Aurten bi Nobel Sari jausi dira PENeko kideen artean. Bata izan da Liu Xiaobo idazleari eman dioten Bakearen Nobel Saria. Eta bestea Literaturaren Nobel Saria, Mario Vargas Llosa idazleari emana.
Liu Xiaobo
Liu Xiaobo ez da oso ezaguna mendebaldekoentzat, baina idazleen eremuan, adierazpen askatasunaren arloan eta PEN familian aspaldidanik dugu bere ibileren berri. Xiaobo Independent China PEN Center-eko presidentea izan zen urtetan eta egun kartzelan dago 11 urteko zigorpean. Delitua? 2008ko abenduan, beste hirurehun intelektualekin batera, gutun irekia idatzi zion Txinako Gobernuari Herriaren Kongresu Nazionalak Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Ituna sina zezan. Berak hedatu zuen 08 Gutuna deiturikoa abenduaren 9an, eta hasierako hirurehun sinatzaileak 10.000 sinatzaile izatea lortu zuen, Txinan bertan eta erbestean zeuden hainbatek bultzatuta. 2008ko abenduan bertan atxilotu zuten, baina 2009ko apirilera arte ez zioten esan salaketa: «Zurrumurruak hedatzea eta gobernua difamatzea, eta estatua iraultzeko laguntzea, azken urteetan sistema sozialista bertan behera uzteko asmoz».
Delitu hori zigortzeko epaitu zuten, eta2009ko abenduan 11 urteko kartzelaldia ezarri zioten. Ordutik dago kartzelan, eta kartzelan jaso zuen Nobel Saria eman ziotelako albistea, emazteak harengana heltzea lortu zuenean.
Marian Botsford Fraser, PEN International-eko Writers in Prison Committee-ko (Idazle Kartzelaratuen aldeko Batzordea) buruak gogora ekarri du Xiaobok gutunean idatzi zuen esaldi bat: «Hitzak delitu gisa ikusteko ohitura geldiarazi behar dugu».
Fraserren hitzetan, hain sinplea den esaldi hori esateagatik eta herri txinatarraren demokrazian sinesteagatik bete beharko du Xiaobok 11 urteko espetxe zigorra.
Ez da hutsala kartzelan dagoen idazle bati Bakearen Nobel saria ematea. Batetik, agerian uzten duelako hitza baino erabili ez duen pertsonak nahikoa meritu duela bakearen ekintzailea izateko. Bestetik, hitza preso sartu nahi izana salatzen du sariak, eta ozen adierazten du adierazpenak askea izan behar duela, esatea librea dela, kritika osasungarria dela eta, aldi berean, arriskutsua.
John Ralston Saul PEN Internationaleko presidenteak esan duenez, «Bakearen Nobel Saria Liu Xiaobori emateak agerian utzi du mundu osoan adierazpen askatasunaren garrantzia, eta Xiaobo da balio horren adierazle ausarta».
Liu Xiaoboren kasua sutsu defendatu izan da PENen barruan eta PENetik kanpo, ahal izan den eremu guztietan izan ere, berak baino hobeto gutxik adierazten baitute zein den PENen filosofia, PENen helburua eta PENen afana.
Vargas Llosa
Mario Vargas Llosa PEN Internationaleko presidenteordea da, beste hainbat lagunekin elkarlanean. Orain Nobel saridunen zerrenda osatzera dator, Harold Pinter, J. M. Coetzee, Gunter Grass eta Nadine Gordimerrekin batera, denak ere PEN Internationaleko presidenteordeak. PEN familia poztu egin da bere kide eta presidenteordeari honelako saria emateagatik. Ideologikoki ez da bat etorri behar PENkide bakoitzarekin, komunitate bakarra sortzeko. Hain zuzen ere soka berekoa ez dena kidetzat hartzeak eta berorren inguruabarrak onartzeak handiagoa egiten du PEN proiektua, izan ere horixe baita eskuin-ezker hedatu nahi duen mezua: denok dugu lekua, inor ez dago soberan, eta nork bere ideiak defenda ditzake hurkoak errespetatuko dituelako esperoan, gustukoak izan ala ez.
Vargas Llosak esan berri duenez, «estatuen artean zatiketa handiak diren garaiotan, PEN da uneoro zubiak zabalik egon daitezen saiatzen den erakunde bakarrenetarikoa».
Teresa Toda
Teresa Toda Euskal PENeko Zuzendaritza batzordekidea da eta Liu Xiaobo baino juxtu urtebete lehenago atxilotu zuten, 2007ko abenduan. Aurten hiru urte beteko ditu kartzelan eta, inork aurkakoa lortu ezean, beste hiru urte gehiago emango ditu barruan, preso. Epaiketan ez zen frogatu Teresak deliturik egin zuenik. Kazetari eta enpresari talde osoa epaitu eta kartzelaratu zuten egunkariaren arduradunak izateagatik. Hitzaren profesionalei delitu terrorista egotzi zieten. Marian Botsford Fraserrekin batera guk ere aldarrikatu nahi dugu «hitzak delitu gisa ikusteko ohitura geldiarazi behar dugula», eta Teresaren errugabetasuna aldarrikatu.
Teresa Toda Brasilen jaio zen 1950ean eta diplomatikoaren familiakoa izanik, Ipar eta Hegoamerikan bizi izan zen, bai eta Ingalaterran ere, kazetaritza ikasketak burutzen hasi zen arte. Lehen unetik jardun izan zuen adierazpen askatasunaren aldeko mugimenduetan, eta talde antifrankistetan jarduteagatik kanporatu zuten unibertsitatetik. Madrilen eta Bartzelonako kazetaritzan eta sindikalgintzan hainbat urtetan jardun ondoren, Egin egunkariko korrespontsala izan zen Madrilen 1984 urtetik 1990era arte.
Josu Muguruzaren hilketaren lekukoa izan zen Madrilen, eta orduan etorri zen Euskal Herrira Egin egunkarira lan egitera, eta bertan euskaldundu zen. Egin-eko zuzendariordea izateagatik epaitu eta kartzelaratu zuten 18/98 deituriko makroepaiketan.
DOIW mundu osoan
Azaroaren 15ean urtero eta mundu osoan egiten da Idazle Espetxeratuaren aldeko Nazioarteko Eguna (DOIW, Day of the Imprisoned Writer). PENeko 146 taldeak plazara ateratzen dira ehun estatutan idazle presoen eta jazarrien aldeko aldarria egitera. Aurten 50 urte bete dira WIPC (Writers in Prison Committee) sortu zenetik eta urte osoan dozenaka ekitaldi burutu dira munduan zehar. 2010eko azaroaren 15ean PEN Internationalek bereziki gogoratu nahi ditu urte honetan erailak izan diren 41 idazle eta kazetariak, ahaztu gabe WIPC batzordeak 1000tik gora kasu dituela aztertuta munduko lurralde guztietan adierazpen askatasunaren urratzeagatik, horien artean aurtengo Bakearen Nobel Saria Liu Xiaoboren eta Teresa Todaren kasuak.
Eta Euskal PENek ere, azaroaren 15 honen harira, ozen, indarrez eta amorruz adierazi nahi du ez duela onartzen hitza delitu izatea, hitza kartzelaz zigortzea, edo hitza debekatua izatea. Are gutxiago bere burua demokratatzat duen estatu batean.
Kartzelak eta PEN
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu