Homofobia

Rikardo Arregi › Deia
2010eko urriaren 14a
00:00
Entzun
Izugarriak dira Serbiako hiriburutik iritsi zaizkigun argazki eta berriak: hamar urte isilik eta diskretu ibili ondoren aurten gay pride egitera ausartu dira bertako gay eta lesbianak; poliziak babestuta ibili dira kaletik mila lagun, beste sei mila lagunek ehiza egin nahi zuten bitartean; zaurituak (poliziak gehien bat) eta istiluak. Homofoboen artean hiru talde nagusitu dira: ultranazionalistak, ultrakristau ortodoxoak eta ultrafutbolzaleak; gurutzeak eta Belgradeko Partizan taldeko bufandak izan dira gehien ikusi diren ikurrak. Ez da harritzekoa: han eta hemen, ortodoxoak izan ala katolikoak, gurutzea mailu bezala erabiltzeko ohitura dago; han bezala hemen futbolaren inguruan gotorleku sendoena eraiki du homofobiak, Ingalaterran bakarrik ezagutu zen futbolari gay baten kasua (Estatu Batuetako Armadan bezala don't ask, don't tell legea indarrean dago futbolean; gay futbol taldeak salbuespen heroikoak dira). Serbian bezala Polonian edo Errusian (Moskun guztiz debekaturik dago manifestaziorik egitea) oso arriskutsua da gay eta lesbianak plazan agertzea, baina ez bakarrik ekialdeko herri sobietar ohi haietan, baita Donostian ere (galdetu Mikel Martini bestela).

Argi dago nahiago dudala hemen bizi eta ez Serbian, baina hemen, mendebalde zibilizatuan, arriskuak ere handiak dira kaleetan, eskoletan, lantegietan. New Yorkeko gobernadoregai errepublikano Carl Paladinok esan berri du ezin dela harro egon homosexual disfuntzionala izateaz eta gay komunitateak haurren buruak jaten dituela, garunak garbitu, alegia. Ez dakit Paladino jaunak zeri edo nori deituko dion homosexual disfuntzionala eta, beraz, zeintzuk izango diren homosexual ez disfuntzionalak. Funtzionalak? Funtzionatzen dutenak beharbada? Baina orduan... Ai, kontu hauetan batzuen ergelkeria mailak muga guztiak gainditzen ditu.

Isilik, diskretu, etxean gorderik nahi gaituzte leku batzuetan (beste askotan hilda, besterik gabe), edo normalizatuta, kontsumitzaile on sentsibilitatez beteak hemendik. Zakarrak izatera behartuta gaude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.