Urriaren azken egunetan, Kataluniatik albiste txar bat etorri zitzaigun: Joan Solà hizkuntzalari bikainak utzi gaitu. Lan zientifiko oparo bat egina, Pompeu Fabraren eta Joan Corominesen bide arrastotik, Joan Solà beti agertu izan zen kezkatuta katalanaren erabilera sozialarekin. Berak ongi zekien katalanaren etorkizuna ez dagoela bakarrik loturik normalizazio juridikoarekin, baizik, batez ere, egiazko normalizazioarekin, hau da, bizitzaren alderdi guztietan erabili beharrarekin.
Gure herri honetatik maiz begiratzen diegu, mirespen ukitu batez, katalanaren bizitasunari eta hango kultura industrien sendotasunari. Joan Solà hizkuntzalariaren ikusmena, beraz, lagungarri dugu gure lanean, euskararen sustapenaren alde. Lagungarri dugu, Koldo Mitxelenak zioen moduan, euskarak izan dezan «bere tokia hizkuntza artean», gizartearen esparru guztietara hedatuta. Gure herriak herri artean bere tokia behar duen bezala, bere etorkizuna era aske batean erabakiz.
Hizkuntza baten irudia eta erabilera soziala indartzeko bide eraginkorrenetako bat da lidergo posizioan direnek erabiltzea, bai kulturan, bai kiroletan, bai zientzian, bai politikan edo ekonomian.
Gipuzkoako Foru Aldundia ekimen multzo handi bat ari da gauzatzen, agintaldi honetan, lidergoa indartzeko euskararen erabileran alde, gure gizartearen esparru guztietara hedatzeko eragile handi bat izan daitekeenez.
Ekimen horien artean nabarmendu nahi nuke Eralan2 proiektua, Soziolinguistika Klusterrarekin, Mondragon Unibertsitatearekin eta Kutxarekin batera sustatu duguna, beste entitate publiko eta pribatu batzuekin batera, erakundeetan hizkuntza lidergoa ikertu eta sendotzeko asmoz. Eralan2 proiektuaren xedea da lidergo posizioetan direnek euskaraz egitea eguneroko eginkizunetan. Eredu izatea erabiltzaile eta hiztun berrientzat, erakustea euskarak eskaintzen dizkigun ideia, sentipen eta aukera guztiak. Mondragon Unibertsitatean aurkeztu izan dira, orain egun gutxi, xede horren barruan zenbait enpresak eta erakundek egindako esperientzia praktikoak.
Kirolaren esparruan, Foru Aldundiak babes hitzarmen bat kudeatzen du Realarekin, euskararen sustapena egiteko. Hitzarmen horri esker, alde batetik, jokalarien elastikoan «Gipuzkoa euskararekin bat» esaldia ageri da, eta, bestetik, Reala bere jardueran guztietan euskararen erabilera bizkortzeko plan bat garatzen ari da.
Euskararen irudi ona eta erabilera soziala indartzeko, funtsezkoa da eliteko futbolarien lidergo eta komunikazio gaitasunaren ekarpena gure hizkuntzaren balio sozialaren aldekoa izatea.
Horrekin batera, herri erakundeek ahalegin irmo bat egin beharra daukagu herritarrei benetako aukerak eskaintzeko, euskara erabil dezaten administrazioarekin dituzten harremanetan. Horregatik, Aldundian plangintza zehatzak ari gara ezartzen, bai barruko bai kanpoko komunikazioan, euskararen erabilera ziurtatzeko. Konpromisoa, kalitatea eta berezkotasuna dira gure lanaren oinarri. Gainera, gure ahalegina lankidetzaren bitartez partekatu egin nahi dugu gainerako herri erakundeekin, eta euskararen normalizazioaren aldeko lanetan saiatzen diren gizarte eragile guztiekin.
Azken egun hauetan, Aldundiaren lanak aitorpen zehatzak izan ditu, hizkuntza kudeaketaren esparruan Bikain ziurtagiri bi gehiago jaso baititu. Zehazki, Ogasun eta Finantza Departamentuko ErakundeekikoKonpromisoen eta Udalentzako Laguntzaren Zerbitzuak goi mailako Bikain ziurtagiriaeskuratu du, eta Haur eta Gazteen Zuzendaritzak, berriz, erdi mailakoa. Aurrez, 2008anAldundia izan zen Bikainziurtagiri bat eskuratu zuen herri erakunde bakarra, Kirol Zuzendaritzak egindako lanari esker.
Enpresen esparruan ere, euskara nahitaezko eragile bat da lehiakortasuna eta kalitatea hobetzeko. Nortasuna eta hizkuntza funtsezko balioak dira kontsumitzaileekiko lotura estuak sortzeko, eta lehiakideengandik bereizteko.
Zorionez, euskararen balioa gizarte osoak, enpresek eta herri erakundeek partekatzen dute gaur egun. Euskararen aldeko atxikimendu zabal batek aukera eman digu, azken hamarkada hauetan, euskararen normalizazio bidean urrats sendoak aurrera egiteko, eragozpenak eta ezinak gaindituta. Hala ere, bide luzea dugu gure aurrean, euskarak bizitza osoa izan dezan gure eguneroko zereginetan, kalean, lantokian edo lagunartean.
Bernardo Atxagaren esaldi bat erabiliz, euskararen alde gauza asko egiteko prest gaude. Gure esku dago garrantzitsuena: hitz egitea.
Gipuzkoako Kultura diputatua. Maria Jesus Aranburu
Lidergoa euskararen erabileran
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu