Hendaiatik Maulera
Besta eguna da gaur bertsolaritza osoarentzat, baina bereziki Ipar Euskal Herrikoarentzat. Duela hamabi urte Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako txapelketa sortu eta berau garatzen eta sendotzen lagundu duten bertsozaleentzat, bertso eskoletako irakasleentzat, gai-jartzaileentzat, saio-antolatzaileentzat, bertsolarientzat eta Bertsularien Lagunak elkarteko kideentzat. Zalantzarik ez da txapelketak aurrerapauso esanguratsua eman duela aurtengo ekitaldian, antolaketan, saioen kalitatean eta gazte jendearen erantzunean, besteak beste. Donibane Lohizuneko Jai Alai pilotalekua hazkunde horren lekuko izango da: 2.000 lagun inguru bilduko dira zortzi finalistak entzutera. Duela zenbait urte pentsaezina zen horrelako kopuruetara iristea, baina Xilabak lortu du, txapelketa Muskildin abiatu zenetik denok hitz berri hori etxekotzea lortu duenez. Eta, gainera, finalak berez nahikoa osagai ez balitu, zubereraz entzuteko aukera izango da, Joanes Etxebarriaren ahotik. Mauletarrak aurpegia jarri dio txapelketak aurten piztu duen ilusioari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu