Duela egun batzuetatik, Avui egunkari katalana gertutik kasu egiten ari zaio Euskal Herrian, antza denez, ETAren aldetiko su-eten behin betikoaren inguruan ekin dioten prozesuari. Kasu egiten ari zaizkio, hainbat politikari buruzagi elkarrizketatu, eta haiek gaur egungo egoerari buruz zer iritzi duten argitaratuta. Iñigo Urkulluk adierazi du, esate baterako, ezker abertzalekoekin bilerak egiten ari dela. Pello Urizarrek, berriz, honako iruzkin hau egin du: «Presidente espainol guztiak ahalegindu dira gai horretan tantoak irabazten, bai baitakite indarkeria desagerraraztea lortzen duenak arrastoa utziko duela historian. Halakoxe tentazioa izan dute guztiek; Zapaterok ere izan du dagoeneko, baina azkeneko prozesuak porrot egin zuela-eta amaitua dela esana du. Jakin badakigu, ordea, jarrera apur bat aldatzen ari dela orain». Arrazoi dauka Urizarrek. Tantoak irabaziz historian arrastoa uzteko gogo bizi halakoa berezkoa dute presidente guztiek, eskuinekoek zein ezkerrekoek. Nolanahi ere, hori hala baldin bada, nola liteke inor ez joatea harago?, galdetu genezake. Nola izan liteke elkarrizketarik alderdi biren artean, horietako batek kartzelan preso baldin badu bestearen solaskide nagusia? Halako jokabide batek, probokazioa izateaz gain, gogortu egiten du gatazka, eta hura ez konpontzeko borondate erabatekoa aditzera ematen du. Izan ere, egia da presidente guztiak eta haien alderdiak jakitun izan direla ETAren existentziak alibi bikaina ematen ziela, besteak beste, demokraziaren kontrako legeak onartzeko, egunkariak ixteko, haietako zuzendariak torturatzeko, hauteskunde zerrendak galarazteko, euskal gizartearen zati bati bozkatzeko eskubidea ukatzeko, independentzia indarkeriarekin lotzeko, eta hautesleei iruzur egiteko, Euskadiko hauteskundeak bulegoetan maneatuta. Euskaldun guztiek badakite, iruzur halakorik izan ezean, Patxi Lopez ez zatekeela lehendakari izango gaur egun. Eta halako iruzur bat zilegi izan da bi alderdi nazionalista espainol handien itunari esker, alderdi popularraren eta alderdi sozialistaren artekoari.
Halere, bere hartan dirau historian arrastoa uzteko Zapateroren nahiak. Egia da. Baina gizabanako baten nahia da. Onuragarria izango litzateke Zapateroren buruarentzat, baina ez letorke inolaz ere bat haren alderdiaren estrategia interesekin eta gai horretan aliatu duenarenekin. Ikusi besterik ez dago nola sumintzen den PP, esate baterako, negoziazioa, ituna eta elkarrizketa hitzak entzun orduko. Popularrei, hauteskunde arrazoi hutsengatik, ez zaie interesatzen Zapaterok tantorik txikiena ere egitea gai horretan. Begien bistakoa da. Baina horren kontra daude, halaber, ideologia arrazoiengatik, eta edozein zitalkeria egiteko gai dira; hala erakusten du milaka euskaldun isilaraztea itundu izanak, bozkatzerik izan ez zezaten. Eta beste horrenbeste esan liteke PSOEz, nazioarteko bitartekari adituen eta Europako Batasunaren beraren iritziaren kontra jota, ukatu egiten baitu gatazkaren politika izaera. Hala nahastu ohi dira, hain zuzen, harrotasun espainola eta herrialde bat menderatzeko estrategia interesak, zeinean garbi jokatuta ez baitzuten hauteskundeak irabazteko modurik izango. Zein naziok, bere buruari gutxieneko estimurik dionak, jarriko luke bere gobernua betiko beste baten mendeko nahi dutenen eskuetan?
