Hizkuntza argia filosofoaren «kortesia» dela esan zuen José Ortega y Gassetek. Filosofiari berezkoa zaiola «iluntasuna» uste du askok. Pentsalari sakonaren ezaugarria omen da. Baina uste okerra da hori. Bertrand Russellek zioenez, idazleari argi hitz egiteko eskatu behar zaio, benetan zer esan nahi duen jakin dezagun. Ez daukagu zer esan nahi ote zuen asmatzen ibili beharrik. Esan dezala esan beharrekoa argi eta garbi. Idazkeran ere erabateko gardentasuna bilatzen zuen pentsalaria genuen Bertrand Russell.
Ezaguna da Hegelen iluntasuna. Berez ei zen halakoxea. Ilunak ziren bere klaseak eta ilunak dira bere liburuak. Ez zeukan, bestalde, hitz egiteko erraztasunik (hitz totelka egin ohi zuen). Aleman filosofiaren ezaugarria da, nonbait, ulergaitza izatea. Dirudienez, moda horri Kantek emanzion hasiera. Haren gaztetako obren irudimen alai eta idazkera bizia sakontasun indartsu eta lehor bihurtu ziren geroxeago. Garaikide guztiek deitoratu zuten haren aleman nahasi eta korapilatsua (badu batere punturik gabeko orrialderik ere). Haatik, Goethek esana da Kanten orri bat irakurtzen zuenean argiz betetako gela batean sartzen zen inpresioa zeukala.
Hegelek gogor kritikatu zuen Kanten elkortasuna. Haren hizkera ilunaren atzealdean pentsamendu arruntak ezkutatzen omen ziren. Baina Hegelek Kanti egotzi zion iluntasun bera aurpegiratu zioten berari bere lagunek. Eta arrazoi zuten, seguruenik. Hara zer idatzi zuen Russellek: «Hegelen filosofia oso zaila da. Nik esango nuke filosofo guztietan ulergaitzena dela». Kanten zenbait testu, behinik behin, irakurgarriak gertatzen zaizkiopertsona ez-adituari ere (berak ohartarazi zuenez, arriskutsua da tonu asaldatu eta apokaliptikoa erabiltzea filosofiazko ikerlan neurritsu batean). Hegel, berriz, nekezulertzen den pentsalaria da.
Kant eta Hegelen alemana zaila da benetan, baina askoz zailagoa da Heideggerrena. Harenhizkera apropos da korapilatsu eta bihurria. Adituen iritziz, gehiegi baliatzen da neologismo bitxiez, hitz elkartuez eta zentzu metaforikozko berbez. Heideggerren testu batzuen ulergaiztasuna (hitz, esamolde eta egitura berri bezain bihurriz josia eta gramatikalki lotu gabekoa) jasangaitza zitzaion Hannah Harendt bere maitaleari. Zer zuen ezkutatzeko Heideggerrek?
Rudolf Carnap alemaniar filosofo handiak garrazki satirizatu zuen Heideggerren zentzugabeko mordoilokeria. Honen Zer da metafisika? liburuko «akats logiko trauskilak» eta «zentzurik gabeko hitz segidak» salatu zituen («ezerezak ezerezten du» eta antzerako bitxikeriak, «euriak euritzen du» esatea adinako tontakeriak iruditzen zitzaizkion). Aleman txit berezian idatzi zuen. Hizkuntzaren alderdi komunikatibo eta ulerkorra mesprezatu zuen, horrela, Oihan beltzeko aztiak.
Argiak eta ulerterrazak izaten saiatu ziren frantses eta britainiar ilustratuak: arrazionalistak ziren eta ideiak komunikatu egin zitezkeela uste zuten. Are gehiago, gizakien funtsezko berdintasunean sinesten zuten eta jende guztiak ezagutzarako sarbidea izatea nahi zuten. Heidegger -irrazionalista eta antidemokrata- nahita izan zen iluna, Ilustrazioaren argitasunari kontra egitearren edo. Haren pentsatze «autentikoa» elitismo intelektualaren era berri bat da. Edornok ere goitik behera kritikatu zuen haren hizkera iluna («jerga» deitu zion). Bere iritziz, Heideggerren idazkera bihurri eta errebesa arrunt lagungarri zitzaion totalitarismo filosofiko nahiz politikoari.
Michel Foucault argia zen solasean eta mintzaldietan. Baina bere idatzietan iluna zela iruditu zitzaion John Searle pentsalari amerikarrari. Honek behin galdetu zion ea zergatik idazten zuen hain «gaizki». Argiro idazten bazuen ez zutela seriotzat hartuko erantzun omen zion («En France, il faut avoir au moins 10% incompréhensibles»).Intelektual askok esapide misteriotsuak erabili ohi dituzte euren hitzei sakontasun itxura emateko.
Paul Grice filosofoak ekarpen garrantzitsuak egin ditu pragmatikaren arloan. Entsegu famatu batean arau zehatz batzuk formulatu zituen. Honako hau da horietako bat: «Ahalik eta argien hitz egin ezazu, anbiguotasunik gabe». Argiak eta laburrak izan behar dugu. Izurriteari bezala ihes egin behar zaie mendeko perpaus nahasiei.
Euskaldunok askotan lanak izaten ditugu euskarazko testuak irakurtzen. Ez dezagun premiarik gabe oztopo gehiago jarri. Ahalegindu gaitezen geure jardunaren astuntasuna arintzen. Hitz egin dezagun argi. Wittgensteinek adierazi zuen bezala, «esan daitekeena argiro esan daiteke». Eta errazkerian erori gabe.
Hizkera argia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu