizonezkoak ziren, soilik % 11 emakumezkoak eta beste % 3 talde mistoak.Izenik aipatu gabe, pertsonaia publiko horien jarduera nagusiak edo lanbideak era askotakoak ziren. Herritarren laurden batek, % 24k, politikoak eta beste laurden batek, % 23k, musikariak miresten zituzten. Beste % 19k kirolariak aipatu zituzten eta % 14k zinema eta telebistan aritzen zirenak. Jende gutxiagok aipatu zituen beste jarduera edo lanbide hauetako pertsonaiak: % 7k literaturakoak, % 4k erlijiokoak eta % 2k, hurrenez hurren, bestelako arteetakoak, jarduera humanitarioak edo gizarte arazoekin lotutakoak eta, zientzia eta medikuntzan aritu direnak edo aritzen zirenak. Euren jatorriari dagokionez, % 66 EAEtik kanpo jaioak.

Inkestatuaren euskararen ezagutza handitu ahala, musika, zine eta telebista eta erlijio arloko aipamenak jaitsi ziren eta kirolarienak gehitu (seguru asko gazteagoak zirelako). Euskal herritar sentimendua handiagoa den neurrian, musikariak eta kirolariak gehiago aipatu ziren eta aldiz, politikarien aipamenak gutxitu. Euskararen ezagutza eta euskal herritar sentimendua gehitu ahala, gehiago aipatzen dira EAEn eta atzerrian jaiotakoak eta dezente gutxiago Espainiako Estatuan jaiotakoak.

Hitz egin dezagun orain gizarteko erreferente nagusi horien euskararen ezagutzaz. 25. Soziometroaren arabera, euskaraz hitz egiten dakiten pertsonaia publikoak ez dira gehiengoa; Gipuzkoan, aukeratutakoen % 26, Bizkaian % 21 eta Araban % 12. Adina igo eta udalerriaren tamaina jaitsi ahala, gehiago aipatzen dira euskaraz hitz egiten dakiten pertsonak. Ikasketa maila igo ahala, gutxiago aukeratzen dira euskaraz hitz egiten dakitenak. Herritarren euskararen ezagutza maila igo ahala, euskaraz hitz egiten dakitenak nabarmen gehiago aukeratzen dira (euskaldunen artean % 37k aukeratu dituzte euskaldunak, zerbait dakitenen artean % 19k eta euskaraz ez dakitenen artean % 11k). Euskal herritar sentimendua handitu ahala, euskaraz hitz egiten dakitenen aipamenak asko igotzen dira.

Datu-ekaitzaren ostean, barealdia... Ziur naiz denok erreferenteak identifikatzeko ariketa egin dugula eta, agian, ingurukoekin komentatu. Izen ugari aterako zen ariketa burutu ondoren. Nik, hala ere, ez nuke hizkuntzaren biziraupena balizko erreferente batzuen esku soilik utzi nahi, konbentzituta bainago denok izan gaitezkeela lider. Gure ingurune hurbiletik hasita, denok izan gaitezke iritzi-sortzaileak, motibatzaileak, eredugarriak, eraginkorrak, eragileak, konprometituak... Gure mundu globalizatuan, euskara barne hartzen duten pertsona eleanitzak beharrezkoak dira familian, hezkuntzan, aisialdian, arlo sozio-ekonomikoan, teknologia berrietan, sarean... Euskararen ezagutza eta erabilera areagotuko bada, euskaraz bizitzeko nahia eta beharra dituzten pertsonek aitzindaritza hartu behar dute, euskararen gune sinbolikoa eratu behar dute. Hizkuntzari komeni zaio denok lider-rola geure egitea, aitzindariak izatea eta gure jardunaren bitartez akuilu lana eragitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.