Irailaren 29an, hazkundearen alde?

Jose Maria Rivadeneyra Euskal Herriko Deshazkunderako Mugimenduko kidea
2010eko irailaren 29a
00:00
Entzun
Europako Sindikatuen Konfederazioak irailaren 29an mobilizazioak egiteko deia egin digu, Hersturarik ez-lanpostuei eta hazkundeari lehentasuna lelopean (No to austerity-Priority for jobs and growth!). Mobilizatzeko arrazoiak izan baditugu, ziur aski hemen Europako beste herri askotan baino gehiago, gainera. Baina hersturaren kontra eta hazkundearen aldekoa izan behar al du langile europarren borrokak?

Deia egiten diguten sindikatuen logika honako hau da: krisia dela eta, gobernuek hersturari ekin diote eta langileak jo dituzte soldatak gutxituz eta lan erreformaren bidez; langabezia handituko da, eta langileen erosteko ahalmena jaitsiko da; kontsumo publikoa eta pribatua jaitsiko da, eta horren guztiaren ondorioz, jarduera ekonomikoa motelduko da, eta ekonomiaren susperraldia atzeratuko dute. Sindikatu horien arabera, krisitik ateratzeko bidea Europako gobernuek hartutakoaren kontrakoa da: langileen kontsumoa eta instituzioen inbertsioak bultzatu behar dira, horrela jarduera ekonomikoa elikatuz.

Baina oker dabiltza. Berriki bere hiritarrei gehiago erretzea eta alkohola edatea gomendatzen zien Errusiako Gobernuko ministroa bezain oker. Batak bere hiritarren osasuna erretzeko arazorik ez du estatuko ekonomiaren alde, eta besteek ez diote oztoporik ikusten ekonomiaren alde planeta osoa erretzeari. Argitu dezagun hori: etengabeko hazkundea ezinezkoa da; mito hutsa da, gure planetak muga fisikoak dituelako. Hazkunde ekonomikoak planetaren baliabideen kontsumoaren etengabeko hazkundea behar du: ez da posible mugarik gabeko hazkunde ekonomikoa bere baliabide naturalak mugatuta dituen planeta batean. Dugun petrolioa, nekazaritzako lurrak, edateko ura... mugatuta daude, eta dagoeneko gehiegi ari gara kontsumitzen, planetak jasan dezakeena baino gehiago. Begi bistakoa den arazo hori ezkutatzeko, baina ez konpontzeko, azken urte hauetan hazkunde jasangarria eufemismoa asmatu dute etengabeko hazkundearen mitoa sustatu nahi dutenek. Errealitatea oso bestelakoa da: hazkunde ekonomikoak beti behar du baliabideen kontsumoaren hazkundea, eta ez da inoiz jasangarria. Hazkunde jasangarria, garbi esanda, ez da existitzen. Planetaren etorkizuna -hemen bizi garen guztien etorkizuna, alegia- bermatzeko bide bakarra, deshazkunde ekonomikoa da, baliabideen kontsumoa planetaren ahalmenari egoki diezaiokeen bide bakarra. Hazkundearen bidea, aldiz, herriari ekonomiaren alde erretzeko eta edateko eskatzea da; hau da, geure buruaz beste egitea da.

Guztion bizi-maila jaistea ari al gara defenditzen? Ezta pentsatu ere! Galdera hori egiten duena bizi-maila eta kontsumo-maila ari da nahasten, eta oso gauza desberdinak dira. Herri xumeak eta ikerketa burutsu eta zuhurrak bat datoz: behar material batzuk asetuta, kontsumoa handitzeak ez gaitu zoriontsu bilakatzen, kontrakoa baizik, esklabo bihurtzen baikaitu. Gure denbora lanaren eta kontsumoaren artean banatzen da, bizitzeko tarterik utzi gabe. Gizakiak sentiarazten gaituen jardueretarako betarik ez dugu, eta aisialdia kontsumorako denbora bihurtu dugu. Kontsumitzeko egiten dugu lana, eta ez bizi ahal izateko.

Ekonomiak, eta ez guk, behar du eskatzen diguten gehiegizko kontsumoa. Deshazkundearen aldekoek aldarrikatzen duguna iraultza kultural eta ekonomikoa da: gutxiago kontsumitu hobeto bizitzeko. Are gehiago, gutxiago kontsumitu dezagun guk bizi ahal izateko, eta gure ondorengoei aukera hori emateko. Deshazkundea ez da soil-soilik behar ekologikoa, planeta bizirik irauteko. Gizakien, langileen beharra ere badugu, gizakiagoak eta askeagoak izan ahal izateko behar dugun denbora berreskuratzeko. Azken mende honetako ikaragarrizko aurrerapen teknikoek lanaldia asko murriztea ahalbidetzen badute ere, hori ez da gertatu, eta teoriazko 40 orduko lan astean gelditu ginen aspaldi -errealitatean, 40 ordu baino gehiago askotan-.

Aurrerapen teknikoak ekoizpena handitzeko besterik ez dira erabili, baina ez langileen lanaldia murrizteko, nahiz eta ekoizpena gure beharren gainetik eraman. Emaitza hor dugu: planeta xahutzen ari gara, nahiz eta gehiago kontsumitu jendea ez da zoriontsuagoa, eta aldiro kapitalismoaren gainprodukzio krisietan murgilduta gabiltza, oraingoa kasu.

Europako sindikatuek hazkundearen alde egiten dutenean, XIX. mendean dabiltza. Europako langileen aldarrikapena jadanik ezin da izan bere kontsumo maila handitzea, baizik bere lanaldia murriztea. Hazkundearen ekonomia, eta horri lotuta dagoen langileen kontsumoa bultzatzeko deialdia, bide okerra da.

Deshazkundearen bidea da planeta salbatzeko eta langileriaren askapenerako bidea, eta bide horren lehenengo urratsa lanaldi murrizketa handia da, lana banatzea baita guztiontzat enplegua eta soldata duina bermatzen duen aukera bakarra.

Etengabeko hazkundearen mitoari eustea ez da bideragarria, ezta desiragarria ere: herstura bai! Planetari eta gizakiari lehentasuna!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.