Euskararen normalizaziorako betidanik hiru fronte jo izan ditugu ezinbesteko: irakaskuntza, administrazioa eta hedabideak. Gehiago ere badira noski: lan mundua, merkataritza, aisialdia, kultura, literatura, zinema, sare globala... Behialako bigarren fronteari helduko diot, ongien ezagutzen dudanari, erabat ahaztua baitago abiadura onean balihoa bezala, edota ezinezkotzat jotzearen ondorioz baztertuxe eta ahaztuxe, eta izenburuarekin bat, gabonetako ipuinen moduan jorratu ere.
Teknikari funtzionarioetatik hasi edo politikarietatik,dudan nago. Nork agintzen du administrazioetan? Teknikoki teknikariek eta politikoki politikariek; ederki eman ere: atera ditut babak eltzetik! Has gaitezen politikariengandik. Batzartu dira euskara aintzakotzat dutenpolitikari guztiak, mea culpaorokorra egin dute, hots,bestelako zerei eman dietela batez ere lehentasuna urteotan eta, oroz lehen, erabaki duteEuskal Herriaren eraikuntzan euskararen normalizazioa estrategikotzat jo behar dela, eta ondorioz, bakoitzak bere ahalmenen arabera, euskaraz funtzionatzen hasi behar duela beren lanpolitikoan, hala ahoz nola idatziz, sailetako informaziobatzordeetan bezala Tokiko Gobernu Batzar eta Osoko Bilkuretan, eta euren lan harreman orotan.
Jakina, elebakartasuna ez baizik elebitasuna gidari dela, egungo elebitasuna gainazpikatzea, gainean den gaztelania —Hegoaldeaz ari naiz, jakina!— azpira, eta azpian den euskara, gainera, hots, egungo euskararen mendekotasun egoera nagusitasun egoerara ekartzea. Progresiboki izan behar, jakina, baina ez progresibotasunaren argudio lasaigarri, kontzientzi-garbitzaile eta bertan goxo loarazlearen eraginpean, euskararen mendekotasun egoera iraunarazteko legegintzaldiz legegintzaldi. Helburua lortu arteko batzar iraunkorra,elebitasun egoera gainazpikatzea xede!
Politikariak bide onean utzirik, gatozen teknikoki jaun eta andre diren teknikari eta administrariengana: batzarrak egin dituzte, nork bere lantokian, eta erabaki dute euskarekiko konpromisoa hizkuntza eskakizunak egiaztatzetik harago eramatea,politikariek sustaturiko giro eta aire berriarekin bat, hizkuntza-eskakizuna egiaztatua dutenguztiek, zinez, euskaraz ekitea lanari, eta egiaztatua ez izan arren, gauza diren orok,gaizkixeago edo hobetoxeago, euskarazko lanari ekitea,behar duten laguntza eskaturik, baina beren oldez, ez, onenean, laguntzaileek sustaturik eta haiekiko konpromiso hutsean, ez legezko eskakizun eta laguntzaileekiko errespetu hutsean, baizik ere beren oldez eta borondatez, ados daudelako elebitasunberrirako bide progresibo horrekin, elebakartasuna barik, egungo egoera elebiduna gainazpikatzeko lanean, beren ale ezin garrantzizkoagoa ekartzeko gertu.
Gizatalde honen tiraldia ere zein axola handikoa eta giltzarri litzatekeen egoera gainazpikatzeko, goi mailako teknikariengandik hasirik!
Natorren, natorren, neure lankide, gogaide eta azken buruan neuregana! Zer esan, lankide ditudan normalizatzaile, itzultzaile eta teknikari funtzionario goikoen laguntzaile botere gutxikoei buruz, hots, nitaz eta nire modukoez? Batzartu noski, eta erabaki koitak eta gizajo-gajokeriak hastandurik, ez garela egonean goxo betikotuko, ez dugula etsiko, maiz ohi dugunez,politikari euskaltzale-abertzale hotsekoen eta teknikari nahiz administrari euskaltzalehotsekoen kontzientzi garbitzaile huts izateaz, gutxi eginda zerbait egiten dutela sinetsaraziz,zeren, azkenean, ibili-ibili eginda, geu ere, horixe bilakatzen baikara, elebitasun egoera euskara mendekotzaile honen sostengu eta zimendu, bururen buru geu ere geure burua konbentzitzera etorriz: askotxo egiten dugula gutxi eginda, eta gehiago ez dugula egiten ahalik eta aukerarik ematen ez digutelako, eta bizkitartean, lantua betikotuz eta betikotuz.
Egoera gainazpikatzea posible da, politikarien, teknikarien eta laguntzaileon deliberamendu irmoak aurrera eginez gero;bestela, planak, progresibotasunaren izenean, lokartuko dira edo lozorropean ustelduko, eperik gabe behera etorriko, sare elektronikoak nola, eta gaztelania gero eta gaineanago eta euskara gero eta azpianago, gero eta erdararen itsasoan murgiltzeraino.
Gabonetako ipuin gozoa baino gehiago gazia, azken hamarkada negargarri honi dagokiona hortxe nonbait, negargarria, euskaltzale eta abertzaleontzat, eta pozgarria gure arteko unionista eta erdaltzaleentzat.
Idazlea. Pako Sudupe
Gabonetako ipuin gazi-gozoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu