Finantza sistemaren eginkizunak honakoa izan beharko luke: aurrezte prozesua eta inbertsioa eta kontsumoa uztartzea, eta epe motza eta luzearen arteko harremana garatuz; produkzio eta lana sortzen duen ekonomiarentzat kredituak bermatzeko, eta partikularren beharrizanak asetzen errazteko. Finantzen funtzio sozial honek zentzu handiagoa du arautze publiko baten logikan, inbertsio eta kontsumorako lehentasunak baldintza ekologiko, laboral eta sozialen harira jarriko badira.
Zoritxarrez, egungo bankaren -eta indarrean den eredu ekonomikoaren- errealitatea bestelakoa da, oso urrun dago bete beharko lukeen funtziotik. Beraz, aukerak emateko funtzioa bete beharrean, finantza sistema epe motzeko irabaziaren zerbitzura dago; desarautzea, pribatizazioa, merkantilizazioa eta ekonomiaren kontrol publiko eta sozial eza azkeneraino eraman dira. Hots, ekonomia ez produktiboari ematen zaio lehentasuna; erabateko malgutasuna duen kapital merkatu bati esker - egun soil batean merkatuok munduko ekonomia produktiboak urte batean sortzen duenhalako sei mugitzen dute-. Sistema honen ondorioz,mundu mailan hondamendia sortzen duten ahultasun egoerak garatu dira.
Historiarik gertuenekoena aztertu besterik ez dago etengabean zulo berean tupust egiten dugula ikusteko: 1990ean Japoniako burbuxa inmobiliariren ondoriozko Nikkei crack-a; Europar Moneta Sistemaren krisia 92an; Tequila efektua 94an; dragoi asiatikoen gainbehera 97an; Vodka efektua 98an; Samba efektua 99an; punto com delakoen jaitsiera; Enron eta Argentinako corralito-a 2001ean; eta, azkenik, zabor hipoteken crack-a 2007an eta ondorioz oraindik jasaten dugun krisia.
Merkatu espekulatiboen eta gobernu neoliberalen arteko interesen bat egiteak dupertsona eta herrien eskubideei eragiten dien krisi iraunkorraren ardura. Horrela, merkatuaren mundu mailako tamainak zein espekulazioaren garrantziak, gobernuen gaineko presioa sortu dute, eta azken hauek euren politikak merkatuen beharren arabera garatzen dituzte, herritarren beharrak alde batera utzirik.
Horren aurrean, beharrezkoa da bankak lana sortzea, inbertsio produktiboa eta kontsumo arduratsua sustatzeko ardura berreskura dezan. Horretarako, joera kapitalista eta neoliberaletik erabat aldendu beharrean gaude. Pertsonen eta herrien eskubideak bere jardueraren gune bihurtuko dituen eredu sozioekonomiko alternatiboa aldarrikatzen dugu. Hots, bankak bere burua arautzen ez duen eta ezarri zaizkion muga eskasek egoera iraultzen ez duen egungo eszenatokia irauli nahi dugu.
Beraz, kontrol sozial eta publiko tinkopean egongo den finantza sistema arautua nahi dugu, Banku Zentraletatik hasita eta asepsia eta autonomia moduko adar-jotzeak alde batera utzirik, lana eta ekologia moduko esparruetan gizarteak adierazitako helburuen zerbitzura egongo den banka.
Hala, Euskal Herriko finantza sektorearen erabateko nazionalizazioa aldarrikatzen dugu eta estrategia honen lehen pausotzat, euskal aurrezki kutxen -BBK, Kutxa, Vital, Caja Navarra- status publikoa mantentzea eta hobetzea nahi dugu. Hobetze honek bi irizpideren araberakoa izan beharko luke: bata, euren misioa arautuko duen barne araudi zehatza jartzea,irizpideak ekonomia eredu berri baten zerbitzura egoteko, non zainketa, kalitatezko lana sortze, klima aldaketaren aurkako borroka, energia sistema eraldatze, ekonomia zirkuitu laburrak sustatzea, sektore ahulenen kontsumoa ahalbidetzea eta justizia soziala helburu izango diren; bigarrenik, aipaturiko irizpideak beteko direla bermatuko duen kontrol soziala ezartzea.
Bide honetatik soilik aldatu ahalko dugu Aurrezki Kutxen marko soziala mahai gainean jarrarazi duen egungo egoera kaotikoa. Horrela besterik ez ditugu ekidingo espekulazio hutsa, interes tasa altuak, iruzurrak, zerga paradisuetan edo arma munduan eginiko inbertsioak eta abar. Hau lortuko bada, kontu emate sistema gardenak ezarri beharko dira eta pobrezia eta prekarietateari loturiko gizarte mugimenduen, ekologisten, sindikatuen edo alderdi politikoen kontrol soziala egon beharko da.
Helburua, beraz, Espainiako Erresumako Gobernuak Aurrezki Kutxen Lege berrian ezarritakoaren kontrako zentzuan joatea litzateke. Lege honekin Aurrezki Kutxak bankuen kopia zatarra bihurtzen dira, euren logika maltzurren parera jarri dira-eta -sortu berri den BBK Bank delakoa kasu-. Aurrezki kutxak banku bihurtzea, biderik onena da azken hauek lehiakideak bazter eta aurrezki kutxak irents ditzatzen. Aurrezki kutxak banka izate bidean jarrita, azken hauek, nahiz eta egungo mundu mailako krisiaren erantzule izan arren eta geure diruarekin erreskatatu behar izan diren, lehiakideak eliminatzeko bidea da, eta Vito Corleoneren antzera merkatuaren hatzez bere esanei men egiten ez dieten gobernuei mehatxu egiten dien banka pribatu, ahalguztidun eta deuzestatzailea sustatzen da, banka publikoaren ordez.
Une hauetan Euskal Herrian banka mota bakarra dugu irizpide hauen arabera jokatzen duena, FIARE alegia. Baina, irizpide hauetan sinisten dugunontzat adibidea eredugarri bada ere, geure lan politikoa lan hau arlo publikotik egitea eskatzea da, herritarren elkarlanetik eta elkartzetik sortu ez ezik, geure zergetatik eta erakundeen lanetik ere herritarren zerbitzura dagoen finantza sistema osa dadin.
Hori dela eta, ekonomia eredu sozialista aldarrikatzen dugu, funtzio soziala berreskuratuko duen banka publikoa, eta euskal aurrezki kutxen nazionalizazioa defendatzen dugu.
Krisiaren aurkako neurri ausartak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu