Independentismo katalanaren zatiketa

Victor Alexandre Idazle eta kazetaria
2010eko urriaren 10a
00:00
Entzun
Ez dakit zer ikuspegi duen Euskal Herriak independentismo katalana azkenaldian ematen ari den ikuskizunaz, baina susmoa daukat harridurazko ikuspegia behar duela izan, egiaztatu duelarik independentistak berak direla bidea oztopoz betetzen ari direnak, hain zuzen ere, aurrerantz jauzi egiteko hogeita hamar urte hauetako garairik onena den honetan. Izan ere, nolanahi begiratuagatik, oso nekez ulertzen baita haren autozatikatzea. Batez ere kontuan izanik ez dagoela ideologia desadostasunik datorren azaroaren 28ko hauteskundeetan aurkeztekoak diren indar berri bien artean. Zehazki, Reagrupament-ez, Joan Carretero buruzagi duenaz, eta Solidaritat-ez, Joan Laporta buruzagi duenaz, ari naiz. Esquerrarekin bai, badago desadostasunik. Eta horren froga da Reagrupament eta Solidaritat ez liratekeela sortu ere egingo, Alderdi Sozialistaren alderantz bira erregionalista bat egin izan ez balu. Egiaz, oso litekeena da errepublikanoen sektore handi batek, Joan Puigcercosek barne, Euskadiko Ezkerrak burutan atera zuen antzeko prozesu bati bide ematea azkenean. Oraingoz, modu ezkutuan, aspaldidanik betetzen du toki hori gobernuan. Horregatik sortu dira sigla berriak -Reagrupament, hasieran, errepublikanoen barneko korronte kritiko gisa sortu zen-; horrexegatik, halaber, askoz ere konplexu txikiagoko proposamenak agertu dira hauteskunde mapan. Horixe da ondorio logikoa, Esquerraren jokabide kezkagarriak frustrazioa eragin baitu, hari botoa eman ziotenak salduta sentiarazteraino. Batez ere, aurkitu dutelarik beren botoak Alderdi Sozialistaren hautestontzira joan zirela. Eta, alde horretatik, argi dago -gure Patxi Lopez- Jose Montillaren lehendakaritzak ekarri duela Francoren heriotzaz geroztik inoiz izandako espainoltzerik basatiena. Bat datoz kontu hori eta beste hau: Esquerrak aldi honetan jaso izana bere historiako sarrera kopururik handiena.

Gai horri dagokionez, ezinago egokia iruditzen zait demokrazia birsortzeko asmoz Reagrupamentek egindako proposamena, gobernuko diputatu eta kargudun guztiei galdegin baitie beren ondasunen, sarreren eta ondareen aitorpena aurkezteko urtero; hartara, betetzen duten karguaren jardunaldia amaitutakoan kontu ikuskatze publiko bat egitera behartuta egongo dira, aberaste bidegabekorik izan ez dutela frogatzeko. Baina hori ez da Reagrupament eta Solidaritat alderdien ahalezko boto-emaileak gehien kezkatzen dituena, baizik eta indar biak ez izatea gai zerrenda bakarrean batera aurkezteko. Haien balizko boto-emaileak bere artean egiten du nolatan ez diren konturatzen haien arerio nagusia ez direla botere faktiko katalanak, baizik eta Reagrupament zaleen eta Solidaridat zaleen arteko desadostasunak. Egia da ez dagoela Joan Carreteroren eta Joan Laportaren arteko desadostasun pertsonalik, baizik eta beste kide batzuen artekoak; ondorioak, baina, kaltegarriak dira, berdin-berdin. Pentsa dezagun gizarte zibilak erakutsi duen ilusio apartekoak eta antolakuntzarako gaitasunak -hango klase politikoa bera ere harri eta zur utzi baitute, gobernu espainola gaindituta eta nazioarteko komunikabideetan jakin-mina piztuta- ezin duela emaitza gisa ekarri independentismoak ordezkaritza sinbolikoa izatea hauteskundeetan. Ezin onartuzkoa izango litzateke, CiUra ihes egindako botoetatik eratorritakoa izango bailitzateke -hirugarrengoz hiruko bat saihestearren-, eta independentisten abstentzio zabaletik, honela esango bailukete: «Nire botoak ez baldin badit errentagarritasun nazionalik ekarriko, nahiago dut ez eman botorik inori». Ni neu ez naiz abstentzioaren aldekoa, Parlamentuan talde propio bat lortu ahal izateko, hauteskunde legeak kopuru jakin batzuk eskatzen baititu, eta nekez lor daiteke halakorik independisten hein bat etxean geratuta. Eta, egia esateko, kontu gehiegi dago jokoan, etxeko sofan muturtuta gera gaitezen, nahiz eta ez egon batasunik. Nolanahi ere, ezinbestekoa da Reagrupamenten eta Solidaritaten elkar ulertze bat galdegitea gizarteak. Herrialdearekiko leialtasunez eskatu behar zaio, eta oraintxe bertan sigla horiexek bakarrik direlako gai -hurrengo batean hitz egingo dugu halako proposamenen gainjartzeaz- Kataluniari nazio gisa astindu bat emateko eta benetan aurrera eginarazteko independentzia adierazpen aldebakarreko baterantz. Norbaitek esango du CiUk ere boto-emaile independentisten kopuru oso handia duela, eta egia da, zorionez, baina gaur egungo haien zuzendaritzak inoiz ezingo du Espainia ataka gaiztoan jarrarazi. Horregatik, ezinbestekoa da independentismo desinhibitu sendo bat izatea parlamentuan: CiUri ez uzteko axolagabe jokatzen eskubide nazionalen alorrean.

Oraintxe bertan, albiste bakarra espero dute milaka independentistak: Reagrupamenten eta Solidaritaten hautagaitza bakarra. Eta, hala geratuz gero, bozkarioz lehertuko dira. Moral aldetik, hiru arrazoi giltzarri dituzte indar biek, elkarrekin batean aurkezteko: lehena, aritmetika hutsezkoa da; bigarrena, konfiantza kontua da; eta hirugarrena, irudiari dagokiona. Aritmetika kontua, bananduta aurkeztuz gero min handia egin diezaieketelako D'Hont Legeak-Katalunian indarrean dagoen hauteskunde legeak-. Konfiantza kontua, zilegi delako norbaitek bere buruari honako hau galdetzea: «Ez badira gauza gatazka txiki bat konpontzeko -gertuko indar batekin ados jartzeko-, nola konpondu ahal izango dute Espainiarekiko gatazka?». Eta irudi kontua, zatiketa dela bitarteko bietako batek ez baldin badu lortzen talde parlamentario propiorik, tonto aurpegia geratuko zaielako, baina, horretaz gainera, independista gehienek errieta emango dietelako, berriro ere beste lau urtez eginarazteagatik basamortuko zeharkaldia. Espero dezagun harrotasunak, gizalegezkoa izanagatik, adimenari bide ematea, hori ere gizalegezkoa baita, eta, borondateak batzen ez baditu, batu ditzala elkarren premiak.

(Erredakzioan itzulia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.