Hezkuntza euskaldun eta herritarra eraiki

Ainhoa Larrabe EHBE Euskal Herriak Bere Eskola elkarteko kidea
2010eko urriaren 26a
00:00
Entzun
Udako oporretako haize freskoak alde batera utzita, ikasturte berria martxan da dagoeneko. Eta ikasturte berri honi adjektibo bat jarri behar badiogu, «korapilatsua» jarriko genioke. Izan ere, hezkuntzan, erronka ugari ditugu aurten aurrez aurre.

Uda honetan, hezkuntza agintarientzat ez da oporrik izan. Jendarte baten eraikuntzan hezkuntzak duen garrantzia guztiz barneratuta dute, eta etxeko lana batzuk ongi beteta bueltatu zaizkigu ikasturte berri honetara.

EAEko ikastetxeetan urritik aurrera, 13 eta 16 urte inguruko 18.000 euskal ikasle baino gehiago hasi dira pairatzen Isabel Zelaak diseinaturiko Bizikidetza eta biolentziaren deslegitimatze planaren irakasgaiaren aplikazioa. Ikastetxe, irakasle, hezkuntza komunitate eta orokorrean, jendartearen oniritzirik gabe, plan «pedagogiko» hau bururaino eramateko urratsak egiten ari dira. Herri honetan bizi dugun gatazkaren existentzia aintzat hartu gabe, onaren eta txarraren irakaspena eman nahi digute. Bizikidetzaren inguruko irakaspena ematea helburu bada, pedagogikoa al da ikuspuntu zehatz batetik abiatutako heziketa? Herri honetan nor den biktima eta nor ez den horren modu partzialean zehazten duen proiektua onargarria al da?

Nafarroako Gobernua ere ez da atzean geratu. Alde batetik, Euskal Herriaren existentzia ezabatze bidean ezarritako testuliburuen sorgin-ehiza, Euskal Herria terminoa duten testuliburuak zerrenda beltzean jarri eta hauen erabilera mugatzeko diru-laguntzak kentzera bideratua dagoena. Eta bestetik, abuztuan, ikasleak oporretan daudela aprobetxatuz, onartutako Ikasleen Eskubide eta Betebeharren dekretua, ikasleen eskubideak murrizten dituen zerrenda bat.

Zuberoan, Nafarroa Beherean eta Lapurdin ere, Euskal Hezkuntzak ez du bere garairik onena, Estatu Frantsesetik euskarak inolako onarpen ofizialik gabe, ikastolen egoera zailtzen ari da. Gainera, EAEko gobernuko diru-laguntzak korapilatzen ari dira, eta zoritxarrez iraungitze data dute: 2010. urtea. Hori gutxi balitz bezala, landa eskola eta eskola txiki ugarik bere ateak itxi beharrean aurkitu dira eskola mapa berriak txikiak baztertzen dituelako, hala, landa eremuen desertifikazioak aurrera jarraitzen du.

Unibertsitatean, Bologna Prozesuan zeharo murgilduta hasi dute ikasturtea. Herrien beharren araberako ikasketak eta ikerketak egitera baino, multinazional eta enpresa pribatuen zerbitzura makurtzen dira gehiago unibertsitateak, ikasleak lan makina izatera bideratuz eta irakasleen lan baldintzen prekarizazioan sakonduz.

Izugarria da azkenaldian hezkuntzari ematen dioten erabilera. Izan ere, lege eta inposaketa horiek guztiak Estatu-politikaren logikaren barnean kokatu behar ditugu. Doktrinamendu espainiar zein frantsesa besterik ez dute helburu. Herri honen nortasun, kultura, historia, hizkuntza eta abar ezabatu eta beraien araberako etorkizuneko jendarte sumiso eta akritikoa sortzea da horren guztiaren xedea. Legeak lege, ezarri nahi diguten tunel ilun honetan bada argi izpi bat. Azken urteotan, Hezkuntza Sistema Nazional baten aldeko mugimendua gorpuzten hasia da. Horren isla dugu iazko ikasturteko Martxoaren 13an Euskal Herriak behar duen Hezkuntzaren alde eta inposaketen aurka egindako manifestazio nazionalak izan zuen arrakasta.

Ez hori bakarrik. Egunotan Kilometroak edo Nafarroa Oinez ospatu dira Pasaia-Lezon eta Atarrabian, hezkuntza euskaldun eta herritarrarekin konpromisoa duten milaka herritar bilduz. Azaroaren 6an, Ikasle Eguna eta manifestaldi nazionala egingo da Amurrion. Nafarroako ikasleek mobilizazio dinamika handia piztu dute eskubideak ezabatzen dituen dekretuaren aurka. Matrikulazio garaian, eskaintzen den lekuetan, D eredua da eredurik hautatuena, Zelaa edo Catalanen kaltetarako. Horrek guztiak argi uzten du hezkuntzarekiko kezka egon badagoela.

Inoiz baino beharrezkoagoa da Hezkuntza mugimendu hori artikulatzea. Ahalik eta sendoen. Inposaketen aurrean harresi bat eraikitzeaz gain, Hezkuntza Sistema Nazionala aldarrikatuko duena. Euskalduna eta Herritarra izango den Hezkuntza Sistema. Euskalduna hizkuntzaz -euskarazkoa eta euskaldunduko duena- eta edukiz -euskal nortasuna, ezagutza eta jakintzak oinarri izango dituena-. Eta Herritarra, hezkuntza eskubideak bermatzen dituen hezkuntza zerbitzu publikoa: hezkidetzailea, kritikoa, pedagogikoa.

Irakasle, guraso, ikasle edo, sinpleki, hezkuntza egoerarekin kezkatutako edozein herritarrek egoera honi buelta emateko gaitasuna du. Euskal Herriak Bere Eskolan leku bat dute lan hori egin nahi duten guztiek. Horiei guztiei deia egin nahi diegu herriz herri eta ikastetxez ikastetxe, batzen gaituena oinarri, eraso hauei ezezko sendo bat ematera! Argi utz dezagun guk Hezkuntza sistema Euskaldun eta herritarra nahi dugula eta hau berau eraikitzeko eskubidea badugula! Egitera goazela!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.