Venezuelako oligarkek eta horien alderdiek kontra egin zioten Konstituzioari erreferendum bitartez lehenago ere saiatu ziren AEBen laguntzarekin Chavez botatzen, eta petrolio borroka ere piztu zuten burokrata ustel batzuen bidez, eta orain konstituzio hori bera baliatu dute Venezuelan demokrazia errotu duen gizona agintetik botatzeko. Ez zuten asmatu. Marru ozenak egiten badituzte ere, herri guztiak daki ondo zer gertatu zen. Chavezek demokratikoki irabazi zien kontrarioei, zortzigarrenez eta entresakarik gabe. Venezuelako demokraziak, iraultzaile bolivartarren bandera hartuta, hautsi egin zuen oligarkek eta haien mendebaldeko lagunek bultzatutako bi alderdiko sistema. Hori guztia, gainera, komunikabide guztiak kontra egonda gertatu zen: bi egunkarik, Universal eta Nacional deituek, baita Gustavo Cisnerosen telebista kateek eta CNNk ere, ez zuten ezkutatu oposizioari eman zioten babes nabarmena. Caracasen diren atzerriko berriemaile batzuek sinetsi egin nahi izan dute Chavez diktadore zapaltzailea dela, eta orain desesperatuta dabiltza euren irudimenak errealitate bihurtu nahian. Preso politikoak daudela, edo Guantanamoko estiloko atxiloketak gertatzen direla edo telebistetako zuzendariak kargurik gabe uzten dituztela horrelakoak batere hautsik harrotu gabe gertatzen dira Blairren Erresuma Batuan salatzen dute; ez dute, ordea, frogarik eskaintzen.. Orain dela aste gutxi batzuk, eztabaida luzea izan nuen Chavezekin. Hasi Iraketik eta Venezuelako historiaren eta politikaren ñabardura txikietaraino, programa bolivartarra barne. Argi geratu zitzaidan Chavez erro-erroko sozialdemokrazia sortu nahian dabilela Venezuelan eta gizarteko maila apalenak gorpuztu egin nahi dituela. Araugabetze eta pribatizazio aro honetan, eta ongizatearen eredu anglosaxoia politikan nagusi den honetan, iraultzailetzat jotzen dira Chavezen helburuak, nahiz eta proposatutako neurriak ez izan Erresuma Batuko gerra ondoko Atlle gobernuak egindakoetatik ezberdinak. Petrolio ondasunaren zati bat pobreak hezteko eta sendatzeko ari dira baliatzen. Txaboletan eta herrixka txiroetan bizi diren milioi bat haurrek hezkuntza jasotzen dute doan. Milioi eta berrehun mila adinduni irakurtzen eta idazten irakasteko helburua dute. 250.000 haurrek posible izango dute bigarren hezkuntza egitea, eta kontuan izan behar da erregimen zaharrean ez zutela modu horretako pribilegiorik. Hiru unibertsitate campus abian ziren 2003rako, eta sei gehiago jarri nahi dituzte 2006rako. Osasunari dagokionez, aldatu egin da egoera leku txiroetan, Kubatik etorritako 10.000 sendagileei esker; 11.000 klinika txiki jarri dituzte, eta osasun aurrekontua lehen halako hiru da orain. Horri erantsi behar zaio negozio txikiei eman zaien diru laguntza, baita pobreentzat eraikitzen ari diren etxebizitzak ere. Nekazaritza Erreformatzeko Legea ere egin eta aurrera eraman zuten erresistentzia guztiak gaindituz; lur jabeen erresistentzia legala eta bortitza, alegia. Iaz, bukaera aldera, 2.262.467 hektarea banatu zituzten 116.899 familiaren artean. Chavezen ospe onak baditu, beraz, arrazoiak. Aurreko erregimenek ez dute pobreekiko beharrik sentitu.
Eta batek ezin du lagundu, baina bai konturatu ez dela aberatsen eta pobreen arteko zatiketa soila, baita azalaren kolorearen araberakoa ere. Chavistak azal ilunekoak dira orokorrean; esklaboak izan zirela eta lur horretakoak bertakoak direla islatzen du horrek. Oposiziokoak, berriz, azal zurikoak dira, eta haietako atsekabetuenek beltzen alde egitea egozten diote Chavezi . Hori salatzeko, txotxongilo antzerki bat antolatu zuten Caracasko AEBen enbaxadan, eta Chavez astoarena egiten jarri zuten. Horrek, ordea, ez zion batere graziarik egin Colin Powelli, eta enbaxadoreak barkazioa eskatu behar izan zuen.
The Economist egunkari etsaiak egunotan eman duen arrazoibidea bitxia da benetan: botoak irabazteko egin omen zuten hori guztia. Venezuelari buruzko erreportaia The Economist-en eta Financial Times-en oligarken aldeko apologia baizik ez da izan. Berriemaileek apenas erantzun dieten inoiz nagusien nahiei hain akritikoki.Bolivartarrek boterea nahi zuten benetako erreformak aurrera eramateko. Oligarkek eskaintzen duten bakarra garai bateko kontuak eta Chavez kargutik botatzea da. Zentzugabea da pentsatzea Venezuela hondamendi totalitarioa gertatzeko zorian dagoela. Oposizioak pentsarazi nahi izan dio herriari norabide horretan. Bolivartarrak harrigarriki zapaldu dituzte. Chavezi bere filosofia azaltzeko eskatu nion, eta hau erantzun zidan:
«Ez dut sinesten iraultza marxistaren oinarri dogmatikoetan. Ez dut onartzen langileen iraultza izeneko aro batean bizi garenik. Hori guztia berriz pentsatu beharra dago. Jabetza pribatua ezeztatu nahian al gabiltza Venezuelan?, edo klaserik gabeko gizartea aldarrikatzen? Ez dut uste. Baina errealitate hori dela-eta pobreen alde ezer egiterik ez dagoela esaten badidate, eta jakinda pobre horiek urteetan la egin dutela herri honetan eta langile esklaboak ere izan direla, orduan nik diot: «Banatu egingo dugu». Sekula ez dut onartuko ondasunak gizarte guztiaren artean ez banatzea. Gurean ere goi klaseei ez zaie zergak ordaintzea gustatzen, eta horregatik gorrotatzen naute, besteren artean. Guk esan genien: 'Zergak ordaindu beharrean zaudete'. Uste dut hobe dela borrokan hiltzea, iraultzaren bandera gora jaso eta ezer ez egitea baino... Iraultzaren jarrera hori ez zait sarri egokia iruditzen; aitzakia merkea izan ohi da batzuetan... Saia eta egin zerorren iraultza, egin borroka, aurrera jo apur bat bada ere, milimetro bat bada ere, behar den bidean; hobe hori, ameskeria edo utopietan aritzea baino».
Horra hor zergatik irabazi zuen Chavezek.
Erredakzioan itzulia
HITZORDUA. Venezuela: Chavezen garaipenaren arrazoiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu