Euskal Herrian, Metaleko hitzarmenen negoziazioetan sortzen diren ika-mikak beti izan dira euskal lan harremanen osasuna neurtzeko erregela. Horregatik, ELAk eta LABek autokritika egin beharko lukete Gipuzkoako hitzarmenean abian jarri dituzten estrategien inguruan. Ariketa hori egin ezean, sindikalismoa bera ahultzen jarraituko dute. Izan ere, behin eta berriz estrategia aldatzeak eta edukirik gabeko mezuak hedatzeak nahasmena besterik ez dute zabaltzen langileriaren artean. Bitartean, patronalak egunero erosoago eta indartsuago dihardu.
Aste honetarako, hiru greba egun deituta daude Gipuzkoako metalean. Azaroaren hasieran, beste lau greba egun izango dira. Uda aurretik, maiatza eta ekaina artean, beste lau greba egun egin ziren sektorean. Orobat, hamaika greba egun zazpi hilabeteko tartean. Zalantzarik gabe, langileen eskura dagoen zilegizko lanabes bat da greba, eta hobekuntzak aldarrikatzeko ezinbesteko tresna da. Kasu honetan, aldiz, galdera bat erantzuteke dago: zergatik eta zertarako egiten dira greba hauek?
Greba baten helburua beti izan da norbere indarrak patronalaren indarrekin publikoki neurtzea. Norgehiagoka horretan irabaziz gero, norberak defendatzen dituen posizioak sendotzea da jomuga. Beraz, grebak zentzurik ez luke edukiko, baldin eta mobilizazioa antolatu duenak norgehiagoka horren ondoren bere posizioak bertan behera utziko balitu.
Horixe gertatzen ari da Gipuzkoako metalean egun. Elkarrizketa mahaiaren azken bileran, irailaren 21ean, eta udaberrian lau eguneko greba ahalegina egin ondoren, negoziazioa soil-soilik hiru punturen inguruan mugatzea proposatu zion LABek Adegiri. Alegia, akordioaren luzera, soldatak eta lanaldia, eta kito. Milaka langilek lau greba egunetan zehar egindako esfortzu erraldoia egin eta gero, nola justifika daiteke atzerapauso hori? Hurrengo astean grebara joan nahi duen langile batek zer-nolako ziurtasuna ukan dezake bere diru-galerak emaitzarik izango duen?
Negoziazioaren lehendabiziko egunetik hasita, hitzarmen hau premiazkoa dela defendatu du CCOOk. Gipuzkoako lantegietako 55 bat mila langilek babesa behar dute krisiaren aurrean. Horrexegatik, gure eskaera-sortarekin jokorik ez jokatzea erabaki genuen. Batzuentzat, gehiengoko plataformak onuragarriak izan daitezke publizitate aldetik, baina hitzarmena ahalik eta lasterren lortzea lehenetsi genuen guk. Gure proposamena, zera: Bizkaiko eta Arabako hitzarmenetan sinatutako hobekuntzak Gipuzkoan aplikatzea. Bizkaiko FVEM eta Arabako SEA patronalek eduki horiek onartu bazituzten, Gipuzkoako Adegik ezin baitzuen ezetzik eman. Lehen egunetik, ELAk eta LABek gure planteamendua gaitzetsi zuten, «ogi puska bat besterik» ez genuela eskatzen adieraziz.
Zelan da posible, orduan, ELAren eta LABen gaurko plataforma CCOOren eskaeren azpitik egotea? Greba jokabide fribolo hau behar al zuten erabili honaino iristeko?
Gero eta argiago dirudi greba deialdi honek eskutik ihes egin diela ELAri eta LABi. Ez da bidezkoa langileen bozarekin eta inplikazioarekin espekulatzea. Eta ez hitzarmen duinak lortzeko, baizik eta norbere estrategia politikoak elikatzeko eta hegemonia sindikala lortzeko.
Gero eta langile gehiago aspertuta daude ELAren manipulazio sistematikoarekin. Azken asteotan, estatu osorako metaleko hitzarmenari buruz biziki ari da hitz egiten. Akordio horrek gure lurraldeko hitzarmenak deuseztatuko eta gure soldatak murriztuko omen ditu! CCOOrekin batera, ELA ere Madrileko negoziazio mahaian dago eta, beraz, ondo baino hobeto daki hori gezur borobila dela. Estatu osorako hitzarmenak soil-soilik gutxieneko soldata eta gehienezko lanaldia finkatuko lituzke. Biek ala biek ez dute efekturik izango Euskal Herrian. Hemengo lan baldintzak hementxe erabakitzen segituko dugu gure hitzarmen probintzialen bitartez. Bai, ELAk hamar urte luzez sinatu ez dituen hitzarmen horien bitartez.
Greba eta hitzarmenak: jokorik ez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu