Historian badira zenbait egoera, etorkizun hurbila dela-eta itxaropentsu ageri diren zenbait herriren adierazgarri. Aurrez ikusteko moduko aldaketen uneak izan ohi dira, zeinetan edozerk baitirudi zilegi, guztien hobe beharrez. Halako garai bat izan zen, ezbairik gabe, Espainiako Bigarren Errepublika ezarri zutenekoa: 1931ko apirilaren 14a. Erregimen berriak berekin ekarri behar omen zuen —eta ekarri zuen— bertan behera uztea Espainiako gizarteko deabru mendeetakoak: monarkia zentralista eta oligarkiko bat, militarismo eragabekoa, klerikalismo doilorra eta ekonomia latifundista. Trantsizioa bake eta bozkario giroan egin zen, eta nonahi atzematen zen itxaropena.
Euskal Herrian ere antzeko sentipenak nabari ziren, autogobernurako aldarrikapen politikotik hasita. Lehenbiziko talde manifestazioa apirilaren 17an bertan izan zen; Jose Antonio Agirre izeneko gazte batek zuzendutako alkate mugimendu bati esker egin zen ageriko. Ezin izan ziren Gernikan bildu, metrailadoreen konpainia batek galaiki eragotzi baitzien; bide bazterreko zangara behartuagatik ere, ordea, Euskal Errepublika federatu baten aldeko aldarria egin zioten Espainiako Errepublikari. Ez da anekdota hutsa Maciak Katalunian errepublika bat aldarrikatzearen alde egindako adierazpena onartu izana eta zapalkuntzarekin erantzutea bete-betean euskal ordezkariei.
Egoera hartan, biharamunean, apirilaren 18an, duela 80 urte, Gipuzkoan, Goierriko herri txiki batean, Itsasondon, hango alkate eta industrialari Jose Manuel Sarasola Zalakainek alkate mugimenduaren aldarrikapen politikoaren antzeko adierazpen eder bat proposatu zuen udaleko osoko bilkuran, eta aho batez onartu zuten. Nabarmentzekoa da udaleko sei zinegotzitik bi independentistak zirela, bat karlista eta beste bat UGTkoa.
Egoki dirudi edukia aipatzea. Nabarmentzekoa da argia dela eta, kontzeptu aldetik, baita modernoa ere: «Historiako garai honetan, desegin delarik nazio gisa dagokigun askatasuna suntsitzen zuen erregimena, aurre egin behar diogularik Espainiako Estatua berregituratzeko ahaleginari, eta behin berretsirik nazio gisa dagozkigun eskubide naturalak eta historikoak, honako hau galdegiten dugu Euskal Herriaren aldeko lehenbiziko autodeterminzaio ekintza gisa: Euskal Errepublika bat aldarrikatzea, Iberiako gainerako errepublikekin konfederatutakoa...».
Laburbiltzekoa da adierazpena, autodeterminazioa eskatu zuen lehenbiziko udalerri euskaldunarena izan baitzen garai hartan. Lehenik: errepublika berrestea iragan aberrante baten amaiera puntu gisa. Bigarrenik: sistema konfederatu bat berrestea, Espainiako Estatuko errealitate politiko guztiak egituratzeko modu gisa. Hirugarrenik: euskal nazio bat aldarrikatzea, bere eskubide historiko eta guzti. Laugarrenik: ezustean —garai hartan halako eskabide bat usuago baitzen ezkerrekoen aldean—, herrialdearen autodeterminazio prozesurako lehenbiziko pausotzat jotzea udal hitzarmen hura.
Ur tanta bat, historiaren garai hartako itsaso bozkariotsuan; itxaropenez betetakoa, eta dagokion neurrian aintzat hartu beharrekoa. Kemen handia agertu zuten, osoko bilkura hartan, aho batez eta zentzuz bat eginda gero eta zabalagoa zen joera eta jokabide urratzaile batekin; garai berrien aitzindari eta itxaropen adierazgarri izan zen, inondik ere, Itsasondok hartutako erabakia.
Etorkizuna ez zen bat etorri haien borondatearekin. Alkateari berari kargua utzarazi zioten, ardoaren gatazka zela eta (1934); gero, gogor zigortu zuten, «garaileek» garaituak zapaldu zituztelarik (1936an eta...). Hala ere, hortxe dago eredua —irmotasuna, batasuna eta buruargitasuna—, batere argitsuak ez diren historiako beste garai batzuetarako ere, hala nola gaur egungoetarako, nahiz eta hainbat argi erdi ikusten hasiak diren —itxaropen dosi neurritsuak zilegi izateko neurrian—. Litekeena da bake zibil baterantz hasitako prozesua izatea argigarriena, senideen arteko adiskidetzea ekarriko duena. Hala eta guztiz ere, 1936an bezala, zelatan daude garaipen militar baten galdegileak, eta dena emateko prest daude eskuin atzerakoiaren idealen alde. Itsasondoko Udalaren adierazpen hura izan bedi erreferenteetako bat garai tirabiratsu eta erabakigarri hauetan.
Testu hau honako hauek sinatu dute: Jon Gurutz Olaskoagak, Jose Manuel Castellsek, Xabier Ezeizabarrenak, Pedro Ibarrak eta Joxerramon Bengoetxea EHUko irakasleak
(Erredakzioan itzulia)
Itsasondo: 80. urteurrena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu