Gerra taktikoa Korean
Mende erdi baino gehiago daramate Ipar eta Hego Koreak teknikoki gerran, 1950-1953 urteetako gatazka armatua eten bai, baina ez baitzen bake akordio batekin itxi. Eta atzo bien artean izandako istilu militarrak, azkenaldiko larriena izanagatik, ondo neurtutako mugimendu taktikoa izateko itxura guztia dauka.
Piongiangen programa atomikoari buruzko negoziazioak etenda daude, eta AEBek inguruko herriak mahaian eseraraztea nahi du Kim Jong-ilek. Eta argindarra sortzeko daukan gaitasun nuklearra erakutsi berri du, bitartekari amerikarra Asian dela baliatuta.
Atzo, Ipar Koreak onartzen ez duen itsas mugatik hegoaldera, Yeonpyeong uhartean, Hego Koreako bi soldadu hil zituzten, eta hainbat militar eta zibil zauritu. Mendebalde osoak Ipar Korea jopuntuan jarri ondoren, honek argudiatu zuen erantzun besterik ez zuela egin. Horren ondoren, Yeonpyeongen bertan maniobra militarrak eta tiro probak egiten ari zela onartu zuen Hego Koreak: «Baina mendebaldera egin dugu tiro, ez iparraldera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu