Hauteskunde bezperan, aukera jakin batekin lerratzen diren alkateek dokumentu bat plazaratzeak ez gaitu harritu. Xelebrekeria handiagoak makina bider ikusiak gara. Ondo dakigu bai, hauteskunde testuinguruan horrelako agerpenak ugaritu egiten direla, baina hizpide dugun kasu honetan azaldu zareten hamalauok benetan mindu egin gaituzue.
Noski, Kontserbazio Eremu Berezi (KEB) izendatzeko eztabaidagai dauzkagun dokumentuetan egongo direla aldatu, zuzendu, ezabatu beharreko hainbat atal eta esaldi; egokitu beharreko zenbait irizpide eta aholku; berritu, argitu edo indartu beharreko arau anitz… jakina ez direla Plan borobilak, horretarako irten dute informazio publikora, bakoitzak ikusten dizkion akats eta gabeziak aurkitu etaproposatzen dituen ekarpenekin jatorrizko zirriborroa hobetzeko. Helburua, azkenean, gizartean duten onarpen maila handitzea delarik.
Lan horretan aritu gara bada, azken hilabete hauetan zuen herri eta eskualdeetako hainbat herritar. Prozedura administratibo konplexu hauetan iaioegiak ez izan arren, ahalegin bat egitea merezi duelakoan; maila teknikoan sarri konplexuegiak diren kontzeptuak aztertu eta barneratu nahian. Esan behar dizuegu eztabaida horretan prozesuaren eragile edo bultzatzaile behar zenutenok ez zaituztegula ikusi. Eta azaldu zaretenean zertarako eta udalerriak omen dituen garapenerako egitasmo urbanistikoei enbarazu egiten dietelako etalur sail partikularretan jabeen / jabeon ekiteko ahalmena mugatu egiten dutelako planok bertan behera geratzeko eskatu duzue. Baina okerrena, zuzenketa puntualetatik haratago, KEB izendapenen kontra zabaldu duzuen mezua izenda. Hori al da duela sei urte eremu hauek izendatzeko hasi zen prozesuari egin ahal diozuen ekarpen bakarra?
Natura 2000 Sarea Europar Batasunean natur kontserbazioaren esparruan, habitataren eta biodibertsitatearen alde inoiz egin den egitasmorik serioena da. XXI. menderantz, etorkizunera begira gizakiaren eta bere ingurunearen arteko harreman berri bat, orekatuagoa, bultzatu nahi duena. Eta egia esan, gure artean halako ilusioa sortu du, agian, oraindik Europarekin gehiago identifikatzen garelako gure inguru hurbileko beste hainbat erakunderekin baino. Hainbestetan, prozedura luze eta dokumentu ugari eta astun ekoitzi dituzten horrenbeste planifikazio —ibai ertzetako PTSa, arau subsidiarioak…— azkenean zertan geratu diren ikusirik ulertuko diguzue gure herri honetan eratu dugun erakunde eta eskuduntza sare konplexu horretan fede handirik ez izatea. Onak izan zitezkeen egitasmoak horiek kudeatu behar izan dituztenen ikuspegi murritzagatik ia ezerezean geratu dira sarritan. Eta zuen egunotako agerpen publiko horrek berriz ere euskal txiringitoaren bertsio iluna ekarri digu gogora. Etorkizuna duten esparru tekniko, ekonomiko eta sozial guztietan berrikuntzaren aldeko apustu garbia dagoenean, eredu zaharkituaren defentsan irten duzue. Europatik datozen inbertsio eta dirutzak jasotzerakoan lehen mailako europarrak zaretenok, horrek dakarren konpromisoak betetzerakoan etorkizunean sinesten ez duen eszeptiko aprobetxategiaren tokia hartzen duzue. Jakin ezazue horrenbeste laguntza banatu duen Europako errape erraldoitik zurrupatzen jarraitzeko haren aginduak bete behar direla, eta betetzen diren heinean jarraituko duela hark bere onura zabaltzen.
Horrexegatik, hain zuzen, geratzen zaizkigun gure azkeneko eremu naturalak berreskuratzeko aukera paregabe hau ezin dugulako pasatzen utzi, publikoki KEB hauen izendapenaren beharra ozenki nahi dugu aldarrikatu eta gure ordezkari publikoak zaretenoi horien defentsan ikusi nahi zaituztegula eskatu, gutxitan ikus litekeelako, oraingoan baino garbiago, ondare eta interes publikoaren defentsaren beharra.
SINATZAILEAK: Haritzalde Natur Elkartea (Donostia), Herrio Natur Taldea (Orio), Arkamurka Natur Elkartea (Zarautz), Zumaiako Natur Taldea, Katamarrue Natur Taldea (Zestoa), ERKAXO Natur Taldea (Azpeitia), Deba-Mutriku Natur Taldea, Ekozain Natur Taldea (Markina), Okil Beltza Natur Taldea (Elgoibar), Mendia Bizirik Bergarako Natur Taldea, Itsas Enara Ornitologia Elkartea, Eguzki Talde Ekologista, Ekologistak Martxan , Jaizkibel Bizirik.
KEBak aurrera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu