Kataluniako herria, azkenean, mintzatu da 2006-2010eko legealdiaren gainean, eta argi eta garbi adierazi du arbuioa diola bigarren hirukoari. Jose Montillak esana zuen hauteskunde hauek «Kataluniaren historiako garrantzitsuenak» izango zirela, eta arrazoi zuen. Katalunia dagoen bidegurutzeak sendotu egiten zuen irudipen hori, eta, gainera, joera politiko askotako milaka katalanek berdin pentsatzen zuten. Eta emaitzek berretsi egin dute. Kataluniak arnasketa lagundua kendu dio bigarren hirukoari —halaxe iritsi baita hauteskundeetara, hila jaio ondotik—, eta gogor zigortu ditu herritar gehienen borondatearen gainetik hirukoa inposatu zutenak.
Bukatuak dira, beraz, lau urteok eta horiekin batera etorritakoa: umiliazio lotsagarriak, espainiartze onartezina eta mendekotasun erabatekoa. Ikusi egin beharko da katalanok gai garen gure autoestimu galdua berreskuratzeko. Arrunt penagarria da ikustea zigortutako indarrek orain arte nolako kemen falta izan duten porrota onartzeko, munduko krisi ekonomikoaren aitzakiarekin. Baina, beharbada, orain normala da harroputz gobernatu duena harroputz hiltzea, bere porrot izugarria onartu ezinik. Alderdi Sozialista Generalitatetik kanpo bota dute, hain zuzen ere, agerian geratu delako haren espainiartasuna —Madrilen, 25 diputatuk Kataluniaren eskubide nazionalen kontra bozkatu dute, PPrekin batean— eta boterea maite duelako, eta ez herria. Komunikabide publikoetako informazio zerbitzuak sekula baino hispanozentrikoagoak eta espainiartu zalegoak izan dira sozialisten gobernualdian —EAEn bezalaxe—, eta sekula ez da hainbeste urritu katalanaren erabilera eta kalitatea TV3n.
Esquerrari dagokionez, ez da harritzekoa hark hartu izana egurrik latzena. Denok dakigu Esquerrari zor zaizkiola gure oraintsuko historiako lau urterik txarrenak — «nik dut giltza», esaten zuen garai batean Josep-Lluis Carod-Rovirak, harro baino harroago—. Eta, Esquerraren etsairik handiena Esquerra dela esan baitzuen, arrazoi zuen Joan Ridao idazkari nagusiak azaroaren 28an gauean. Horra hor egia biribila. Baina mingarriena da hori guztia saihestu zitekeela, duintasun handiagoa eta harropuzkeria gutxiago izanez gero. Beste indar politiko batekin gobernua osatzeko, ez da nahikoa gizarte arloan zenbait gauzatan ados egotea; ezinbestekoa da, batez ere, herrialde eredu bera izatea. Eta Esquerraren herrialde ereduak eta Alderdi Sozialistarenak ez dute zerikusirik. Edo akaso bai? Esquerraren eredua Katalunia deitzen da —edo deitu beharko litzateke—, eta Alderdi Sozialistarena, berriz, Espainia. Eta, biak bateraezinak direnez gero Espainiak Kataluniarena eragozten duelako eta mendetasuna baino onartzen ez duelako, Esquerra-PSOE koalizioak porrot egin beharra zeukan, nahitaez. Badira formula batzuk estatu independente batean funtzionatu dezaketenak baina sekula ez, ordea, politika sozialik ezin egin duen herrialde batean, bere baliabideak kudeatu ezinik dagoelako eta Europan inoiz ikusi gabeko lapurreta egiten diotelako: urtean 22.000 milioi euro.
Nolanahi ere, ez dirudi alderdi horretan gauzak aldatzeko bidean direnik; ez, behintzat, kontuan hartzen badugu nolako hitz kezkagarri eta defentsiboak bota zituen Joan Ridaok TV3n, esanez ez dagoela arazorik, bizitzak aurrera segitzen duela eta gizartearen zigorrak ez diola eragiten «lidergoari» (!). Esquerraren beheraldia, hau da, 11 eserleku galtzea eta hirugarren indarra izan ondotik orain bosgarrena izatea futbol partida huts bat galtzearen pare izango balitz bezala, kirol munduko hitzetan esanda. Harropuzkeria handiegia, lehen esan dugun bezala. Eta, beharbada, hor dago koska. Bestela, 2006. urtean, zuzendaritza bizkorragoa eta ez hain sektarioa izan balu, Esquerrak oinarrizko printzipio batzuk planteatuko zituen, eta, inolako alderdik onartuko ez zituenez, oposizioan geratuko zen eta orain fruituak jasoko zituen. Fruitu horiek, ondorioz, traba jarriko zieten CIUk 2010ean izandako emaitza bikainei —lau eserleku falta izan zaizkio gehiengo osoa lortzeko—. Ez da hala gertatu, eta orain apalak izan eta gogoeta egiteko garaia heldu zaie Esquerrakoei; izan ere, Joan Puigcercosek aitortu duen bezala, «Esquerrak milaka katalanen konfiantza galdu du», eta zigor ikusgarria eman diote. Hutsak barka daitezke, baina harrokeria eta engainua ez. Espero izatekoa da, indar asanblearioa denez, oraindik bertan diren kritikoek katarsi moduko bat behartuko dutela eta, Joan Ridaok CiUri eskuzabaltasuna eskatu diola gogoan izanik, zuzendaritzari eskatuko diotela berak ere eskuzabal joka dezala alderdiarekin, porrot egin duela aitor dezala eta lekua utz diezaiela egiaz helburu nazionalak dituzten beste militante batzuei.
Ezin da ibili legealdi oso batean amore ematearen alde egiten eta eurixka eta autonomismo soziala predikatzen, eta, bat-batean, azken hamabost egunean, bestelako bide bat hartu eta independentziaz hizketan hasi. Herri galdeketak gizarte zibilak emandako erantzun bat izan ziren, halako pasibotasuna ikusita sortuak. Galde diezaiotela Arenys de Munteko galdeketa independentistaren bultzatzaileei ea nolako mespretxuz hartu zuen ideia Esquerrako zuzendaritzak. Gero, herri galdeketak Katalunia osoan zabaldu zirenean, Esquerrako zuzendaritzak haietaz baliatu nahi izan zuen. Horregatik ikusi ditugu kanpainan kartel batzuk, Joan Puigcercosen irudia eta testu hau dutenak: «Joan Puigcercosek, adoretsu, independentziarako erreferendum bat antolatuko du». Puigcercos, iragarpenak ikusi eta bere desesperazioan, saiatu da Alex Salmond katalana balitz bezala agertzen. Baina xehetasun bat ahaztu du, Juan Antonio Samaranch izenekoa. Izan ere, Puigcercosek eta Esquerrak egiten dutenaz bestera, Salmondek eta Eskoziako Alderdi Nazionalak ez dituzte ohore gorenez omentzen buruzagi faxistak, Eskoziako Gobernuaren egoitzan bertan. Eta are gutxiago, herrialdeko presidente eta alderdiko buru nagusiaren hilketaren erantzule izandako agintariak.
(Erredakzioan itzulia)
Idazlea eta kazetaria. Victor Alexandre
Katalunia eta bozetako zigorra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu