Bi tradizio bereizi ohi dira justiziaren teoria ilustratuan. Tradizio kontraktualista da bata, gizarte perfektuaren ezaugarriak bilatzen dituena (Hobbes, Locke, Kant). Tradizio konparatista da bestea, injustizia egoerak erremediatzea helburu duena (Smith, Condorcet, Stuart Mill). John Rawls aurreneko joeraren aldekoa zen. Goseteei buruzko lanengatik nabarmendu den Amartya Senek, berriz, bigarren bidea hobesten du.
1971n argitaratu zuen John Rawlsek hain eragin handia izan zuen A Theory of Justice liburu iraultzailea. Rawlsek eztabaida teorikoaren erdigunean ezarri zuen justiziaren auzia. Bere iritzian, erakundeak (edo, hobeto esanda, «gizartearen oinarrizko egitura») diseinatzerakoan, instituzio justuak eratzea izan behar du gure lehenengo kezka: justizia gizarte erakundeen lehen bertutetzat jo behar da.
Rawlsek honako galdera hauei erantzun die: Zer da gizarte justua? Zertan oinarritzen da justizia? Nola eraiki pertsona libre eta berdinen gizarte idealki justua? Zein dira gizarte justu bateko printzipio eta erakundeak? Rawlsen iritziz, hutsetik abiatu beharra dugu horretarako, «jatorrizko egoera» hipotetiko batetik. Egoera horretan, justiziaren gutxieneko bi printzipio hauek hautatuko genituzke guztiok: askatasuna eta berdintasuna.
Rawlsen ikuskera, bada, erabat normatiboa da: gizartea ez dago ongi antolatua, eta haren oinarrizko egitura berriro eratu beharra dago. Eztabaida arrazionalaren bidez, guztiek onartuko dituzten irizpideak finkatu behar dira, ahalik eta sistema instituzionalik zuzenena lortzeko. Rawlsek «gizarte ongi antolatua» nahi du, justiziazko printzipioek kudeatutako gizartea.
Amartya Sen ekonomista eta filosofo indiarrari bide okerra iruditzen zaio hori. Eta The Idea of Justice idatzi du Rawlsek hasitako lanari ekarpen osoagoa egiteko asmoz («Arlo honetako ekarpenik garrantzitsuena John Rawlsen Justiziaren teoria bat-ez geroztik», dio Hilary Putnamek). Liburua era irakurterrazean idatzia dago, adibide eta ohar ugariz hornitua. Rawls etengabeko erreferentzia da lan guztian zehar (hari eskainita dago liburua, adiskide eta maisutzat baitauka).
A. Senen ideia nagusia honako hau da: justiziaren teoria ospetsuenak gizarte guztiz zuzenaren bila ibili dira. Horregatik ez dute balio bizi garen mundu ez-perfektuko arazoei irtenbidea aurkitzeko. Alderantziz jokatu behar dela dio Senek: injustizia identifikatu, mekanismo zuzengarriak bilatu eta egoera bidezkoagora aurrera egin. Justizia perfektuaren teoriaren ordez, injustizia egoerak arintzeko errezetak behar dira. Gizarte idealaren printzipioak asmatu beharrean, gizarte egoera justuagoa lortzen saiatu. Baldintza zehatzak kontuan izanik, errealitate gordina aldatu.
Haurrak bizi direneko mundutxoan -dio Charles Dickensen pertsonaia batek- ez dago injustizia baino zorrotzago sentitzen den ezer. Mugiarazten gaituena ez da mundua erabat justua ez dela konturatzea, baizik eta gure inguruan konpondu nahi genituzkeen bidegabekeria nabarmenak badirela ohartzea. Justiziarik ezaren kontzientziarik izan ez balute, paristarrek ez zuten La Bastille erasoz hartuko, Gandhik ez zuen eguzkia sartzen ez zen inperioari aurre egingo eta Martin Luher King ez zen zurien nagusitasunaren aurka borrokatuko.
Sen versus Rawls, hortaz? Ez, derrigor. Izatekotan ere, Senek osatu egiten du Rawlsek proposatutako teoria. Rawlsen teoria ez da arazoei zuzen-zuzenean ekiteko eskuliburua, erabaki politikoetan eragiteko gidaliburua baizik. Erakundeen funtzionamendu zuzenerako irizpide orokorrak ematen ditu, ez erantzun konkretuak. Izan ere, zer egin behar den erabaki aurretik, zein printzipio eta balore sustatu nahi ditugun jakin behar dugu. Ekin aurretik, zer egin pentsatu.
Senek, aldiz, irizpide konparatiboak darabiltza: justizia ez da ideal normatibo bat, nozio pluralista baizik. Senen «Justiziaren ideiak» ez dakar aldaketa erradikalik. Zeharo mundu justurik ez dago. Justiziaren molde praktikoak hobetzea da kontua, posibilismo hutsean erori gabe. Eztabaida publikoaren bitartez, ongizatezko politika egokiak diseinatzean dago gakoa. «Erakunde guztiz justuak» bilatzen ditu Rawlsek, injustizia egoerak konpontzeko bide praktikoak Senek. Teoria idealak alde batetik, konponbide egingarriak bestetik.
Dena den, biek dute konfiantza osoa arrazoian eta eztabaida publikoan. Bai Senentzat eta bai Rawlsentzat, berebiziko garrantzia du arrazoibide publikoak. Demokrazia «eztabaida bidezko gobernua» da. Demokrazian ezinbestekoa da eztabaida irekia, iritzi informatua, deliberazio hausnartua.
Justiziaren ikuskera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu