Lokarri lokartu zenekoa

Pako Aristi
2011ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Paul Riosek, Lokarriko koordinatzaileak, langabeziara joateko arriskuan dela adierazi du elkarrizketa batean, ETAk, itxuraz behintzat, bere ibilbidea bukatzeko hartu duen erabakiaren ondorioz: «Ni, eta Lokarrin gabiltzanok, langabeziara joanda zoriontsu liratekeen pertsona apurrenetakoak gara». Umore ukuituaren ondoren, ordea, gauza tristeagoak esan ditu: «[Jendea] Mobilizatzeko ahalmena galdu dugu politikoek gure planteamenduak bereganatu dituztelako (…). Hau ongi bukatzen bada ez litzateke gainbehera, zoriontasun erabatekoa baizik. Amaitu da historia».

Munstroa hil da, Lokarri lotara berriro. Bi aldiz aipatzen du «zoriontasuna», baina niri bihotzean halako etsipen urduri bat utzi dit bere analisiak. Badakit Lokarri ETAren auziari irtenbidea emateko sortu zela, «biolentzia politikoa» deitu izan den horri. Baina urteotan onespen eta legitimitate handia lortu ditu taldeak, eta pena ematen dit, orain politikaren biolentzia salatzeko tresna bihur zitekeelako. Pena ematen dit, Espainiaren estrategian erori delako erresistentzia kritikorik agertu gabe.

Sinestarazi digute ETA zela hemen biolentzia sortzaile bakarra, ETA desagertuta bakea zer den ezagutuko genuela. Urte askotako bonbardaketa mediatikoa izan da, gezur errepikatua, gure baitan egia bilakatua geratu den arte. Gogora dakarkit Las bicicletas son para el verano filmean esaten zutena amaitu berria zen Gerra zibilaz. «Orain bakea etorriko da?», galdetzen zion umeak aitari, eta honek, triste: «Bakea ez, seme, garaipena! Garaipena!».

Oso engainatuta gaude. Berriki polizia iturriek adierazi dute ETAk oraindik 50 edo 100 kide inguru dauzkala, justu Carme Chacon Defentsa ministroak Espainiako ejerzitoari buruzko artikulu bat idatzi duen astean. Espainiak 130.000 soldadu profesional dauzkala esan du, eta datu lazgarri bat eman du, niri ikara benetakoa sortzen didana: hirutik bi hiritarrentzat Indar Armatuak funtsezkoak eta ezinbestekoak dira Espainiaren nazioarteko prestigioa bermatzeko. Nondik sortu da nazio baten prestigioa pertsonak hiltzeko gaitasunean dagoela?

Gerrarako deia, gerraren onespena, biolentzia nazioartean prestigioa lortzeko tresna. Chaconek aipaturiko inkestaren neurrira agertu da Espainiako Kongresua ere: Libiako bonbardaketak kontrako hiru boto bakarrik izan ditu. Laster egunkariak gerraren alabantzaz bete zaizkigu, eta emankor erakutsi digute Espainiako armamentuaren berri, detaile guztiz: «Tramontana» deitzen den urpekontzia, 28 milioi euro balio dituena, F-18 «Hornet» deituriko hegazkina, AIM-7, AIM-9 eta MK82 bonbak jaurti ditzakeena, «Mendez Nuñez» fragata, 600 milioi balio dituena, torpedo jaurtikari bikoitzekin, misil-jaurtitzaile bertikalduna… Umetan oparitzen zizkiguten plastikozko soldadutxuekin, ejerzito desberdinen kromoekin jolasean bezala sentitu naiz. Xaloa ni: inon ez baita esaten tresna garesti horiek jendea hiltzeko tresnak direnik, nazioak suntsitzeko munstroak.

Biolentziaren legitimazio periodistikoa ere egunerokoa bihurtu da hedabide gehienetan. Espainiako albistegietan etengabe ematen dituzte Guardia Zibilari, Polizia Nazionalari edo Ejerzitoari buruzko erreportai adeitsuak, haien borondate ona, nekeak eta arriskuak deskribatuz. Antena 3-n galdetu zuten: «Ados zaude Libian parte hartze armatu batekin?». Erantzuna: %72a bai, %26a ez. T5-n esan zuten: «Espainiako trantsizioa eredugarria izan zen, Tunezekoa izan den bezala». Tunezen ofizialki 400 pertsona hil dituzte. Eredugarria al da 400 pertsonen erailketa?

Agian Joseph Stalinek esandakoa dute gogoan: «Hildako bat tragedia bat da; milioi bat hildako estadistika soila». Berdin dio ehundaka, milaka ala milioka; multzoa da garrantzitsua, multzoa da biolentzia ikusezin bihurtzeko lehen baldintza. Hildako bakar batek odolez zipristintzen ditu egunkariak eta pantailak; banaka hildakoak albiste beroak dira, ezin aproposagoak gure sentimenduak manipulatzeko. Potroiloan hildakoak estatistikaren dorrean kokatzen dira, anonimo, zertzeladarik gabe.

XX. mendeko gerra guztietan 200 milioi pertsona hil ziren, baina zifra ez zaigu aski biolentzia horren aurkako iritzi masibo bat sortzeko. ETAk utzi dituen hildako apurrak, bakanak aski izan dira biolentzia horren aurkako iritzi masiboa ernetzeko eta milaka euskal hiritar atxilotzeko. ETAk 900 pertsona inguru hil dituen epean estatuak 31.000 euskaldun pasa atxilotu ditu. 35 atxilotu hildako bakoitzeko, normaltasun osoz onartuak Espainian eta Europa osoan, atxilotuen herrietan salbu, noski. Hori da lana ondo egitea. Munduan, 9 nazioen artean 22.400 buru nuklear dauzkate, baina ETAk dauzkan 20 pistolek aisa kendu diote protagonismo mediatikoa munstrokeria horri.

Eta guk sinestu egin dugu ETA dela biolentziaren sorburu, eta bera gabe «Bakea», horrela, hizki larritan, ezagutuko dugula. Madrileko 11-Mko atentatuen urteurrenean, izenik oroitzen ez diodan ikerlari batek aipatu du 400 polizia sekreta zeudela ETAren peskizan aurreko asteetan, eta bost bakarrik islamisten atzetik. Portzentaia horretan. Zenbat atxilotu probokatu zituzten 198 hildako haiek?

Biolentzia-sortzaile nagusi garela sinestuz, galdu egin dugu eztabaida politikoaren gunea ere. Berriki El Paiseko elkarrizketa batean, Carlos Garaikoetxeak 18 aldiz aipatzen zuen ETA. Independentzia 0. Gure politiko independentistek ez dute independentzia aipatu ere egiten.

Munstroa ez da hil, esnatu beharra daukagu: independentzia galerazten digun ajentea Espainiako estatua da, eta bizi-bizirik dago, indartsu, belarrietaraino armatua, eta biztanleak biolentziaren beharraz konbentzituta dauzka. Hau al zen bakea? Hau al zen zoriona?
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.