Aurrekoan, kartzelan zazpi urte daramatzan Lorentxa Beirieren epaiketara joan nintzen Parisera lekuko gisa. Historian aurrenekoz, Espainiak egindako salaketagatik epaitzen zuten Frantziako hiritar bat. Hainbestetan bezala, froga bakarra torturapean lortutako deklarazioa zen. Ondorioz, nire eta TATeko kide Aiert Larrarteren eginbeharra torturaren inguruan gure lekukotasuna ematea zen.
Parisera trenez abiatu ginen aurreko gauean Iparraldeko talde batekin; lagun leialak, abertzale zintzoak. Parisen, zain genituen beste lagunekin eta Lorentxaren ama Jeaninekin elkartu ginen. Egin beharrekoaren inguruko gure zalantzak, berak argitu zizkigun: «Helburua, noski, nire alaba libratzea da, eta hori lortuz gero, ez dago ni baino zoriontsuago izango denik. Baina helburua ere Frantzian tortura salatzea da. Horrekin konformatzen naiz». Epaitegira jo aurretik, kartzelan bederatzi urte daramatzan Lorentxaren mutil-lagunarekin, Aitzolekin, hitz egin ahal izan nuen telefonoz. Umore onenean zera esan zidan: «Gu? Gugatik ez kezkatu; gu hemen gaude, egonean. Zuena da benetako ardura». Egon, besterik ez. Mitxel Sarasketaren tiradera.
Hasieratik nik ordura arte ezagututakoen oso ezberdina izan zen epaiketa. Monsieur, madame... Ez zegoen espainiar justiziaren erdeinu izpirik Errepublikaren zerbitzariengan eta, baldin bazegoen, ederki ezkutatzen zuten. Oro zuzena. Gilles Perraulten 'Bi epaile frantziarrentzako eskutitza...' liburuarentzat berandu idatzitako hitzaurrea-n Mikel Albisuk esandakoa etorri zitzaidan gogora: «Frantziarrentzat politesse-a oso garrantzitsua da; gillotinan lepoa moztu aurretik ere borreroak egun ona opatuko zion kondenatuari». Egia biribila.
Gran Hermano-ko nominatuen antzeko gela batera eraman gintuzten, epaileek noiz deituko zain. Bertan, aldizkariekin batera, liburu bakarra zegoen: Camusen L'Etranger-en ale zahar eta higatu bat. Non geunden eta zer ginen ahaztu ez genezan. Idazkariak deklaratzeko ordua iritsi zitzaigula jakinarazi zigunean, beste sorpresa bat aurkitu nuen aurrez aurre: zazpi emakumek osatzen zuten tribunala. Gizonezkoon neurrira osatua dagoen mundu honetan, eszena, benetan, ikusgarria zen. Horra Errepublikaren handitasuna. Egalité-a, politesse-a.
Lekukotza ematen hasi eta, bat-batean, konturatu nintzen duela sei urte pairatutako torturei buruz epaitegi baten aurrean deklaratzen ari nintzela estreinakoz. Frantziako epaitegi batean. Kontatzen niena arretaz entzuten zutela iruditu zitzaidan. Hala zen. Esan zidatenez, jendarmeek berek harridura eta erruki hasperenak botatzen zituzten torturaren kontakizun gordina entzuterakoan. Neure begiez egiaztatu ahal izan nuen gauza bera gertatzen zela Aierten txandan. Eman zituen datuak ez zuten zalantzarako tarterik uzten. 5.000tik gora torturatu, 6 hildako, 31 epaiketa, 43 indultatu... Espainiar Konstituzio loriatsua onartu eta 30 urtera, Euskal Herrian torturak eguneroko ogia izaten jarraitzen du, eta hori ahalbidetzen duen sistema politiko, polizial, judizial eta mediatiko bat dago. Politesse-rik gabea.
Bazkariaren ostean sorpresa gehiago geneuzkan zain. Lehena, Zigor Goieaskoetxearen atxiloketa. Bigarrena, epaitegiaren atean kameraz grabatzen ari zitzaigun junkie itxurako polizia. Azkena, Lorentxaren bazkalorduaren kronika: belarri batetik besterainoko irribarre luzea zeukan jendarmeak, beste ziega bat libre egon arren, Lorentxa ziega kaxkarrenean sartu nahi izan zuen. Ikustekoak ziren tipoaren irribarrea eta edukazioa guri hitz egitean. La politesse.
Levert, Leloire eta Stollerrek daramatenaren antzeko domina bat zeraman fiskalak hitza hartu zuenean, ezin sinetsirik, gure tortura kasuak baieztatzen zituela ikusi genuen. La cena de los idiotas filmetik aterata zirudien gizoñoak Espainian torturatu egiten zela zioen. Ñabardura egin zuen, hala ere: Lorentxaren kontrako deklarazioak ez ziren torturapean lortutakoak. Behin eta berriz ekarri zituen ahora deklarazio horiek egin zituztenen izenak. Kartzelan egona nintzen haiekin. Gogora etorri zitzaidan haietako batek patioan kontatu ziguna: guardia zibil batek esku ubelduak lotzen zizkioten eskuburdinen gainean jartzen zitzaion lokarriak gehiago estutzearren. Goragalea. La nausée.
Espainian kartzelara eramango lukeen Yolanda Molina abokatuaren defentsa saioaren erdian alde egin behar izan genuen. Epaitegiko atetik ikusi nuen azkena agur esaten zigun Lorentxaren aurpegi beteko irribarrea izan zen. Miarritzera heldu ginenean epaiaren berri eman ziguten: zazpi urteko kartzela zigorra. Zigorrak pilatzeko sistema dela medio, zigor horregatik Lorentxak 32 urtez egon beharko du kartzelan. Egon, besterik ez. Tiraderan. Epaile batek «hunkitu gaituzue» esan omen zion. La politesse urkabean.
Etxera bidean, abailduta, Lorentxa, Aitzol, Eider, Aitor, Jeanine gogoan, Perraulten hitzekin akordatu nintzen: «Etsaiak zuek suntsitzeko erabiltzen duen temagatik, errepresioan erabiltzen dituen bitarteko gero eta indartsuagoengatik, haren setakeriak noizbehinka eskaintzen dituen lorpen ukaezinengatik, tristatu beharrean, etsaiak zein bideri jarraitzen dion begiratu behar diozue. Beste batzuek ere aurretik egina dute bide berbera, amaieran, garaipenaren ispiluan, garaituaren aurpegia ikusi dute». Berriro ere Perraultek arrazoi. Baina ez da samurra punching-ball-a izatea... Zorionez, garaipenaren ispiluan, Lorentxaren irribarrea dugu.
############
Miarritzera heldu ginenean epaiaren berri eman ziguten:zazpi urteko kartzela zigorra. Zigorrak pilatzeko sistema dela medio, zigor horregatik Lorentxak 32 urtez egon beharko du kartzelan. Egon, besterik ez. Tiraderan. Epaile batek «hunkitu gaituzue» esanomen zion
############
'La politesse'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu