Alberto Gartzia Garmendia. Kazetaria.
Nafarroaren irribarrearen distira
Nafarroa, euskaldunon jatorria, indarrez lapurtutako erresuma, gaurko aldarrikapena...Askotan idatzi eta hitz egin ohi dugu Nafarroaz gure iragan eta etorkizun politikoaz ari garenean. Ziur aski, ia denok izango dugu zerbait Nafarroarekin lotzen gaituena, bere izena entzutean sentimendu ezberdinak eragiten dizkiguna.
Gure kasuan ere horrela da. Badago zerbait, era berezi batean, Nafarroarekin lotzen gaituena; kasualitate hutsez ezagutu genuena, baina, zalantza barik sentimendu politenak eragiten dizkiguna; zeu zara, Jone!
Orain dela urte batzuk ikasketen aitzakiarekin zure Nafarroa utzi eta Bizkaia aldera hurbildu zinen, nora eta Algortara! Berehala ezagutu genuen aurpegian beti daramazun irribarrearen distira, hainbeste momentu latzetan erakutsi duzuna. Guregana hurbildu zinenean nekez imajina genezakeen gure artean sortzear zegoen laguntasuna eta maitasuna. Behin baino gehiagotan esan dizugu arraro xamar egin zitzaigula zu bezalako neska bat hain ezatseginak garenongana hurbiltzea, baina hala izan zen. Orduan, urte hauetan zehar emango zenizkigun hainbeste irakaspenetatik lehenengoa eman zenigun: zintzotasunez jokatzearena, alegia.
Eta zintzotasuna izan da, hain zuzen ere, egun berezi honetan hau idaztera bultzatu gaituena.
Zure irribarrearen distira ikusi ezin dugunean, are gehiago etortzen zaigu gogora. Zure irakaspenak eman ezin dizkiguzunean, are gehiago gogoratzen ditugu emandakoak.
Zure ezinegona, zure gozotasuna, zure zuzentasuna... gaur inoiz baino presenteago daude gurean.
Zure ardoarekiko adikzioa, zure estatistikarekiko arazoak, zure azterketa penkatuak eta zure «irailean gaindituko dut» ere ezin ditugu ahaztu gaurko honetan.
Oso zaila da, baina, hain hitz gutxirekin sentimenduen azalpena egitea, batzuek esaten duten bezala; maite duzun pertsona batek badaki maite duzula, esan beharrik gabe.
Ba, esandakoa, ez dizugu zenbat maite zaitugun esango dagoeneko jakin beharko zenukeelako; hori bai, zalantzarik izatekotan jakizu zauden lekuan zaudela beti gaituzula zurekin.
Algortako zure lagunak.
Mikel Saratxo. Algortako lagunen izenean(Getxo).
'Estrellas que alcanzar'
Zinemara alabarekin. Igandeko plan polita. Gure arestiko Historiaren zati lazgarri bati buruzko informazioa modu erraz batean jaso zezan. Aspaldiko partez euskaraz film batez gozatzeko. Bada, ez! Errenteriako Niessen-en behintzat ez. Hiru emanaldi eta hirurak espainol hutsez.Antzeko egoeratan erabiltzen dudan «ohiko aitzakien kutxan» miatzen hasi nintzen nire alabaren galderari erantzun sasi-egokia emateko: «Zergatik ez dago euskaraz ikusteko aukera?». Ezinezkoa egin zitzaidan gutxieneko logika punturen bat izango zuen erantzuna aurkitzea.
Aktoreak, zuzendaria, ekoizleak eta abarrak euskaldunak dira, jatorrizko bertsioa euskaraz da, eta ETBren babesa ere baduela uste dut. Baina hala ere, espainolez. Zergatik?
Niri argi gelditzen zaidana da arlo gehienetan ez dela koofizialtasunaren legea betetzen eta urratzen dutenei ez zaiela inongo erantzukizunik eskatzen, ez instituzio ez gizarte mailan. Elebidunak garenez, urraketa horiei ez diegula daukaten garrantzia aitortzen. Alabari argi gelditzen zaiona da: alde batetik prestigiozko hizkuntza bat dagoela (espainola) eta bestetik euskara gizarte-harremanetarako eta batez ere aisialdirako hutsaren hurrengoa dela.
Filmeko protagonista bezala, leku hotz, ospel eta ilun batean gauzkate, eta ez gara gai hortik aterako zaigun mugimendu sendorik egiteko. Espero dut gure hizkuntzak berak bezalako amaiera ez izatea.
Ane E. Lopez de Alda. Pasaia.