Grebak

Juanjo Olasagarre › Deia
2010eko urriaren 5a
00:00
Entzun
Seguru aski aste honetako gaia greba izan da. Eskubideak gutxitu, merkatuaren eskuetan utzi eta txiroago eginen gaituzten neurrien kontrako greba hori. Euskal Herrian ia nabaritu ez den greba hori, Ekainaren 28 euskaldunago egin gintuen greba. Neurri batean ez fu ez fa gelditu den greba hori bera.

Bururatzen zaidan galdera zera da: greba orokor baten helburua kalea gelditzea bada, Gobernuari erabakitako erreforma laborala gustuko ez dela adierazi, eta, oro har, merkatuak deitzen diren horien diru gose ikaragarria salatzea, badu zentzurik greba hori bi txandatan egin eta inork egin ez duela ohartzea?

Adiskide batzuk pozik agertu dira Iruñeak ez zuelakoz gelditua ematen, tabernak irekita, autobusak martxan, dendak saltzen eta kalean ohiko jendea harat-honat. Greban ez dute espainolak irabazi eta pozik egon gaitezke nahiz eta horrek grebaren eragina murriztu. Guk, greba ekainaren 28an egin genuen, eta akordatzen ez banaiz ere, Irailaren 29aren pareko izanen zen, ez fu ez fa. Bale. Ez gara espainolak eta zer?

Iruditzen zait bizi ditugun nora eza garai hauetan, nora eza ezkerraren aldetik, nora eza nazio ikuspegia deitzen den horren aldetik, taktikak bi grebak greba egun bakarrean egitera eraman beharko zituela sindikatu abertzaleak deitzen diren horiek. Bai, entzun ditzaket nire adiskidearen aitzakiak, haiek(sindikatu espainolistak?) ez luketela nahi greba eguna aldatu. Normala, nola aldatuko dute haien ikuspegiak Estatu Espainola hartzen baldin badu. Gainera gehiago dira. Horregatik uste dut sindikatu abertzaleek(abertzalea nintzen eta uste dut oraindik ere banaizela) oker egin zutela greba hura konbokatzean. Bereziaren bereziz ezer ez gara.

Izan ere, bost axola izanen dit niri 65 urterekin ezin erretiraturik nire euskalduntasunak, nire espainoltasunak, nire gaytasunak eta nire kristina santuak. Hankak arrastaka lanera joan nahi ez duen zahar bat baino ez naiz izanen. Zahar bat. Beste kategoria bat. Gehiegiz osaturiko kategoria debaluatua. Edertasunak, beti bezala, gazte izaten jarraituko du. Urriaren urriz ederrago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.