Gehiengo berri baten izenean

2011ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Bakearen, independentziaren eta gizartea eraldatzearen aldeko gehiengo berri baten izenean.

Ezker subiranisten eta independentisten hainbat taldek alde bakarreko estrategia bat hartu izanak azkartu egin ditu hainbat politika aldaketa, eta hori bide ematen ari zaio oso prozesu original eta itxaropentsu bati, Euskal Herrian gatazka armatua behin betiko amai dadin.

Espainiako Estatuak, Frantziako Estatuaren laguntzari esker, indarkeria politikoa betikotzeko asmoa zeukan, eta hala dauka oraindik ere. Elkarrizketa bidezko konponbideak behin eta berriro porrot egin izanak argi utzi du justizia, politika eta polizia erasoen aurkako erabaki atzeraezin, alde bakarreko eta babestu batek bakarrik aska dezakeela Gordioko korapiloa, bake justu eta iraunkor bat lortzekotan.

Herrialdeko hainbat politika eta gizarte indarren artean lehenbiziko lurrikara txikia gertatzen ari da, orain Euskal Herrian hau gerta daitekeela pentsatze hutsaren ondorioz: gizartean eta politikan edonork onik eta osorik jardun ahal izatea, berme judizialen bat ordaindu beharraren edo erakunde armatu baten estortsioa jasan beharrik gabe; lege berdintasuna eta eskubide guztien babesa bermatzen dituen esparru batean aritzea. Oraindik orain, esate baterako, PPko eta PSOEko pertsona nabarmen batzuek behin eta birritan eskatu dute demokratiko deritzoten bloke antzeko batean sartzeko EAJ. Eta, antza denez, eskaera horrek izan du aldeko erantzunik, erakunde guztietan azkenaldian bat etorri baitira aurrekontuen eta salbuespenezko neurrien inguruko bozetan.

Horrek berriro ere aditzera ematen du, alde anitzeko gatazka armatuaren zikloa amai dadin, euskal nazioari leial zaizkion gizarte, sindikatu eta alderdi politiko ezkertiar, aurrerakoi eta alternatiboez bakarrik fida gaitezkeela. Era berean, gizarte eta politika erakundeen multzo bat egituratuta subiranotasunerako jauzia egiteko, gizarte alderdi zabal bezain askotariko horren erabakitasunaz bakarrik fida gaitezke. Eredu neoliberalaren krisi sistemikoaren aurkako kudeaketak eta errezetek, berriz, apustu jeltzalea berresten duen ikuspegi bat dakarkigute, batik bat Ibarretxe erretiratu zenez geroztik, PP-PSOE-UPN Fronte Sistemikoaren alboan jarri baitu EAJ.

Eraldatu, ez ordeztu

Horiek horrela, ordezte historiko bat gertatu da mugimendu independentistan. Proposamen jeltzalea, haren iruditeria eta eguneroko praxia —gehiengoarekin edo gehiengorik gabe (CIU bezala)— ez datoz bat gaur egungo Euskal Herriko independentistarik gehienen nahiarekin eta soslaiarekin. Independentistok eta subiranistok ezin ulertu dugu, ez barkatu, Euskal Herriaren esparru juridiko-politikoa aldatzeari uko egin izana EAJk, nazio leialtasunaren gainetik talde zein klase leialtasuna hautatuta.

Urkullu eta Ortuzar jaunek diotenaz bestera, ez da independentismo aurrerakoiaren eta ezkerrekoaren asmoa EAJ ordeztea. Ez da inondik inora ere gure asmoa haren ordezko izatea eta «euskaldunen interesen ordezkari izatea Madrilen», kromo eta prebenda trukean arituko bagina bezala. Gure asmoa da jokoa aldatzea, eta gizartearen gehiengoa mugiaraztea, Errepublika Subiranoa aldarrikatu dezan modu demokratikoan, eta, hala, ekoizpen, lan, gizarte, kultura eta ekonomia sistema eraldatu dezan.

Historiari bagagozkio, aldarrikapen sozioekonomikoak alde batera utz ditzala eskatu izan diote ezker independistari, sekula iristen ez den batasun abertzale horren izenean. EAJk, berriz, eredu neoliberal, desarrollista, alderdizale, xahutzaile eta ustela ezarri du, nazionalismo espainolaren eskutik.

Orain, bada, eska diezaiogunindependentismo eskuindarrari—halakorik baldin bada— alde batera uzteko bere egitasmo sozioekonomikoa, harik eta Maltzagara irits gaitezen arte, harik eta geure sistema juridiko-politiko subiranoa izan dezagun arte.

EAJren inongo sektoretan ez baita espero izatekoa inolako zatiketarik, ez nazio leialtasunarekin aldatuko dutenik talde leialtasuna, bide bakarra zaigu zilegi: Aranaren alderdiaren ezkerraldera antolatzea erabat gizarterako eta politikarako jokalekua, eta egitea modua hauteskundeetan ere horrexek izan dezan erakunde ordezkaritzarik handiena Euskal Herrian.

Prozesu demokratiko eta parte-hartzailea

Indar apaleko demokrazia parlamentarioa duten inguruko herrialde gehienetan bezala, Euskal Herrian ere gaur egungo erakunde ordezkaritza ez dator bat gizarte errealitatearekin. Parlamentu faltsutu bat eratu duen hauteskunde iruzur espainolistaz harago, badira beste hainbat fenomeno ere: NATOri ezezkoa, zerbitzu militarrari intsumisioa, ingurumenarekiko sentiberatasuna, sindikatze tasa, ekintza altruista solidarioak… Eta horiek argi uzten dute gizarteko jende asko eta askori asebetegarriak zaizkiola gizartea eraldatzeko egitasmoak, baldin eta argi eta garbi galdatzen badute Euskal Herriaren nazio subiranotasuna.

Demokrazian zuzenean parte hartzeko espazioak sortzeak zerikusia du gizarte masa kritiko bat aktibatzeko ahalbidearekin, behingoz gai izan dadin urte hauetan guztietan Fronte Sistemikoak sustatu duen eta jasanarazi dien sistema autonomiko eta kapitalista horri aurre egiteko.

Halako espazio plural bat antolatzeko, ezinbestekoa da, besteak beste, gure indarretan konfiantza izatea; harreman leialtasuna agertzea; eta politika, sindikatu eta gizarte erakundeak eraberritzea, aktibismo soziopolitiko berrietara egokitu eta barnean zein kanpoan demokrazia parte-hartzaile gardeneko esparru batean jardun daitezen, gizabanako eta giza talde guztiei dagozkien giza eskubide guztiak aldezteko konpromisoa eta konfrontazio baketsua oinarritzat hartuta.

Testu hau honako hauek sinatzen dugu: Nekane Garmendia (Ezker Subiranista Eraikitzen), Pedromari Olaeta (EAko prestakuntza idazkaria), Jorge Segoviano (Alternatibako kidea), Raul Arkaia (Euskariako kidea), Ion Andoni del Amo (Iraulikidea, Aralarreko zuzendaritzako kide izandakoa), Patxi Azparren (Maltzagako Mahaiko idazkari izandakoa).

(Erredakzioan itzulia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.