Horregatik da hain onuragarria ezker abertzaleak kanpoalderantz bideratzea bere pauso guztiak, ETAren indarkeria amaitzeko asmoz. Hautabide ona da hori, gobernu espainolari hainbat mugimendu eginarazten baitizkio, horrek guztiak barne izaera edukiko balu inolaz ere egingo ez lituzkeenak. Esan nahi dut egoera Europaren begiradapean egoteak estutu egiten duela Espainia, gauzak arintzeraino eta jarrera tematiak samurtzeraino. Baina ETAk onartu beharra dauka borroka armatuak, herri bat askatzeko estrategia gisa, ez duela inolako arrakasta ahalbiderik gaur egungo munduan. Statu quo espainolak, makurra eta gezurrezkoa izanagatik, baditu ahulgune batzuk, hura ataka gaiztoan jarrazteko modukoak, inor hil beharrik izan gabe. Erailketa, hiltzaileak gerra ekintzatzat badauka ere, adimen ezintasunaren erakusgarri bat besterik ez da, zuribide duen kausari izateko arrazoia ere kentzen diona; beraz, konpontzeke ez ezik, larriagotuta eta sekulakotuta dirau gatazkak. Horren froga da nazio espainolaren borondatearen mendeko dela oraindik ere euskal nazioa. Ez al da hori arrazoi nahikoa estrategia aldatzeko? Ez al da garaia hormonak buruargitasunarekin aldatzeko?
Ezker abertzaleak ulertu beharra dauka buru argiaz jokatzea dela ETAren alderdirik hormonalenetik aldentzea, harrotasuna irenstea, indarkeria gaitzestea eta gobernu espainolaren eskakizunak onartzea; izan ere, behin horiek asebeteta, gobernu horrek ez du argudiorik izango hauteskunde zerrendak galarazteko eta euskal presoak euskal herrira ekartzeari uko egiteko. Haren erresistentziak bere hartan iraungo du, hori bai, aurreko hauteskundeetako iruzur berbera egiteko asmotan baitabil datorren urteko maiatzeko udal hauteskundeetan ere, eta, horregatik, ETAren bake borondateari entzungor egitera behartu nahi du bere burua, eta nazioarteko begiraleen baikortasunarekin bat ez agertzera. Ohartu gaitezen dagoeneko sortu direla zenbait ahots nazionalista -hala nola Antonio Basagoiti, euskal PPko presidentea-, eta horiek gaur egungo neurriei beste lau urtean eustearen alde agertu dira, su-etena benetakoa dela egiaztatzeko. Alegia, behin aurrez ikusita ETAk aurten adieraz dezakeela borroka armatuaren su-eten aldebakarreko, iraunkor eta egiaztagarria -Bruselako Deklarazioa sinatu duten bitartekarien taldeak eskatu bezala-, dagoeneko hasiak dira berrogeialdiaz hizketan, den-denak lehengoan iraun dezan orain. Basagoitik esana da, ETA amaituko bada, ezker abertzaleari eragotzi egin behar zaiola «udal hauteskundeetan parte hartzea», haien politika helburuek «demokraziaren kontrako» egitasmo bat ekar dezaketelako; printzipio totalitarioen adierazpen bat da, argi eta garbi, kriminal bihurtzen baitu edozein politika hautabide, baldin eta ez badu aintzat hartzen Francok lotu -ezinago ondo lotu ere- nahi izan zuen Espainia bakar eta zatiezin hori. Ondotxo dakite hori PPkoek; hain zuzen ere, ez zen alferrik erregimen hartako ministro izan alderdi horren sortzailea, Manuel Fraga. Erregimen harexek sinatu zituen heriotza zigorrak, Kataluniako eta Euskal Herriko eskubide nazionalak aldezten zituzten demokrata katalanen eta euskaldunen kontra. Horregatik da ezinbestekoa bakearen alde jarraitzea, bakearen bidez bakarrik ikusaraz baitakioke munduari ezinago kaskarra dela demokrazia espainolaren kalitatea.
(Erredakzioan itzulia)
Independentziarantz, buru argiaz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu