Minez eta isilik, negarrik gabe sortu nintzen mundura, eta geroztik iluntasunerako joera izan duen bitxilore bat gehiago izan naiz lurrean, ainara beltz bat zeruan. Sufrituz eta nekez erditu nintzen amaz, eta bizirik atera nintzen erdibitze hartatik. Geroztik, poetisa hau egiten eta osatzen joan da, bere bakardadean eta aspaldian bere poeta gogokoenaren, Xabier Leteren, esaldia buruan: «Ai poeta poeta, gogorra izanen duk hiretzat askatasunaren eguna!». Eta joan zaigu neguaren atarian hegan libre Xabier Lete, eskuak izozturik utziz. Zeruan irudikatzen dut kantari, ilargi berriko gau ilun honetan irribarretsu Lurdes Iriondo ikusi duenean, eta abegitsu hartu dute bertso zaharrak kantatuz Julen Lekuonak eta Mikel Laboak. Geroztik izar poetikoek argitzen dute ilargi berriko gau iluna. Bereziki zoriontsu egiten dit keinu ilargi batek. Ez dok Amairu, ez dok malefizio eta euskal(kanta)gintza aitzina doa beti! Maiteminez eta eskuak hotz oraindik, nire olerki-liburua egotea nahi nuen aurtengo Durangoko Azokan, eta horretarako Susara, Alberdaniara eta Pamielara igorri nituen nire olerki-bilduma desberdinak. Amesten nuen Xabier Leterekin begietara begiratuz solasalditxo poetiko bat edukitzea, gure poema-liburuez mintzatzeko, amesten bainuen hark nire olerkiak irakurri izana. Dirudienez, ametsak ez betetzeko sortuak dira, ametsen mundukoak baitira eta ez mundu honetakoak.
Baina sinesten dut Olentzerorengan. Aurten emango al dit iaz eskatu niona?
Ainara Maia. Txekia.
Non hago, Oiartzungo olerkaria?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu