Frantziako grebak

Juanjo Olasagarre › Deia
2010eko urriaren 27a
00:00
Entzun
Inbidiaz begiratu dut aste honetan Frantzian gertatzen ari dena. Bederatzigarren greba aldia eta gauzak aurrera jarraitzen du. Greba aldi matxinoa, gainera, jendea ez baita etxean gelditzen. Ez, kalera jotzen du protesta adieraztera.

Erretiroa 60 urtetatik 62 urtetara igo nahi dutela eta jo du jendeak kaleetara. Baduzue aditzerarik? Ez du hilabete egiten hemen ere antzeko arrazoi batengatik greba egin genuela, egun bakarreko greba exkaxa, Euskal Herrian exkaxago gelditu zena, badakizue bereziak izanik, gutako batzuk greba ekainaren 28 egin baikenuen. Egin ere, 65 urtetik 67 urtetara igo digutelako erretiroa hartzeko adina.

Hemen, Frantzian ez bezala, ez zen, gainera, batere eztabaida sozialik izan eta zeharka bezala so egin zitzaion sindikatuen dei hari. Zergatik portatzen gara horren ezberdin espainolak eta frantsesak horrelako afera baten aurrean? Gure demokrazia berria eta errotu gabea denez gure hiritartasuna axalekoa da eta, zentzu horretan, kolektibotasuna deitzen den horrekiko oso ardura gutxi dugulakoz?

Aberats berrien moduan bizi izan garela jakin izan dugulako betidanik eta, horrenbestez, bagenekien horrelako zerbait etorriko zela eta, geroz, etorri zaigun krisia onarturik genuen aspaldi? Guda Zibileko traumak garbitu gabe eta Transizio epel baten ondoren politikak ezertarako ez duela balio uste dugulakoz, izan ere, Franko ohean hil zen eta haren oinordekoek oldarkor aritzen dira egunero-egunero iritzi publikoa egiten? Zaila zelakoz ezkerreko gobernu bati sindikatuek, ezkerrekoak suposatzen da, konbokaturiko greba batekin muturrean ematea? Frantzia gurea baino estatu indartsuagoa delakoz bai gobernu aldetik bai populazio aldetik, eta, beraz, hiritarrek gobernuaren betebeharrak argiago dituztelakoz?

Arrazoiek ihes egiten didate... Kontuak kontu argi dago Espainiako hiritarrok egin ez genuena egiten ari direla hiritar frantsesak. Aberats berri pobretuak? Utziak? Eszeptikoak? Hurrengo errenkarnazioan frantsesa izatea planteatzen ari naiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.